Handik eta hemendik urte berrirako desira onak jaso ondoren, ekin diogu bide berriari; lehen urtarrileko aldapa gogortxoa bazen, aurtengo honetan krisiaren zama are gogorrago egingo zaigulakoan nago. Gobernu berriak, hau agindu eta hura eman, murrizketa gogorrak egin ditu eta, esan dutenez, hasieraren hasiera dira; beraz, auskalo nolakoa izango den bukaera. Agindutakoaren kontrako politika egiteaz gain, aurrekontuen gainetik gastatzen duen agintaria epaitegietara eramango dutela iragartzeko aurpegia dute. Aurpegia diot, eta ez txikia, PPkoak izan baitira, batik bat, ustelkeriaren putzu zikinetan bururaino sartuta ibili direnak. Lehenik etxekoa garbi dezatela eta gero, gerokoak. Horrez gain, nori egiten zaizkio murrizketak? Herri xumeari; ez ejertzitoari, ez elizari. Egun hauetan entzun dugu erlijio klaseak ematen zituen emakume bat kanporatu zutela, ezkondu gabe gizon batekin bizi zen aitzakiapean. Epaileek emakumeari arrazoia eman eta orain elizak egindakoagatik ordaindu behar dio. Baina bai zera! Erlijioko irakasleak estatuaren egituran txertatuta daude eta, beraz, estatuak eman beharko dio indemnizazioa. Herriaren diruarekin ordainduko dutela, alegia.
Testuinguru honetan, eta ustelkeriaz ari naizenez, Urdangarin afera aipatu nahi nuke. Herriaren diruaz, gure diruaz, ondasun asko lortu du gizon honek. Bere egoera pribilejiatua aberasteko eta bapo bizi ahal izateko baliatu du. Orain datoz kontuak, baina ez dit errukirik sorrarazten eta ez dakit justizia denontzat berdina izanen den, nire irudiko inondik ere ez, baina eman diezaiotela merezi duena. Baita bere emazteari, eta mia ditzatela ere Erret-etxearen ondarea eta ondasunak. Ez naiz monarkikoa eta hori dela eta monarkia desegin eta Errepublikara iritsiko bagina, ba askoz hobeto.
Pil-pilean jarri diot urte berriko lehen zutabetxo honi eta hor dago berri krudel hori: Haurren lapurreta. Hitzetik hortzera dabilen hitza dugu Memoria; Egian eta Justizian oinarritutakoa, noski. Ba, hori ere aztertu beharko da hainbat familien onerako. Memoriak beti darama sufrimendua, baina sufritzen duenarentzat lasaigarria da eta, nolabait, berearekin bakeak egiteko baliagarria. Irakurri dudanez, estatuko 1300 horien artetik Gipuzkoan 121 badira; Bizkaian 50 eta Araban beste 31. Erantzukizunak argitu behar dira eta Eliza ez da zurrun ibiliko, garai hartan erietxeetan moja askok egiten baitzuen lan. Batek erraz esan dezake “ahaztu dezagun eta kito”; frankismoaren garaiko errepresaliatuekin egin nahi ohi den bezala; baina talde memoria horrela ixtea arriskutsua da, sufrimenduak irauten baitu. Gaurko Euskal Herriko egoeran badugu non ikasi, etorkizunean horrelako egoerak sor ez daitezen.
Politika munduan ere badira pil-pilean dauden berriak. Atentzioa eman dit EAJko asanbladan Urkullu Jaunak esan zuenak, alegia, gaurko euskal gobernua ez zela benetakoa eta beraiek direla herri honetako erdigunea eta, beraz, beraiena izango litzatekeela gobernu berdaderoa. Kontxo! Harropuzkeria hutsa deritzot adierazpen honi. Nire asmoa ez da gaurkoa eta lehengo gobernua defendatzea, baina demokraziaren izenean esan behar da, gustatu ala ez, gaurko hauek besteak bezain benetakoak direla, legalitatean oinarritzen baitira. EAJk ez duela PSOE-PP ituna gogoko, ba, oposizioan egon dadila eta, jarrera horretatik, irabaz ditzala hauteskundeak. Beraiek dioten gobernu berdadero hori osa dezatela. Horrelako esaldien azpi-azpian susmo txar bat egon daiteke, esan nahi baita, EAJk bezala pentsatzen ez duena ez dela euskalduna. Gobernu batek herritar guztien gobernua izan behar du eta, jakin badakigu, gaur Euskal Herria anitza dela eta. Erabakitzeko eskubidearekin erabat ados egonik, ez dezagun ahaztu herri anitz hori osatzen joan behar dugula.
Nola ez, ezin ahaztu gaurko testuinguru berrian presoen egoera. Egoera ilun ikusten dut. Lehen ere esana dut PPren etorrerak ez zuela egoera konpontzen lagunduko. Ilusio gehiegi egon da, eta desirak errealitatearekin nahasi dira. Egia da Bilboko manifestazioa erraldoia izan zela, baina boterea eurena da. Bestalde, Frantziako atxiloketek ere ez dute egoera normalizatzen lagunduko. Indar erlazioa ikusita garbi esango dut: ETAk erabateko disoluzioa adierazi behar du. Eta horrek normalizazio bidean jar gaitzakeela uste dut. Jakina, nire iritzia da. Amnistiari ametsa deritzot, besteak beste, ez delako 1977ko egoera, baina egonen dira zenbait bide zenbait preso kaleratu eta askatzeko. Dena den, egia da momentu honetan ere erabakiak har daitezkeela gaixo edo kondena bete dutenentzat. Gizatasun kontua litzateke. Eta Memoria eta elkarkidetza ere hor daude. Konplexua da eta denak osotasun batean hartu beharko dira, lehengokoak errepika ez daitezen.