Argazki eta berri isilak

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2012ko ots. 25a, 12:51

Komunikabideei laugarren boterea deitu izan zaie, herritarren artean iritzia sorrarazi, landu eta, finean, nagusitzea lortzen baitute. Komunikabide bat, edozein dela, irakurtzeko esku artean hartzen dugunean, berehala konturatzen gara beronen norabideaz; besteekin alderatuz, berriz, nabari ikusten da bakoitzak notiziari ematen dion ñabardura eta garrantzia. Komunikabidearen egitura edo konposaketan ere, bakoitzak bere estilora jartzen ditu argazkiak (handi-txikiak) eta izenburuak (hizki handiz, beltzez) edo bazter batean isil-isilik atentzioa  deitzeko iragan daitezen. Boterea dute, eta ez txikia. Interes ugari ere bai. Hori guztia kontuan harturik, nork jakin eta erabakiko du zer-nola irakurri. Egokiena, nire irudiko, batekoak eta bestekoak irakurtzea da iritzi egoki bat jaso dezagun.
Izan dira zenbait argazki eta albiste niri atentzioa eman didatenak; argazki isila deituko nieke.
 
Gorka Landaburu:”Begietara begiratu nahi nien hil nahi izan nindutenei”
Denok ezagutzen dugu. Kazetaria eta Landaburu atzerriko lehen Euskal Gobernuko kidearen semea. Halaber, badakigu bere Zarauzko etxera pakete lehergailu bat bidali ziotela bere bizitzarekin bukatzeko asmoz. Bada, hamaika urte geroago aukera izan du hiltzeko asmoa zuteni aurrez aurre begiratzeko. Gorka bizirik atera zen baina, begi bat, eskuko zenbait behatz eta bi belarrietako entzumena galdu zituen. Bere esaldi honek ere atentzio eman zidan: “Ni orrialdea pasatzeko prest nago, baina irakurrita gero”. Sentsazio arraro bat izan zuen epaiketan, “begi zorrotzez begiratu diet eta beraiek ere begiratu naute. Uste dut begirada beherantz zuzendu dutela une batean. Ez diet gorrotorik, baina justizia eskatzen dut”.
 
Argazki isila Gorkarena. Askotan esan dut sufrimenduak ez duela ñabardurarik. Argazki hau ekarri dut argazki isiltzat jo dudalako eta komunikabideek txoko batean kokatu zutelako. Horrelakoak asko eta asko lirateke, noski, baina ongi letozke berradiskidetze bidean aurrera egin nahi badugu.
 
Nanclaresko tailerrak
Berri isila. Isila diodanean ez dut jarri nahi diskrezioaren kontra. Hemen badakit, jakin, diskrezioa behar zela, baina isiltasuna ere izan da. Dena den, niri atentzioa eman dit eta notizia isila bezala agertu nahi dut.
 
Iazko urria-azaroan gertatu zen bertan dauden zenbait presok eskatuta. Bertan biktima, irakasle, kazetari, politiko eta jakina presoek hartu zuten parte. Hitzaldi-eztabaidak elkarbizitza berri baten inguruan eman ziren, jakina, iraganaren hausnarketa kritikoan eta zaurien gainditzean eta presoen ekarpenean oinarrituak. Jorratutako gaiak asko izan dira baina, batik bat, zenbait herritan izan diren antzekoak: Egia, berradiskidetzea, elkarbizitza berri baten etika oinarriak, biktimen errealitatea beraien sentimenduen bitartez,... Honako hau ere esan dute: “gure herrian irekitzen ari den aro berri honetan euskal gizarte osoak onartu behar du biolentziak sorturiko biktima guztien errealitatea”. Informazio guztien arabera, badirudi oso onuragarria izan zela.  Lastima, agian, eta hau nik diot, preso hauek Gernikako Itunean ez egotea eta, denek ere, horrelako prozesu batean ez parte hartzea. Eginaz, egingo ahal da bidea.
 
Elkartasun albiste isila
Hau ere isila. Donostiatik Sahara aldera kamioi andana abiatu zen saharatarrei janari eta beste zenbait motatako laguntza emateko. Herri honek badu elkartasun sentsibilitatea eta Saharak merezi du.
 
Beste zenbait:
Hainbat eta hainbat dira gure komunikabideetako argazki eta notizia isilak. Oso isila izan da, esaterako, Jesus Egigurenek Arnaldo Otegiri bisita egin nahi diola kartzelan. Berri ona, noski.  
Edota Egigurenek esan duena hemen, Euskal Herrian konstituzio berri bat ondo legokeela. Etor bitez horrelako argazki eta berri isilak!!! 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!