Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dutela esan ohi da. Hori ondotxo dakite hedabideek izenburuarekin batera saiatzen baitira irudi edo argazki txundigarriak jartzen, eta askotan irudi horiek artikuluaren edukiak baino askoz gehiago adierazten dute.
Kontua da hauteskunde ondorengo honetan ere argazki eta irudi asko eskaintzen zaizkigula, eta, normala denez, horietako batzuk hainbeste aipatzen den aro berriari dagozkiola; beste batzuk, aldiz, ez hainbeste, pertzepzioa oso subjektiboa dela kontuan harturik, noski. Horrenbestez, irakurleren batek esan du ea noiz bukatu behar dudan hauteskundeei buruzko kontu hau. Laster batean bukatuko da. Udalak osatu ziren eta Foru Aldundiak, berriz, bukatzear daude Arabakoa falta baita; baina, aste honetako Aiurri kaleratzen denerako osatua izango da. Jakin-minez nago ea zer gertatuko den; gertatzen dena gertatzen dela emango du zeresana eta hizpide izango da seguruenik datorren asteetan gauza asko baitaude jokoan. Dena den, politikak hor jarraitzen du,eta politika herritarren aldeko jarduera denez, herritar orok du betekizuna jarduera horretan nola edo hala parte hartzeko. Beraz, beti izanen dugu zerbait hizpide.
Gaira itzuliz, niri adierazgarri ez ezik pozgarri ere izan zaizkidan irudiak aipatuko ditut. Lehen ere esan dut eta, pertzepzioa oso subjektiboa denez, niri gustatu zaidana ez du zergatik denen gustukoa izan behar.
San Juan bezperako gizon dantza
Gau honek berez duen xarmatik aparte, aurtengo suak Donostiako Konstituzio plazari beste sinbologia eman zion, esan nahi baita desberdintasunak errespetatuz elkar lana eta elkar errespetuaren balioak eman zizkiola. Udala, bere osotasunean, elkarri eskuak emanaz gizon dantza eskaini zuten. Desberdinari eskua ematea aro berri honetako ezaugarrietariko bat bada, ongi etorri aro eta Kultura berrira. Ez ahal da folklore hutsean geratuko, baizik eta urte osoan iraungo al du.
Donostiako Hiri Kulturala
Denok poztu gara, noski, Europako 2016 Hiri Kulturala Donostiari eman diotelako. Baina, niretzat pozgarriago izan da lehengoak eta oraingoak elkarrekin ikusi ahal izan baitira proiektu horren defentsan. Kezkak, lanak eta poztasunak ere elkarrekin bizi izateak desberdinen arteko loturak sortu ohi ditu, eta hau, aurrekoarekin batera kultura eta balio berrien adierazgarri izanen al da. Espero dezagun.
Donostiako Udako Euskal Unibertsitateko esku ematea
Donostiako Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroen hasieran, niri behintzat, ez zitzaidan zeharka pasa Lehendakaria eta Donostiako alkatearen agurra eta esku ematea eta, bazirudien esku ematea estua izan zela irribarre eta guzti. Detaileak dira baina, niretzat, esanahi handikoak nonbaitetik hasi behar baitu artikulu honetan aipatzen ari naizen adierazgarritasuna hori.
Arnaldo Otegi epaiaren aurrekoa
Hemen, irudia eta hitza elkartzen dira eta adierazgarritasuna bikoiztu egiten da. Madrilen ospatzen ari den epaiketan Arnaldo Otegik esandako hitzei garbiak eta argiak derizkiet, are gehiago bizi dugun testuinguruan. Hitzak irudiarekin elkartzen direla esan dut eta, bentan, konbentzimendu osoz esandakoak nerizkien. Mezu garbia jaurti zion ETAri, ez zegoen anbiguetaterik eta diskurtso egituratua eta argia benetan. Esan ere esan zuen: ekintza armatu bat ezker abertzalearen suizidioa litzatekeela. Argiagorik!
Izan dira adierazgarri izan diren beste zenbait irudi, baina kontrako zentzuan, esan nahi baita ezkorragoak, baina argi ilunak gizaki eta herri orok ditugu eta argiak ilunei gaindituz joanen direneko itxaropena manten dezagun.