Denbora daramagu ETAren azken agiria itxaroten, non esango duen, edo esatea nahi genukeen, betirako uzten duela borroka armatua eta erakunde gisa desagertzen dela. Baina, hor gaude, suspentse batean, filma bat bailitzan, egunak joan egunak etorri. Hogeita hamabost urte hauek, eta ez, nire irudiko, berrogei eta hamar askotan esan ohi den bezala, esan nahi baita Diktadura garaia eta ondorengoa ez direla berdinak, aski gogorrak izan dira. Halaber, egia da, azken aldi honetan itxaropen argiak piztu direla eta etengabe piztuz doazela Euskal Herriko zeruan. Iritsiko al da egunen bat, zeinetan argi txikiak itzali eta argi bakar eta handi batek, eguzkia bailitzan, herri hau argiz eta beroz beteko duena.
Bakeaz ari garenean bakeaz ari gara, eta ez normalizazioaz nahiz eta askotan nahasten diren bi errailak. Beraz, bigarrenean sartzeko, eta ez da lan erraza izango, bakea beharrezkoa izanen da eta normalizazio honek alderdi eta ikuspegi asko ditu, hala nola, biktima guztien memoria eta errekonozimendua, berradiskidetzea, hiritar guztiek askatasunez bizitzeko eskubidea; eta nola ez, presoen egoera , alderdi guztien legalizazioa etab. Batzuek aldarrikatzen ari diren delako amnistia zaila ikusten dut ez baikaude Francoren heriotza ondorengo egoeran; baina bai indultu pertsonalak, hurbilketak eta beste zenbait neurri burutu daitezke. Datozen hauteskundeetan PPk irabaziko duela diote inkesta denek eta, hori horrela, ez dut sumatu ere egiten amnistia bat. Bestalde, askotan hor gabiltza zentzu gabeko eztabaidan zer den lehena: ETAren desagerpena ala estatuaren zenbait keinu desagerpen hori eman dadin. Estatuak hau egiten badu, ETAk hura egingo du. Nire irudiko, eta errealistak izanik, Estatuak ez du amore emango ETAk desegiten dela adierazten duen agiria zabaldu arte; eta handik eta hemendik eskatzen ari zaion bezala ETAk urrats hori ematen badu, presoen egoera eta gainontzekoak askatuko dira, ez noski, nire ustez, amnistia eta horrelakoak, baizik ematen ari diren banakako erantzunak, indultuak etab. Baina ezinbesteko baldintza deritzot lehen urrats bezala ETAk urrats hori emateari. Eta bakearen ondoren, lehen aipatu normalizazioari ekin dakioke.
Testuinguru honetan kokatzen da Donostian ospatuko den Bake Konferentzia non parte hartuko duten pertsona ospetsu eta Bakegintzan adituek. Ez nolanahikoak! Gaur, urriak 17, izanen da Donostiako Bake Jauregian, Ikusmin handia sortu du eta erreakzioak ere kolore eta tamaina guztietakoak izan dira. Niri, nahiz eta Euskal Gobernuko ordezkaririk ez egon, poza sortu dit Alderdi Sozialistaren presentziak beharrezkoa baiteritzot gune guztietan egotea eta parte hartzeari elkar errespetatuz eta norberaren planteamenduak inongo konplexurik gabe agertuz. PP eta UPDk uko egin diote. Horrek esan nahi du PP Gobernura iristen denean ezer gutxi itxaron dezakegula. Norberak atera ditzala ondorioak. Esan ere esan da, ETAk konferentziaren ondoren agiri bat emango duela baina, badirudi, ez duela erakundea desegingo deneko agiria emango, baizik, mugagabeko su-etena edo horrelako zerbait. Horrela bada, nik uste, filmaren sekuentziak ezagunak izango direla: Estatuak esanen du aurrera pauso garrantzitsua dela baina ez dela nahikoa , desagertu edo erakunde gisa desegin behar duela, horren zain daudela; besteek, ordea, erantzungo dute orain Estatuari dagokiola urratsak ematea eta lehengoan jarraituko dugu filmaren azkena ikusi arte, baina, lasai, eguneroko bizitzak aurrera eginen du eta eguneroko bizitzak baditu beste zenbait arazo ere.
Azken ordua
Artikulu hau bukatzear nagoela, Konferentzia bukatutzat eman da eta Irlandako ministro ohiak irakurri ditu ondorioak. Bost izan dira ondorio nagusiak, eta gainetik bederen, aipatu nahi nituzke nire zutabetxo honetan nahiz eta luzarora arte izango ditugun mintzagai.
- ETAri adierazpen publikoa egin dezala eskatzen zaio jarduera armatua behin betiko amaitzen dela aldarrikatuz, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei elkarrizketa hasteko deia egiten diete soilik gatazkaren ondorioez hitz-egiteko. ( Garbi ikusten da elkarrizketa hasteko lehenik ETAk hitz egin behar duela, behin betirako utzi behar duela jarduera armatua alegia).
- Adierazpen hori emango balitz (hemen lehen baldintzatzat jartzen da ETAren adierazpena. Oso ongi deritzot eta orain arteko nahasketa hori argitzen duela uste dut) Gobernuak elkarrizketa martxan jartzera gonbidatzen ditu gatazkaren ondorioen inguruan hitz-egiteko (lehen puntuan esan duena, alegia).
- Urrats sakonak bidera daitezela errekontziliazioa, biktimen errekonozimendua, laguntza gauzatu daitezen; onar dezatela egin den sufrimendua eta kaltea eta lagun dezatela zauri pertsonalak eta sozialak ixten.
- Nire irudiko garrantzitsuena zera litzateke: “hau dena emanez gero, iradokitzen du indar politiko eta gizarteko indarkeriaren aurkako taldeek bildu eta arazo politikoei buruz hitz egin dezatela eta,ondorioz herri kontsulta ere gomendatzen du”.
- Prest daudela jarraipen talde bat sortzeko aholku hauek betetzen diren baieztatzeko.
Ez dit gehiagorako ematen aldizkariak. Ea datorren egunetan honek guztiak zer ematen duen.