ETAk jarduera armatua utzi duela adierazi zuenetik hainbat hitz, hainbat planteamendu berri, eztabaida, analisiak eta abar luzea azaleratu da. Lehen askoren bizitza arriskuan zegoenean, normala zen beste guztia isilean egotea, nahikoa baitzen bizitza defendatu eta ETAren desagerpena eskatzea. Eta horretan egon da herria urteak eta urteak ahalik eta ETAk herriari entzun eta bere nahietara makurtzea lortu duen arte. Hori desagertu eta loreak bailiran kezka eta desira berriak sortu dira, hala nola: berradiskidetzea, biktimen errekonozimendua, egindako kaltearen aitorpena, elkarbizitza eta herri eta Hirien normalizazioa oinarri etikoen arabera. Halaber, sortu da ETAk jarduera armatua erabiltzen zuenean ere eskatzen zena, alegia, presoen hurbiltzea; eta, hain zuzen, ETAk armak utzi ondorengo garai honetan beste eskabide guztien gainetikako errebindikazio edo eskabide bilakatu da. Gobernu berria eta zenbait indar politiko hor dabiltza tira-biran, baina azken zutabean ere aipatu nuen PPk hauteskundeak irabaztea ez zela berdin eta, nire irudiko, eta entzuten denagatik, ez nabil oso oker.
Oraingo honetan, ordea, eta izenburuari jarraiki, lehen aipatutako beste errealitate horiei heldu nahi nieke eta honen inguruan Urnietako Udalak hartu duen erabakiari, hain zuzen. Azken alean irakurri dudanez, Urnietako Udalak eta Baketik-ek hitzarmena sinatu dute. Alkateak dioenez, “Udalak eta Baketik-ek lankidetza hitzarmena sinatzen dugu Urnietan elkarbizitza eta berradiskidetze kultura sustatzeko. Hitzarmenaren xedea horixe da”. Badirudi Urnieta herria izango litzatekeela horrelako akordio bat sinatzen duen lehenengo udalerria. Beraz, sentsibilitate handia erakutsi du Urnietako Udalak horrelako erabaki bat hartzerakoan. ZORIONAK!!!
Udalak beti dira herritarren erakunde hurbilenak, eta oso ongi deritzot Udalak bakegintza eta normalizazio prozesuan parte hartzeaz gain bultzatzaile eta eragile ere izatea. Herri gehienetan, batzuetan gehiago, besteetan ez hainbeste, baina denetan dira gerrak edo pairatu dugun egoera batek utzi dituen kalteak eta ondorioak elkarbizitzan. Mutiko nintzela gogoan ditut Maria Kaxetakoak-eta kontatzen zizkiguten kontuak Gerra Zibilaren inguruan, Urnietan gertatutakoarena, alegia. Eta, ezagutzen genituen zenbait familiartekoen gorabeherak Gerra Zibila medio. Entzun nuenez Elizak ere, Urnietakoak, noski, badirudi ez zuela oso garbi jokatu eta Frankoren aldera jo zuela: baziren zenbait garai hartan elizara ere joaten ez zirenak. Jakina, esan ohi da urteen poderioak zauri guztiak sendatzen dituela eta egia izanen da. Hau aipatzerakoan esan nahi nuen garai hartan ere Udalek bazutela zereginik berradiskidetze lanetan, baina beste garai batzuk ziren!
Gaur, Urnieta, herri guztiak bezala, asko aldatu da. Belaunaldi berriak sortu dira, ohiturak, kanpotarrak, herriak beste itxura bat hartu du, eta aldakortasun lege hori onartu beharra dago. Dena doa aldatuz, nola pertsonak hala egiturak, erakundeak etab. Frankismo garaia ezagutu ere egin ez dutenen esku daude gaur erakunde publikoak. Maila horretan, badirudi lehen aipatu gerra ondorengo zauriak nolabait itxi direla, besteak beste, belaunaldi hura ez delako jada bizi.
Baina, gaur, eta horretara doa Udala eta Baketik-ek sinatu duten hitzarmena: bizi izan dugun egoera gogor horrek Euskal Herri osoan eta herri bakoitzean sortu dituen sufrimenduak ahal den neurrian bizi eta gainditu eta elkarbizitza normal bat lortzea. Herriek ere etikan oinarritutako elkarbizitza eraiki behar dute, eta, lehenik, giza eskubide guztiak errespetatu behar ditu, guztion gainetik bizitza delarik. Baina horrez gain, eta beti ere bizitzari lehentasuna emanenik, badira beste zenbait eskubide ere errespetatu beharrekoak. Nire irudiko, Baketik-ek Udalarekin batera egin dezakeen lanik aipagarrienetarikoa zera da:herria hiritar bihurtzea, esan nahi baita, identitate guztiak, arraza guztiak, hangoak eta hemengoak elkar errespetuan elkarrekin bizitzea, sinesten dutenak eta ez dutenak; kolore batekoak eta bestekoak eta, agian, Urnietak ere errekonozitu beharko ditu biktimak, eginiko kalteak, eta zergatik ez, elkarri errekonozimendua egin beharko diote, eta nola ez, herriko presoen egoerari ere erantzun bat ematen saiatu beharko du. Interesgarria litzateke, Baketik eta Udalak antolatzen dituzten gune, hitzaldi eta abar ondoren Udal erakunde publiko gisa horrelako ekintza zibil bat burutzea non aipatu balio horiek denak aldarrikatuko diren ozenki. Dena den, irakurri ahal izan dudanez, ongi zehatu dituzte urratsak 2012-2013, eta azken honetan, esaten denez, Urnietako bizikidetza Kontseilua edota Foroa egitasmoa sortzeko asmoa dago. Horrelako zerbait esan nahi nuen horrelako ekintza zibil bat antolatu beharko lukeela esaterakoan.
Dena den, hitzetik hortzera dabiltzan hitz potolo hauek, esan nahi baita, bakea, memoria, sufrimenduaren errekonozimendua, elkarbizitza, presoak etb mami daitezen, oso ongi deritzot Udalak hartutako bideari eta, nire aldetik, zorionak!!!