1976, martxoak 3: In memoriam

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2012ko mar. 12a, 09:53

ETAk behin-betiko jarduera armatua uzten zuela adierazi zuenetik, hainbat hitz azaleratu dira gure Herrian, hala nola: bakea, bizikidetza, berradiskidetzea, MEMORIA, errekonozimendua, kontaketa etab. Honen ondorioz, erakundeetan, politikoen artean, komunikabideetan eta hainbat gunetan hitz horien esanahiaren inguruan eztabaida ugari sortu da. Herri xeheak, aldiz, jakin, badaki, eztabaida horietako asko antzuak direla eta sentimenduetatik abiatuz errazagoa dela hitz horien esanahia eguneroko bizitzan txertatzea eta bizitzea. Zenbait elkartek ere lehengo jarduera gaurkoratu dute eta hasi dira hitz edo kontzeptu horien esanahia bideratzen ikastaro eta hitzaldi bitartez... Zenbait Udal ere, bakar batzuk oraindik, herritar guztien ordezkari direnez, urrats batzuk ematen hasiak dira herri gisa bizikidetza, bakea, memoria, bakea…, bideratzen.
 
Gaurko zutabe honetan, hainbat memoria, sufrimendu eta gertatutakoaren kontaketak ugariak direla kontuan izanik, egunero ematen ari diren memorietako bat aipatu nahi nuke, ni, neu, testigu izan bainintzen eta orduko sufrimendua gaur naizenetik, memoriara ekarri nahi nuke. MEMORIA, gainera, ez da hor zerbait abstraktua; MEMORIAk izenak ditu, giza sufrimenduak ditu eta horiek denak osatuko dute Izki handiko MEMORIA hori. Aurrera egin aurretik, beste apuntetxo bat: nire irudiko, nirea, noski, eztabaida edo lehen aipatu hitz horien inguruan sortu eta sortzen ari denari, oso razionala, burutik egiten den zerbait deritzot; eta, hori garrantzitsua izanik, sentimenduek leku garrantzitsua dutela uste dut. Ezer gutxi lortuko da, hitzaldi eta eztabaidekin, baldin eta sentimenduak jorratzen ez badira eta sentimendu horiek eguneroko bizitzan gauzatzen ez badira. 
 
Izenburura itzuliz, duela 46 urte gertatutakoa aipatu nahi dut. 1976ko martxoak 3a zen. Gasteizen langileek beraien eskubideen aldeko greba aurrera zeramatenean eta Katedralean eginiko asanblada ondoren, poliziek gogor ekin zioten eta bost langile hilik eta hainbat eta hainbat zauritu gertatu ziren. Eta errepresio krudel eta basati honi ere MEMORIA zor zaio eta ezin da ahantzi ezertxo ere gertatu ez balitz bezala. Nik, kartzelatik atera berria, eta orduko Amnistiaren Aldeko Gestoretan lanean nenbilelarik, hurbiletik bizi izan nuen krudelkeria hura eta familiaren eta gizartearen sufrimendua ere, nirearekin batera, bizi izan nuen. 
Gertakari gogor honen erantzule edo arduradunak badu izen bat eta Justizia eta Egiaren izenean esan beharra dago: Manuel Fraga Iribarne, oraintsu zendua, izan zen errepresioa zuzendu zuen ministroa. Berak esan zuen: “Kalea nirea da”eta Etikaren arau guztiak hankapetik pasa zituen. Niretzat, gertaera haiek gogoratuz, tristea izan da zendu ondoren egin zaizkion omenaldiak ikustea. Estatuko gizon ospetsu gisa omendu dute eta lurperatu. PPkoek ez dute eskrupulurik izan, gertatutakoa ahaztu, eta gizon horri ohore guztiak eskaintzeko. Historiaren ironiak! Hildako langile haien familiartekoek eskubide osoa dute justizian eta egian oinarritutako MEMORIA eskatzeko. 
 
Aurten, urtero bezala, Gasteizen eginiko omenaldiak, nire irudiko, bi alderdi desberdinak izan ditu: bata, baikorra, esan nahi baita Memoria bizirik egon dela eta, batik bat, Gasteizko herriak, errepresio hartan hildakoak gogoan izan dituela; baina, bestea, ez hain baikorra, alderdi eta indar sozialak banandurik egin dietela omenaldia. Euskal Gobernuak lehen aldiz egin dio eta hori ondo ikusten dut, nahiz eta beti egongo diren kritikarako arrazoiak; eta beste zenbait alderdi bere aldetik eta, badirudi, oroimen batzordea osatzen dutenak Amaiurrekin eta euskal sindikatuekin egin ziotela. Hau ikusita, sentsazioa dut, txarra, noski, alderdi politikoek lehen esan dudan jarreratik jokatzen dutela, alegia, arrazionaltasunetik, ez sentimenduetatik. Eta hortik gaizki goaz bizikidetza eta berradiskidetzea lortu nahi baditugu. Teoria ongi dago, hitzaldi eta ikastaroak ere bai, baina gero Memoria bizitzeko ekintza bat herrian dagoenean batekoak eta bestekoak egon beharko lukete elkarri begietara begiratuz eta errespetatuz. 
 
Hau bera gertatu zen Isaias Karrasko, ETAk hildakoaren omenaldian. Eta entzundakoaren arabera, bidea zaila ikusten dut. Eta politikoek zuk han egon behar zenuen eta elkarri esaten hasten direnean, inori harria jautsi beharrean, beraien buruari jautsi beharko liokete MEMORIA ekintzetan parte hartuz eta begietara elkarri begiratuz. Erronka handiegia?
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!