Azken zutabea idatzi nuenetik gertakari asko eman da gure Herrian. Bizirik gaudenez, etengabeko bilakaeran murgildurik gabiltza. Horregatik, eguneroko bizitzan ere gai eta gorabehera desberdinak sortzen dira. Azken aldi honetan atentzio gehien eman didaten gaiak aipatzerakoan hauexek aipatuko nituzke: Bravo irundarra eta Gipuzkoako Ogasuneko buru zenean lapurtutako dirutza. Gainera, epaia saihestu nahi zuen. Horrelakorik krisi gorrian gauden honetan!
Sor Maria ere eguneroko izenburuetan dator eta ez, Ama Birjina azaldu zaiolako, lapurtutako haurren auzian akusaziopean dagoelako, eta epailearen aurrean, Urdangarin bailitzan, aitortu nahi ez! Munilak ere aukera galdu du biktima guztiak bildu eta elkarri begiratuz bakea emateko. Biktima batzuk barruan, beste batzuk, ordea, kanpoan. Lastima!!! Eta elizarekin topo egin dugunez, krisia pairatzen dugunontzat berri ona, alegia, Alderdi sozialistak Batzar Nagusietan elizaren abantaila fiskalak zehaztu beharra dagoela galde egin baitu, eta ondorioz, neurriak hartu behar direla. Bilduk galdera jaso du. Nire ustez, bide onetik doaz ondasunak sozializatu behar baitira. Eta seguruenik zerrenda honi norberak erantsi dakioke besteren bat.
Baina, nik azken zutabean, eta bakearen inguruan, horrelako itxaropen argia utzi nuen pizturik; hain zuzen, Legebiltzarrean sortzear zegoen bake ponentziari nengokion, Aralarko Aintzane Ezenarrok proposatutakoari. Eta hortik sortu zait gaurko zutabearen izenburua; ea emakumearen sentsibilitatea zerbait lortzeko gai izango ote den. Baina, alderdiak, Aralarrek alegia, eta gizonezkoak buru direlarik, ez dute begi onez ikusi emakume honen atrebentzia eta ausardia, eta hor sortu da ekaitza. Buruzagiek, gizonezkoek, noski, esan dute beraiek aukeratu dutela kanpoan geratzea, eta, dirudienez, beraiek ez dira alderdiaren bileretara joan eta, orain berme batzordearen erabakiaren zain daude. Azken notizien arabera, badirudi berme batzordeak alderditik kanpo utzi dituela.
Helegitea jarriko dute baina, hor ikusten ditut beren lanean talde propioa osatuz. Nik, zortea opa diet. Alderdien egiturak bere interesak norberaren etika eta kontzientziaren gainetik jartzen ditu eta, hor dago koska; egitura hori eztabaidagai litzateke, are gehiago gaur alderdi politikoen jokabidea zalantzan dagoen momentu honetan. Azkenean, EAko eta UpyDko ordezkariak ez ezik, beste denak, PP barne, ponentzia onartu zuten eta badirudi martxan jartzekotan direla. Zer gertatuko den ez dakigu, baina, nire irudiko, Aintzanek eta beste bi parlamentariek uste zutena egin dute, eta horrez gain, Batasunak aukera izanen du modu batera ala bestera ponentzian parte hartzeko. Lokarrik ere ongi ikusi du ponentzia martxan jartzea, ezin baikara maximalismoen arabera mugitu eta batzuek nahi duten konpasean ibili.
Dena den, dirudienez, Aralarreko gorabeherak atzetik datoz. Nafarroan Aralarrek Bildurekin joatea erabaki zuenean, Nafarroa Bairen barnean asko izan ziren horren kontra agertu zirenak Aralarkoak barne; eta goi postuko norbaitek ere dimisioa aurkeztu zuen. Nafarroan bakarrik ez, ordea; euskal erkidegoan ere bai, eta ordutik dator seguruenik hiru parlamentarioen desadostasuna.
Otsailaren 5ean, Aintzane Ezenarrori Diario Vasco egunkarian elkarrizketa mamitsu eta interesgarria egin zioten, eta parlamentariak garbi hitz egin zuen honen inguruan. Elkarrizketa horren zenbait zati hartzera ausartu naiz:
Nola irudikatzen duzu Euskadi berria? Nola iritsi bakean bizitzera? “Urte batzuk beharko ditu prozesu luze honek. Jakina, biktimen eta sortutako nahigabearen errekonozimenduari buruz ari garenean, bada gure gizartean populazio zati bat, Nazio Askapenaren Mugimendua deitu ohi dena, ibilbide luzea egin behar duena eta oraindik egiteke daukana, eta Aieteko adierazpenean bukatu ez dena. Ezker Abertzaleak onartu behar du ez direla soilik biktimak egon, bere erantzukizuna ere hor dagoela: esan nahi baita bere isiltasuna”. Eta jarraian egon den kultura salatzen du: mehatxuak, pintaketak etab. Ez dakit berari egin dizkioten, baina esaldi horrekin zerbait esan nahi du.
Azken aldi honetan ez zaitugu eguneroko politikan ikusi. “Azaroaren 20ko hauteskundeetan Aralarrek gehiengoz koalizioan joatea erabaki zuen, Ezker Abertzalea barne, ni ez nintzen ados egon baina erabakia onartu, eta, agian, horregatik egon naiz isilik”.
Nik uste, bi esaldi horiek garbi adierazten dutela oraingo krisiaren jatorria.
Dena den,”Bakea emakume bilakatu zen” izenburua testigantza dela esango dit norbaitek. Seguru, ezen bake bide honek ez baitu amaierarik oraingoz behintzat. Baina dena den, emakumezkoaren ekarpena hor geratuko da.