Aiurrin idatzi nuen azken zutabean Aieteko Bake Konferentziarekin bukatzen nuen non bost puntu ziren azpimarragarri. Eta, esan ere, esaten nuen hizpide eta esamesa ugari emango zuela eta, iragarkiak bete dira; are gehiago ugaritu dira ETAk konferentzia ondoren behin betiko su-etena eman ondoren.
Baina su-eten horrek kezkak eta zalantzak ez ezik sentimenduak ere sortu ditu; sortu eta azaleratu ere bai, nahiz eta esaten duten euskaldunoi sentimenduak agertzea kosta egiten zaigula. Sentimendurik nagusiena, noski, poztasuna izan da. Hainbeste urtez eta, batik bat, azken aldi honetan hainbeste itxaroten genuena, ETAk armak utzi eta bakea lortuz normalizazio bideari ekin ahal izatea alegia, oso normala da poztasun sentimendua nagusitzea. Ezin dut irudikatu bizkartzainak zeramazkienak zer nolako poza eta askatasuna sentituko zuen! Halere, poztasunaz gainera kezkak eta zalantzak sortu dira ETAk ez baitu desegiteari buruz deus esaten. Horregatik, ados nago desegite hori eta armen entregatzeak benetako bakea eta lasaitasuna ekarriko duela diotenekin. Hitz kontua ere izan daiteke: behin betikoa, desegitea etab, baina uste dut puntu honetan argi eta garbi hitz egin behar dugula, eztabaida zantzuetan eror ez gaitezen.
Hemendik aurrera egin beharrekoak ere azaleratu eta agirian ere jarri dira, eta, espero zitekeenez, desberdintasunak ere bai, noski. Edozer aipatu aurretik hauteskunde garaian sartzear gaudela aipatu behar da. Eta, jakin badakigu, alderdi politikoek bozak bilatzen dituztela eta ETAren ondorengo garaia ere horretarako erabiliko dutela edozein medioez baliatuz. Orain arte presa askorik ez zutenek egun gutxitan garbitu nahi dute iragana, eta, iragana ez bailitzan aurrera begiratu nahi dute eta zenbait arazori garrantzia gehiago ematen diote.
Besteek, berriz, ondorio askori uko egiten diote eta gertatutakoaren kontaketan ez dira ados jartzen. Eta hor izanen ditugu komeriak! Lehendakariak eginiko elkarrizketatik ez dakit ezer serio aterako den, desberdintasunak ez ezik. Udaletxeetan egin nahi zen kontzentrazioa ere bertan behera utzi da ez direlako ados jarri eta horrela jarraituko dugu hauteskundeak eman arte. Eskerrak, gutxienez, oraingo honetan ez dugula hautagaiei buruz suspentserik izango, dena normaltasunean joango dela alegia, Espainiako Estatuak eta fiskaltzak ere esan baitute Amaiur legez kanpo uzteko ez dutela arrazoirik ikusten. Berri pozgarria, noski.
Hala bada, eta testuinguru honetan, eta Aieteko konferentzian aipatzen diren puntu guztiak aipatzea ezinezkoa denez, lekuak ez baitu ematen, berradiskidetzea edo errekontziliazioa aipatu nahi nuke, punturik zailenetakoa baiteritzot. Jakina, horretarako oroimena beharrezkoa da, 34 urte hauetan gertatutakoarena, noski, eta gertatutako guztiarena. Oroimen osoa eta guztiena, egian eta justizian oinarriturikoa. Oroimena eta errekonozimendua; barkamena hitzak, agian, arriskuaren karga gehiegi duelako. Baina bai errekonozimendua, kaltearen errekonozimendua alegia.
Berradiskidetzara itzuliz sakonean ukitu nauen erreportaje bat aipatu nahi nuke; ETBn eman zuten hilaren 27an eta badirudi datozen ostegunetan ere ematekoak direla. Izenburua: Plaza Euskadi. Dirudienez hiru erreportaje izanen dira. Lehenengoan terrorismoaren hiru biktima bildu ziren kazetari batekin eta cuscus-a prestatzen zuten bitartean hainbat gaiez mintzo ziren. Bata:Axun Lasa GALek eraildako Joxean Lasaren arreba. Bestea, Amaia Guridi ETAk eraildako Santiago Oleagaren alarguna. Hirugarrena, Jorge Perez Jauregi. Roberto Jauregiren anaia da, Eibarren manifestazio batean tiroz hildakoa. Beraz, hiru biktima desberdinak.
Gauza askotaz mintzo dira, hala nola: hildakoaren berria jaso zutenekoa, doluaren prozesua, hartutako laguntza eta, batik bat, ezarri dioten samina eta sufrimendua. Ez dute barkamenik nahi baina bai kaltearen errekonozimendua. Oroimena, kontaketa justu baten ondorioa, Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa egon dadin beharrezkoa dela diote. Halaber, elkarri aurpegira begiratuz, elkarri entzun eta beren historia justizia eta egiaren arabera kontatua izan dadila. Gai honen inguruan gaur berri pozgarri bat irakurri dut, hots, Hipercor-eko atentatuan beste askoren artean harakin bat zauritu zuten eta aitortu du atentatua egin zuen batek gutuna bidali ziola kaltea errekonozituz; baina berak esaten zuen orain barkamena eskatzea nahi duela. Seguruenik horrelako gehiago ikusiko dugu. Prozesu hau guztia ez baita lineala izanen, eta egun batetik besterakoa.
Presoen arazoa ere aipatu nahi nuen, hori ere hor baitago baina, datozen berriak ez dira batere pozgarriak. PPk aurkeztu du bere hauteskunde programa eta berri ilunak datoz. Esan ere esan izan dugu ETAk eta Ezker Abertzaleak egitekoak lehenago egin behar zituztela. Berandu ibili dira, eta orain ondorioak.
Dena den, hausnarketa honen ondoren Bernardo Atxagaren hitzekin geratu nahi nuke: “Hemendik aurrera ere eguneroko bizitza izango da gure aberria”.