Udazkenak, aro oro bezala, baditu bere bereizgarriak: ñabardura ugariko koloreak, eguzkia epelagoa da eta malenkoniak, ez tristurak, gure sentimenduekiko lotuagoak bihurtzen gaitu. Natura, aipatu kolorez janzten da dama dotore bat bailitzan, eta kontraesana badirudi ere, biluztuz doa negu hotzaren freskotasunak garbi dezan. Zuhaitz hostoak, kolorea galduz lurpera jausiko dira eta, han, Ama Lurraren magalean hauts bihurtu. Udazkenak koadro koloretsua, bizia eta erakargarria margotzen digu.
Udazkenaren irudi honetaz baliaturik, gure inguruan, gizartean, politikan esan nahi baita, eman eta ematen ari diren irudiak azpimarra eta hausnartu nahi nituzke.
Itun koloretsuak
Nork esan, duela hilabete batzuk, hauteskundeak ospatu ondoren alegia, batik bat, Foru Aldundian ematen ari diren itun edo patuak emanen zirenik. Hasiera batean, Bildu baztertu eta hiru alderdi nagusiak, EAJ, PSOE eta PPk beraien artean egin nahi zuten itun orokor bat, non Bilduk, bere proiektuak aurrera eraman ez zitzan. Baina hor miraria! Azken aste hauetan eta, Aldundiaren lehen batzarrean, kolore guztietako itunak ikusi ahal izan ditugu.
Udazkenaren mirariak eta Aldundia ere kolore anitzetako jantziz agertu zaigu, elkar-ulertzea tolerantzia eta ezberdinarekin ere lan egitea ahal dela adieraziz. Eta egia esan, niretzat bederen, pozgarria da hainbeste aipatzen den normaltasuna eta transbertsalitatea, ezberdinari aurrez aurre begiratzea, berarekin herriaren aldeko jardunean aritzea etab. Jakina, Bildu ere konturatu da lanari ekin behar diola eta beharrezkoa duela besteekin lan egitea nahiz eta ideologikoki beste puntan egon. Horrela, ezkerreko indarrek(Bildu, PSE eta Aralar) fiskal erreforma sinatu dute, erreforma aurrelariagoa izanen den erreforma alegia. Bestalde, Bilduk PPrekin egin zuen bat bidesarien aurka egiteko; eta PPk, PSE eta EAJkoekin AHTren alde bozkatzen zuen Bildu eta Aralarren kontrakoari aurre eginaz. Eta arrosario honekin jarraituz, EAJ, PSE eta PPk erraustegiaren aldeko apustua egiten zuten aurreko legealdiko proiektua aurrera eraman dezan. Beraz, koadro honek udazkenak eskaintzen digunarena baino ederragoa eta biziagoa dirudi. Bati lasaitasuna eta poza ematen die horrelako koadroek. Zuzentzea jakintsuena dela esan ohi da eta ongi etorria zuzenketa hori.
Aniztasunaren argazkiak ere gero eta ugariago dira gure gizarte honetan, batekoak eta bestekoak ikusi ahal baititugu elkarri eskua eman, edota elkarrekin solasean.
Ez hain koloretsuak eta apustua galdu dut
Bai, apustua galdu dut apustua egin nuen lagun batekin, afari bat alegia. Berak esaten zidan Aralar Bildurekin joaten bazen Nafarroa Bai lau puska egingo zela. Nik, aldiz, Aralar Bildurekin Autonomi Erkidegoan bai baina Nafarroan, Aralarrek Nafarroan Bain iraungo zuela eta, horrela, Bildu joango zela Nafarroa Baikoekin.
Agian, udazkeneko koloreek liluratu ninduten, baina ez zeuden hor eta udazkenekoak baina negu gordinekoak gainditu dira Nafarroan. Egia esan, oso gustuko nuen Nafarroako koalizio hori, baina, koloreak ere era guztietakoak dira, ilunak eta beltzak ere bai, noski, eta bat egiterakoan beltzak irabazi. Dena den, eta dirudienez, Aralarrez gain Nafarroa Bain zeuden beste indarrak, Uxue Barkos aurkeztuko dute Kongresurako zerrendaburu. Ikusi egin beharko da indar erlazioa nola geratzen den.
Izan dadila nafarrek nahi dutena, suertatzen dena suertatzen dela kontuak izango baitira PPko gobernua neutralizatzen. Jainkoak konfesaturik aurki gaitzala esan ohi den bezala!