Honezkero irakurleren batek esan du aspaldi honetan bake gaiari ez ote natzaion gehiegi lotzen. Baina hainbeste ikuspegi eta ñabardura ditu ezen askorako ematen duen gaia baita. Bestetik, gaur Euskal Herrian bizi dugun gai nagusienetako bat da beste askoren artean, hala nola, ekonomia; baina askotan esan dut gure bizitzak testuinguru asko dituela eta denek dutela garrantzia. Jaio, bizi eta hil ere egiten baikara. Horrez gain, egunero ditugu bakearen inguruko gaiak, iritziak, proklamak, etab... Elkarbizitzak ere garrantzia du hiri eta herrietan, eta elkarbizitza horrek etengabeko aldaketak eskatzen ditu, balioetan, errespetuan, egokitzapenean, hitz batean. Kultura berri bat eraiki behar da etengabe. Azken aste eta egunotan bakegintza puzzlean piezak ugarituz joan dira eta, ahal dudan neurrian, puzzle pieza horiek txukuntzen saiatuko naiz, nire iritzia barne.
Deklarazio solemnea.
Ezker Abertzalea, Kursaal.
Deklarazio solemneak, esan nahi baita, jendez gainezka dagoen eskenatoki eta zabalean egiten direnak, itxurakeria asko izaten dute, eta, edukiei dagokienez, askotan, sinesgarritasun gutxitxo. Txalo ugari, izen potolo asko, esaldi dotore ugari, komunikabide eta argi anitz;izarrak ere, Oskar sariketa bailitzan zeresanik ez, eta horrelakoxeak izaten dira normalean deklarazio solemneak. Honekin ez dut esan nahi Kursaalekoak elementu horiek denak zituenik. Edukiei dagokionez, eta hori da, agian garrantzitsuena inoiz entzun ez direnak entzun ahal izan ziren: ”atsekabe sakona” ETAren hilketengatik eta”intsensibilitatea” terrorismoaren biktimekiko. Baina aurrerapauso bat izan zela aitortu behar da. Bazen, halere, ulertzen ez nuen esaldi edo hitz bat: gure jarrerak berezko sufrimenduari plus bat eman ziezaiokeela baina”intentziorik gabekoa”zela. Ez dut uste jarrera horiek inkontzienteki sortzen direnik. Ekitaldi honen ondorengo gainontzekoen erreakzioak espero zitezkeenak: urrats bat izan da; bide horretatik jarraitu behar dute, baina agintarian dagoen PPk, aspaldi esan nuen bezala, ETA desegin artean berean jarraituko du. Dena den, bere balioa eman behar zaiola uste dut.
ETA banintz desegingo nintzateke (Iñaki Antiguedad)
Esaldi honek ez zuen oihartzun zabalik izan, baina, Iñaki zertxobait ezagutzen dut eta gizon argia da. Jakina, esaldi hori bere testuinguruan jaso behar da eta horren aurretik edo atzetik beste batzuk ere esan ditu, jakina; baina esaldi hori niretzat esanguratsua da, esaldi horrekin bat egiten baitut.
Erresistentzia zenbaitetan egokia da eta ondorio onak ekar ditzake; baina, nire irudiko, indar erlazioa kontuan hartu behar da. Esparru pertsonalean ere, gure barnean alegia, askotan erresistentzia ugari izaten ditugu honekin edo harekin, edo familiartekoekin hitz egin eta gauzak konpontzeko. Normala denez, amore ematea kosta egiten zaigu eta mila aitzakia aurkitzen dugu gurean jarraitzeko. Baina, erresistentzia hori gainditzen dugunean, beste lasaitasun bat hartzen dugu.
Honako hau ere askotan esan dut, batik bat, itxaropen faltsuak sortarazten direnean, esan nahi baita, PPkoek beste jarrera bat hartuko dutela etab. Nik gero eta garbiago ikusten dut PPk berean jarraituko duela ETA ezpada desegiten; eta presoei dagokienez ez duela aurrerapausorik emanen hori gertatzen ez den bitartean, baldin eta erabaki pertsonalak ematen ez diren bitartean, alegia.
Bestalde, ulertzen dut, presoen talde gisa jokatzeko joera hori, beste egoera batean, baina zazpi urte diktadurapean kartzelan emanak baititut. Barruan, bakardade handia dago, beldurrez inguraturik zaude eta zerbaiti eutsi behar diozu, eta erakundeak esaten duenari askotan gogoz kontra baiezkoa eman behar izaten diozu, taldearen babesa beharrezkoa zaizu eta. Horregatik, besterik litzateke presoek askatasunez jokatuko balute. Felipe Gonzalezek ere esan du telebistan bera presidentea balitz presoak hurbildu egingo lituzkeela. Iritzi bat gehiago, baina interesgarria. Otegik kanpoan egon behar lukeela ere esan du. Bi perla!!, zalantzarik gabe.
Itxaropen argiak (Parlamentuko ponentzia edo txostena)
Agian, hurrengo zutabea idazten dudanerako, argi horiek itzalita egonen dira ez baitira bete; ilusio bat, espejismo bat izan baitira, baina tira, ongi dago itxaropena ere bizitzea, sentimendu noblea baita.
Kontua da, Madrilgo adierazpena, eta euskal gobernuaren zenbait ekimen ondoren, Aralarren eskutik hil honen 30ean ponentzia bat sortuko ote den ETAren bukaerari buruz eztabaidatzeko. Miraritzat hartuko nuke parlamentuko indar guztiek bat egingo balute, baina ezinezkoa izanen da. Badirudi Aralarren barruan urak ez doazela garbi eta lasai; Aintzane Ezenarro gustukoa dut, baina aparatua paratua da eta hor ez dut hain gustuko. Bestalde, Ezker Abertzaleak, nahiz eta parlamentuan Amaiurrekin bat egon, ez duela onartuko beraiek ez badaude baldintza berdinetan. Berriro erresistentziak, berriro maximalismoak, hutsean geratuko ote da dena?
Dena den, eta hauxe litzateke ondorio nagusia, denak, salbuespenik gabe, boterearen atzetik doazela. Denak Ajuria Enearako bidea prestatzen. Hori tristeena!