Hauteskundeak joan dira eta, azken zutabean antzerki irudiarekin alderatzeko tentaldia izan banuen, oraingo honetan ez dut tentaldirik izan liburu bat idazteko adina gai eman baitigute. Baina, izenburua kontuan hartuta norbaitek pentsa dezake bide horretatik noala, baina ez; esan nahi eta adierazi nahi dudana zera da: alegia, hauteskundeetan agindutakoak, esandako gezurrak eta eginiko itxurak, maskarak bailiran, erori direla eta antzerkia bukatu dela errealitateari bidea eginaz. Halaber, maskara horiek liluratuta boza eman dutenak,maskara horiek jaurtitzerakoan, frustrazio galanta eraman dezakete eta, eraman dute jada, noski. Baina, hori norberaren erantzukizuna da eta, ez dute balio ondorengo negarrek.Zer ote diote CIUri bozka eman zioten katalandarrek hurrengo egunetik murrizketa zorrotzak eman baitira. Ez da ulertzen baina Letek zioena: “Etzaidazu galdetu gauza ilun guztien erantzun gordea...”. Horrelakoak gara gizakiok.
RUBALCABA ALA RAJOY
Zerbaitetik hasteko, eta hauteskunde ondorengoetan gaudenez, harritu ninduen eta harritzen nau nola batzuek esaten zuten, nago Ezker Abertzalekoak eta Euskal Herriari dagokionez, berdin zela Sozialistak ala PPk irabaztea, esan nahi baita Rubalcabak ala Rajoyk eta hemengo egoera berri honetaz ere ez zela arazorik izango nahiz eta PPk irabazi. Nire harridura hura ez zela desegokia froga daitekeela uste dut. Entzun dugu Amaiur, alderdi politikoekin egingo dituen bileretatik kanpo uzteko asmoa duela. A zer nolako hasiera! Ziur nago hori ez zela gertatuko Rubalcabak irabazi izan balu; zorionez, ez baitira alderdi guztiak berdinak eta, nahi ala ez, gaur-gaurkoz Espainiako egitura barnean baikaude.Geroak esango du, baina nik zerua beltz ikusten dut.
Izan ere, hauteskunde aurretik PPk ez ditu gauzak argi eta garbi esan, eta orain datoz kontuak..Goraizeak sartuko dituzte osasun arloan alderdi berdinekoa beste zenbait agintarik egin ohi duten bezala; eta, hor dago gaztelaniaaz “copago, ordain laguna edo...Goraizeekin jarraituz, langabezi sariak ere murriztu edo kenduko ditu. Hezkuntzan, abortuari, gay eta lesbianen ezkontzari, atzerritarrei buruzko legediari, Elizari izan ezik, eta hainbat eta hainbat arlori dagokienez. Bazen beste lege aurreproiektu bat, non heriotz duina bermatzen zen baina, nago PP eta Elizako Hierarkiak bat egiten dutela ikusirik, Elizak esaten duenera makurtuko dela. Jakin, badakigu, jakina, aurreko gobernuak ere goraizeak sartu zituela, baina ez honek sartuko dituen zenbait arlotan. Bake prozesuan auskalo! Hausnarketa hau izan da hemengo zenbaitek esan zuelako Euskal Herrirako bata ala bestea berdin zela. Hemendik atera!
AMAIUR ETA BAKE PROZESUA
Euskal Herriari dagokionez, Amaiur izan da, noski, harridura. Lehen PPk egingo dituen bileretatik kanpo utziko duela esan dut; baina, badirudi haratago joan nahi dutela, alegia ez diotela utziko Kongresuan talde propioa osatzen, horretan dabiltzala gutxienez. Gai dira demokraziaren eta justiziaren arau guztiak hankaz gora jartzeko beraiei ongi datorkienean. Hori ere ikustekoa!
Halere, Amaiur irabazle eta erantzule ere bai noski. Jakingo al dute hori dena ongi kudeatzen! Herri honetan, nahiz eta ETAk borroka armatua utzi duen, mila gauza daude konpontzeke: presoak, memoria, biktimak, berradiskidetzea, elkarrekiko errespetua,etab... Duela gutxi Egigurenek eginiko adierazpenak interesgarriak izan dira, eta beste neurri batean, presoei buruz Lehendakariak berak esandakoak ere ez doaz, nire irudiko, bide okerretik. Ikusteko PPk zein bide hartzen duen. Dena den, presoek ere ahalegina egin beharko dute berain arazoa konpontzeaz gain aipatu bide hori urratzen, lantzen eta errazten. Eta ETAk ere azken finikitoa eman beharko du behin betirako desagerpena eta desarmea adieraziz.
EZKER ESKUBIA
Badirudi Euskal Herri honetan ere, ETA desagertu ondoren, beste herrialdetan bezalaxe, Ezker Eskubia mamitzen hasia dela. Ni, bederen, pozten naiz eta, aurreikuste guztiek diotenez, datozen hauteskunde autonomikoetan batetik PP EAJ,esbubiko indar gisa eta PSOE eta AMAIUR (SORTU eta hortik sor daitekeena) ezker indar bezala. Niri,eta argi eta garbi esaten dut, gustatuko litzaidakeela FEDERALISMOA defendatzen duen hemengo indar bat egotea. Abertzale guztiek ez baitute zergatik izan behar independentistak, abertzaleak Federalistak ere izan baitaitezke. Abertzaletasuna ez da inoren patrimonioa. Abertzaletasuna pertenentzia da eta independentzia, autonomismoa, eta federalismoa nahiz konfederakuntza aberri horri abertzale bakoitzak ematen dion egituran datza. Baina, hori, AMAIURrek lortu nahi duen,eta ni ados nago, erabakitzeko eskubidea lortzen denean gauza daiteke. Bitartean, Gipuzkoako Aldundian bezala PSOE eta BILDU ezkerretik joan daitezela, esaterako, Fiskalitatean eta hainbat arazoetan, poetak esan bezala, bidea eginaz egiten baita.
Bukatu aurretik esan nahi dut Arnaldori eginiko elkarrizketa irakurri dudala. Izenburua: “Si Rajoy tiene voluntad, la mayoria absoluta puede ser una ventaja para el proceso de paz”. Baldintza horri irreala deritzot, baina amets egitea libre da.