Abuztuak jartzen dio, normalean, amaiera kurtso eta bizitza politikoari. Herritarrek oporrak hartzen dituzte, eta herri erakundeek ere bai herriaren bizitza kudeatzaile diren neurrian. Erakundeetan gutxieneko zerbitzuak mantenduko dira, baina orokorrean, itxita hitzarekin aurkituko gara. Oporrak eguneroko monotonia hautsi, eta gurpila horren jira-biran egiten ez ditugun gauzak egiteko balio izaten dute. Egunerokoari ihes egiteko ere aitzakia izaten da. Baina ez da jokabide zuzena barruan daramatzagun sentsazio, emozio, tristura eta alaitasunak uzi dituguneko asmoa, barruan daramagun motxila, edonora goazelarik, han izanen baitugu gurekin. Zuzenagoa, noski, oporrak aprobetxatuz, motxila txukundu eta itzulerako gauzak bere tokian jartzea, ez dadin gertatu joaterakoan baino neke gehiagorekin itzultzea. Hau dena, noski, geure bizitzari dagokionean, gizabanakoak ere baikara eta garrantzitsua da norberari erantzutea; norberaren bizitza txukundu eta bizitza balioak ordenan jartzea. Alderantziz, ezer gutxi egin dezakegu besteen alde.
Oporrak, ordea, norberaren atsedenerako ez ezik , herri baten partaide ere baikara, gure herriarekiko ditugun harremanak eta herri horren norabidearen balantzea egiteko ere balio dezakete oporrek. Nik,eta errespetu guztiz, beste edonork egin dezakeen gisara, balantze hori edo gure Herriak momentu honetan dituen arazo nagusiei buruz zertxobait esan nahi nuke opor aurreko Aiurri honetan.
Arabako Foru Aldundiko affaire-a
Azken zenbakietan, Aiurrikoan alegia, luze eta zabal hitz egin dugu azken urte honetan izan ditugun hauteskunde inguruan. Baina, niri bederen, azkenez idatzi nuenean, Arabako Foru Aldundia geratu zitzaidan airean. Zutabe hau idazterakoan jakitun gara gertatutakoaz eta oso gogorra, lotsagarria, tristea eta negargarria dela aitortu behar dut. Ez nuen uste Ezker Batua horretaraino irits zitekeenik. Botereak hondatu,usteldu egiten duela esan zuenak arrazoi osoa zuen. Baina, entzundakoak entzunda, lotsagarria deritzot gertatutakoari. Ez dakit gai izanen diren gauzak argitu,erantzukizunak eskatu eta bideari ekiteko. Jende zintzoa ezagutzen dut eta horiei diedan errespetuz, irtenbide egokiena opa dieta. Ea aurrera egiteko gai izaten diren. Dena den, orain du aukera EAJk ezkerrarekin bat egin eta Arabako Foru Aldundiari norabide hori emateko. Beldur naiz ez ote den PPrekin elkartuko,esaterako, fiskalitatean, lehengoan jarraitzeko. Denek egin beharko dute beren hausnarketa.
ETAren ingurukoa
Duela gutxi ageri bat kaleratu du, non zenbait puntu irakurrita, kezka sortu zait ea horrelako ageri batek politikara plazaratu den BILDUri on egingo ote dion. Jakina, nire iritzia da, guztiak bezala iritzi oso pertsonala..., Horrelako ageri batek, bizi dugun egoera kontutan hartuta, gorroto eta gaitzespen kezkagarriak sortzen ditu. Eta beldur naiz, Bilduri buruz agerian esaten direnak irakurrita, espainiar eskubiak, gorrotoa eta ezinikusia ezaugarritzat dituen eskubi horrek ez ote dituen iraganeko neurriak hartuko. Ari gara entzuten alderdi popularrarengandik boterea lortzen badu BILDU legez kanpo utziko duela. Gazteleraz esan ohi denez, “aviso a navegantes”. Nire irudiko ETAk ere oporraldi honetan hausnarketa egin beharko du, ez ote zaion komeni Herriak eskatzen dion bukaera hori garatzea eta BILDUk ere puntu hori kontutan hartzea. Horrez gain, Bateragune bezalako epaiek ez dute inongo zentzurik eta Gobernuak kontuan hartu beharko luke hori ere.
Oroimen historikoa
Duela egun batzuk Gasteizko parlamentuko ordezkariak Alemaniatik zehar ibili dira zenbait herrik biolentziaren ondorioz hil diren biktimen oroimena nola eraiki duten ezagutzeko asmoz. Honen inguruan gustatu zait Currin bitartekariak esan duena; alegia, Bilduk biktimak kontuan hartu beharko lituzkeela; geroa sortzeko oroimena beharrezkoa dela; ezin daitekeela puntu eta bukaera jarri. Jakina, Currik esandakoari orain Gasteizko Legebiltzarrean sortu den ponentzia erantsi beharko genioke, esan nahi baita, Aralarrek dioen bezala biktima guztiak oroituko dituena. Badirudi ekimen hau Eusko Gobernuko Giza Eskubideen arduradunak ere onartzen duela. PPk eta UPDk ez dute onartu eta kanpoan geratu dira. Ez da harritzekoa. Eta lehen esan dudana: horiek badatoz Espainia gobernatzera kontuz ibili. Ea gainentzako ordezkariek, PSOEkek barne, adostasun batera iristen diren eta Oroimen Lege on bat egiteko gai izaten diren.
Eta bukatu aurretik Biktimen Oroimenari ari naizelarik, duela 75 urte 36ko Gerran biktima izan zirenei nire oroimen beroena eta barnekoena, eta Diktadura garaian nirekin kartzelan egon ziren adiskide guztiei ere bai. Garai hartako oroimena egin gabe baitago. Egingo ahal da!!!!!!!!! Saiatuko gara.
Eta Aiurriko lankide eta irakurle guztiei opor zoriontsuak, eta itzulera arte.