Urte hasierako lehen zutabean PPko Gobernu berriak ekonomi alorrean harturiko neurriak aipatzen nituen eta, dirudienez, etorriko dira berriak. Beraien esanetan hasieraren hasiera baitziren. Lan erreforma atarian izango gara jada nahiz eta jakin badakiten greba bat jasoko dutela horren truke. Bat, gutxienez, eta nork daki...
Gaurko zutabe honetan, ordea, beste zenbait arlotan ere hartzear dauden neurriak jorratu nahi nituzke; eta, izenburuan esan bezala, poliki-poliki maskarak hasi dira erortzen eta hori beti da interesgarria gobernuaren nondik norakoa ezagutu ahal izateko. Ezaugarri guztien arabera, zalantzarik bazegoen, badirudi eskuineko bidea hartu duela. Eskuina-ezkerra: garai batean garbiago zegoela uste dut bakoitzaren esparrua. Baina, tira, gaur egun ere badira zenbait ezaugarri bereizten dituztenak. Norbanakoek, taldeek, edozein dela bere eginkizuna badugu eta badute bere bizi filosofia. Esan nahi baita badituela printzipio, ikuspuntu eta balio batzuk bere bizitzaren norabidea markatzen dutenak. Nago PPk ere baduela berea eta giza eta harreman gaietan bere bizi filosofia eskubikoa dela, ondoren aipatuko ditudan politikak adierazten duten moduan. Oro har, historian eskuina eta eliza eskutik joan dira; eta eskuineko gobernuek elizak ezarritako balioak defendatu dituzte. PPk, bestalde, ekonomi krisiaren aitzakiarekin eta trebezia handiz, gehiengo absolutuan oinarrituta, gizarte mailan orain arte lortutakoa kolpe batez garbitu du. Hala nola, abortoa, duintasunez hiltzeko eskubidea, etab luze bat. Izan ere, gizakion bizitza ez da ekonomian soilik oinarritzen, nahiz eta Marx pentsalariak zioen bezala, ekonomia oinarri oinarrienetakoa izan daitekeen. Gizakiok baditugu beste dimentsio batzuk: gogamena, izpiritua... eta jaio, bizi eta hil ere egiten gara eta estatu laiko batek horiei denei erantzun behar die.
AbortOaren Legea
Sozialisten legealdian, hots, 2010ean amatasun librean oinarritutako araua onartu zen. “Epeen legea” deitzen zaiona, epe hori 14 hilabetekoa delarik. Oraingo ministro berria, inorekin adostu gabe lege hori desegin eta 1985eko legera itzuli da. Ez da atzerapen makala! Lege honek hiru kasu aipatzen zituen aborto bat emateko: bortxaketa; fetoaren konplikazioren bat eta amaren bizi-arriskua. Beraz, argi dago atzerapena. Gogoan ditut lege hau aurrera atera zeneko eztabaida sutsuak, batik bat EAJ eta CiUren barnean. Ideologiaz Kristau Demokratak izanik, gogortxoa zerizten, baina, oker ez banago, askatasuna eman zioten diputatu bakoitzari. Elizak ere presio ugari eta gogorrak egin zizkion eta bizitzaren aldeko taldeek elizaren bedeinkapenarekin manifestazio ugari egin zuten.
Abortuaren legea emakumearen askatasunean oinarritzen da, emakumea libre da ama izan-ez izan erabakitzeko. Eta, betikoan gaude, alegia, estatu laiko batean elizak ezin du eraginik izan honelako edo halako lege bat egiterakoan. Estatuak libre izan behar du lege bat onartu nahi duenean. Ondoren, elizak, bere jarraitzaileei esan diezaieke lege hori ez betetzeko, baina estatuak legeak hiritar guztientzat egiten ditu. Gero hiritar bakoitzak ikusiko du zer egin, hori norbere esku baitago. Ba, horra hor, estatua berriro nola makurtu den elizaren aginduetara. Eta barne ministroak esan ere esan zuen: bizitzan egin duen gauzarik garrantzitsuena bizitza defendatzea izan dela. Baina, ministroa ez da konturatzen hiritar guztien ministroa dela eta ez katolikoena soilik. Eta teorian eta oraingoz bederen, estatu laiko bat garela. Inoiz Euskal Herria estatu libre bat ibilkatzen bada, ikusi egin behar nolakoa izanen den.
Duintasunez hiltzeko eskubideA
Lehen esan dut gizakiok hil ere egiten garela eta duintasunez hiltzeko eskubidea dugula. Izan dira zenbait erkidego izen hori daraman legea onartu dutenak, hala nola, Andaluzia, Nafarroa edota Aragoi. Bertan, ez da aipatzen eutanasia, baina nolabait bermatzen da eskubide hori: gaixoaren lege autonomian oinarritzen dena. Horren inguruan, kasuistika asko dago, baina aurrerapausoak eman dira eta ematen ari dira gizartean nahiz osagileen artean.
Aurreko legealdian, kongresuan aurkeztu zen lege aurreproiektua baina nago oraingo gobernuak ez dio jaramonik egingo. Pozez entzun dut sozialistek puntu hori defendatuko dutela. Gure parlamentuak ere horrelako lege bat onartu duela pozik entzungo nuke.
Bi perla aipatu ditut PPko gobernuaren eskuineko jokabidea frogatzeko. Hasieraren hasiera bada, auskalo zer ikustera iritsiko ote garen.