Zalantzak izan ditut aste honetako zutaberako gaia aukeratzerakoan. Hauteskundeak atarian ditugu eta, erdi broman erdi serio, antzerki bat balira alderatu nahi nituen. Balizko izenburua: “Gezurra nola egia bezala saldu” edo beste honako hau:”Beti besteak” alegia, besteak gaizki egin dutenak;besteek ez dute programarik; besteak dira ustelak etab. Eta, ondorioz, Gu gara soluzioa, Gu garbiak, Gu santuak; Gu eta Niaren gorazarrea Jaungoikoa bailira. Baina, gaia serioegia dela pentsatu dut eta aste honek eman digun beste gai bati lotu natzaio, hots, Biktimen oroimenari.
Oker ez banago joan den 9an ospatu zen Memoriaren eguna, eta ohikoa denez, Parlamentuko indar politikoak ez ziren ados jarri ospatzeko moduan; dirudienez, guztiak ez baitaude ados ETArenak eta motibazio politikoagatik hildako biktimak elkarrekin omentzera. Egunkarietan agertu ziren bi argazki esanguratsuak ziren: batean Parlamentuko mahaiburua agertzen zen ETAren biktimei lore koroia eskaintzen; bestean, Alderdi Nazionalistak eta Ezker Anitza beste lore koroia eskaintzen baina hauek biktima guztiei, esan nahi baita ETArenak zein poliziarenak. Bi argazki, sufrimendua bi modu ezberdinetan ulertzeko isla. Hau horrela, Lehendakariak bere gobernu eta Maixabel Lasa, biktimen ardurarako zuzendariarekin batera, ekintza instituzional baten bidez, biktima oro omendu zituen, baina, beti ere, ñabardurak jarriz. Aipatzekoa da, nahiz eta ñabardurak egin, GAL, edota Batailoi Basko Espainolak hildakoak ere gogoan izan zituela, PP eta UPDk eginikoaren kontra.
Gezurra dirudi nola indarkeriak sorturiko sufrimenduari ñabardurak jarri dakizkiokeen. Pertsonak dira sufritzen dutenak eta, inork ezin dezake jakin zer-nolakoa den, eta norartekoa eta zein sakontasun duen. Sufrimendua sufrimendua da, kasu honetan indarkeriak sortua eta ezin daiteke egin bereizketarik eta politikoek eskaintzen duten ikuskizuna ikusita, nago biktimak beraien interesetarako erabili ohi dituztela; ez dutela barne sentsibilitaterik agertzen; antzerki hutsa egiten dutela boterea lortzeko. Tristea benetan!
Honen harira datoz azken aldi honetan politikoen jokabide doilorretik haratago ikusi eta sentitu ditugun sufrimenduak, sufrimendu gogor eta krudelak benetan. Aurreko Aiurri batean aipatu nuen Euskal Telebistak emaniko “Euskadi Plaza” programa. Hiru pertsona desberdin, jatorriz sufrimendu desberdinak, baina hiru pertsona barne sufrimendua zeramatenak: sufrimendua ñabardurarik gabe, sufrimendua bere krudeltasun osoan. Oraingo honetan, orduko Axun Lasa, Joxean Lasaren arreba, baina bere adierazpen batzuetan eta Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen lehendakaria aipatu nahi nituzke, biak, noski, sufrimendu krudel baten biktima, eta, nik behintzat, sufrimendu horri ez nioke ñabardurarik eginen.
Halere, eta errespetu guztiz diot, sentsazioa dut Axun Lasak bere adierazpenetan bestearekiko enpatia batetik, errekonozimendu batetik hitz egiten duela; Maitek, aldiz, jarrera gogorragotik, bestearena ez balitz bezala, hitz egiten duela. Nire sentsazioa da, noski.
Axunek adierazpenaren hasieran dio: “ETArengandik jaso ditugun berri onak pozez bete nau, eta abere ekintzen ondorioak jasan dituzten pertsona guztiengan pentsatu arazi dit. Nire besarkadarik zintzoena guztioi eta zuetako bakoitzari”. Bestearen sufrimenduarekin bat egiten duela eta sufrimenduari ez diola ñabardurarik jartzen ikusten da esaldi horretan.
Maitek, aldiz, elkarrizketa batean beste biktima klase batzuk onartzen dituen galdegiten diotenean honela erantzuten du, “bai, baina kategoria desberdinak dira. Batak eta besteak parekatzen baditugu, zerbait ikaragarria egingo genuke”.
Sufrimendua neurtzeko modu desberdinak eta bizikidetzarako eta errekonozimendurako bidean guztiz arriskugarriak ikusten ditut. ETAk nahiz eta Estatuko indarrek sortutako sufrimendua neurtzen hasten bagara, ez goaz, nire ustez, bide onetik. SUFRIMENDUA SUFRIMENDUA DA ETA EZ DU ÑABARDURARIK.