Udako hizpideak

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2011ko ira. 21a, 18:32

Uda aro egokia da era askotako hizpideak asmatu eta zabaltzeko, solasaldi arruntean udako kulebroiak esan ohi dena alegia. Aurten ere ugari eta era askotakoak izan dira; hala nola, han-hemen egindako adierazpenak, eliza eta herri erakundeen arteko harremana etab... Dena den, ikasturte hasierako artikulu honetan ez nuke  hizpide  erraz  eta arinetan erori nahi, etorri ala joaten baitira.

Aldiz, udan, beti ere nire irudiko eta errespetu osoz, eman diren zenbait gertaerei buruz aritu nahi nuke eta ondorio batzuk atera inori inposatzeko asmorik gabe, hausnarketa gisa baizik. Eta uda honek, aspaldikoak bezalaxe, eliza eta udalen arteko konplizitatea islatu  dute, eta horixe jorratu nahi nuke.

Gobernu eta Erakundeen laikotasuna
Asko idatzi da,  nik neuk ere bai, Estatu, Euskal Gobernu eta Udalen laikotasunari buruz.  XXI. mendean euskal gizartea ez da orokorrean aurreko gizaldien antzekoa. Dena aldatuz doa: Pertsonak, ohiturak, sinesmenak..., ezegonkortasuna baita bizitzaren legeetarikoa. Niretzat herri batek bere tradizioak mantendu behar ditu, baina, ezin daiteke berean gelditu: gizaldiak  joan, gizaldiak etorri. Kultura, hain zuzen, tradizioa berrikuntzarekin aberastea litzateke kontua.  Esan nahi baita,lehengoa modernitaterekin lotzea, hemengoa mantenduz  mundura zabaltzea  Xabier Letek garai batean abesten zuen  Izarren hautsa datorkit burura:

“Izarren hautsa denboran zehar
bilakatu zen bizigai,
materiaren ordenamenduz
noizbait ginen handik erne
eta horrela bizitzen gera sortuz
ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe....”


Eta etengabeko aldaketaren ondorioz, Euskal Herri eta euskaldunok ez gara berdinak eta, eskerrak, esango nuke nik. Giza gaietan, sinesmenetan esaterako,  gizarte hau anitza da eta Gobernuak eta erakundeek aniztasun horri erantzun behar liokete. Herrietako festak froga aproposak dira laikotasun, ez konfesionaltasun hori benetakoa ala hitz hutsa den egiaztatzeko. Udan bi gune dira, batik bat, herriko festei gagozkielarik, non aipatutako konplizitate hori islatzen den: San Inazio eguna eta Arantzazukoa,  aurten Gipuzkoan jai izan dena. Nik hala uste nuen, alegia, sozialistek arlo honetan laikoagoak zirela edo izanen zirela, baina zera! Aurten ere Loiolako Basilikan han zegoen lehen lerroan Zelaa anderea,  Munilla Gotzainarekin elizkizuna zuzentzen. Non dago lau haizetara aldarrikatzen duten laikotasuna,  ezkonfesionaltasuna? Gai honi lotuta Bilduren jokabidea  azpimarratu eta txalotu nahi nuke. Basilika atariraino bai baina barrura ez, alkatea eta Foru Aldundiko Ahaldun nagusia herritar guztien ordezkoak baitira. Eta hor garbi utzi zuten sinesmendun eta sinesgabeen ordezko direla. Besterik da, eta jarrera hau bai izan zela hizpide  eta ez nolanahikoa, Ahaldun nagusiak presoenganako agertu zuen jarrera. Handik hurbil ETAk Iñaxio Uria hil zuenean. Egia esan, niri ere ez zitzaidan egokia iruditu: sentsibilitate falta nabarmena nabaritu nuen. Baina, laikotasunari buruz ari naiz  eta Elizakoa Gotzainari eta sinesdunei uztea oso ongi deritzot. Euskal gobernuarentzat eredu egokia da.

Arantzazukoan, aldiz, Euskal Gobernuak alderantzizkoa eta Foru Aldundiak aurrekoaren kontrakoa. Euskal Gobernuak esan ere, esan zuen, beraiek laikotasuna defendatzen dutela eta ez direla ekintza erlijiosoetara joaten. Gezurra eta kontraesan nabarmena!

Arantzazun, bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lehendakaria lehen lerroan ikusi genuen. Gotzainak zuzendutako elizkizunean..., hara beste kontraesana! Zertan geratzen gara Bilduko  hautagaiok?  Ez da nahikoa esatea Arantzazu euskara eta euskal kulturaren ikur direla. Hori gauzak nahastea da. Ez dauka zer ikusirik batak bestearekin. Mezuak garbia eta gardena izan behar du. Egia da, beste zenbait herritan, Donostian esaterako, jarrera garbiagoa izan dutela eta Udalbatza gisa ez direla elizkizunetara joan.

Sanmielak
Sanmielak gainean ditugu. Eta,aurreko legealdian, nahiz eta  alkatea Ezker Batukoa izan, ezin izan zioten herriko presioei aurre egin. Aurtengoak ez dakit zein jarrera hartuko duen baina, interesgarria litzateke Udalbatza, sinesmen kontuan, herri osoarentzat gobernatzen duela konturatzea. Urnietan ere  musulmanak, Jehobaren lekukoak eta seguruenik protestante batzuk ere izango dela. Ongi deritzot eta errespetu osoz diot, kristau sentitzen direnek eta bere agintariek elizkizuna  egiteari, baina herri agintariek, nahi dutenek, joan daitezela beste edozein kristau bezala. Ikustekoa!
Dena den, herriko festak izan daitezela aniztasunaren islada. Zorionak denoi!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!