Hitz honek, duela bi aste edo plazaratu zenetik, jirabira asko eman ditu eta, hizpide izan da komunikabideetan eta irrati telebistako tertulietan. Hezur-mamiak atera dizkiote eta, batzu- batzuek nola atera ere! Berehala esnatu ziren demonio guztiak eta, errukirik gabe bidali nahi zituzten esaleak sutara.
Kontua da, Frantziako polizia eta bi ETA kideen artean tiroketa bat medio, frantziar polizia bat zauritu zutela. Hori zela eta, Bildukoek adierazpen batzuk egin zituzten Frantzian gertatutakoa intzidentzia bat zela esanaz. Ondoren, ezker abertzaleak agiri gogorrago bat argitaratu zuen eta Bildurena, egia esan, motz xamar geratu zen. Nire irudiko, eta errespetuz diot, hanka sartzea izan zen eta ulertezina politikan urteak daramatzanengandik datorrelako; are gehiago, hauteskundeak direla eta Gobernua, PP, biktimak eta gainontzeko eskuin indarrak erne daudela non harrapatuko zain zerrendak inpugnatzeko. Jakin behar du Bilduk zein zelaietan jokatzen ari den, eta nahiz eta ongi jokatzen ari den, kontu handia izan behar du hanka-sartze horiekin. Argi eta garbi gaitzetsi behar ditu ETAren ekintza oro; gainontzean zailtasunak izango dituzte eta. Herri honek behar du horrelako indar metaketa bat, iritziak iritzi, herritar guztiek erakundeetan parte har dezaten eta, nolabait, herri hau normalizazio bidean jar dadin. Zalantzarik ez dago aurkeztutako zerrendak, aste honetan eman baitira ezagutzera, kontu handiarekin osatu izan direla. Alderdi guztiek sartzen dituzte beren zerrendetan independenteak eta ez dira inpugnatzen; eskubide berdina dute EAk eta ALTERNATIBAk. El Pais egunkariak onartzen zuen lehengo batean Batasunak izen garbiak aurkeztu dituela. Ikusi egin behar azken eguneraino.
Dena den, gaur hilak 23, larunbata, EAko burua eta Bilduko bozemailea den Pello Urizarren adierazpen batzuk irakurri ditut. Interesgarriak guztiz. Elkarrizketatzaileak pikardia askorekin zera galdegiten zion: “halere, Bilduko zerrendetan Ezker Abertzale tradizionalak du nagusigoa. Zergatik eman diozue protagonismoa zenbait zerrendetan lehen postua emanaz?”.
“Irudia anitza izatea nahi dugulako”, erantzun dio Pellok. Zerrendak herriz herri egin direla ere erantzun dio eta herri bakoitzari ongien erantzungo dien hautagaiak jarri dituztela. Jarraian, elkarrizketatzaileak Bilduren zerrendak inpugnatzeko edo atzera jaurtitzeko arriskuaz galde egin dio eta aipatu ere, aipatu dio PPrengandik badatozela berriak esanaz plantxak zikinduta datozela Batasuna eta ETA medio. Erantzuna: “Inpugnatu nahi badituzte frogak asmatu beharko dituzte, ez baitago arrazoi juridikorik inpugnazioa justifika dezakeenik. Soberanista esparruak zerbaitetarako balio behar du, ez kalean egoteko soilik, erakundeetan ordezkaritza izateko baizik. Horretarako legea bete beharra dago. Eta, beteko dugu”. Erantzun bikaina! Hurrengo galderan ere aipatzen dio Bilduko hautesle guztiek sinatu duten kodigo etikoa, non esaten baita bide politiko eta baketsuen alde daudela, eta indarkeriaren kontrako jarrera baten alde. Zein jarrera hartuko du Bilduk baldin eta epaileek atzera jaurtitzen baditu? Erantzuna: “Gertaera horrek ez luke bake prozesua etengo. Gure apustua bide luzekoa da. Ez da geratuko. Zalantzarik gabe, baliabide eta errekurtso guztiak erabiliko genituzke Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunaleraino iritsi arte. Erantzun honi txalogarria deritzot eta, nire irudiko, bide hori egin behar dute baldin eta Erakundeetan parte hartzeko ahalegin guzti hori Epaileek hankaz gora jaurtiko balute. Nolabait, Espainiako Demokrazia nabarmen geratuko litzateke Europa guztian”.
Niretzat, hainbeste adinako garrantzirik ez duen beste galdera bati buruz bere iritzia eskatzen diote. Esan nahi baita, ETA ren barruan zatiketarik egongo ote den. Niretzat, hipotesi horiek guztiak kulebroi baten antza dute, eta komunikabideen hizpidetarako egokia. Ez du beste baliorik.
Badirudi Bilduk Gipuzkoako Lurraldean bilduko dituela bozka gehien. Eta hasiak dira kezkak eta beldurrak nola geratuko ote den lurralde hau. Hemen, itunen arloan sartuko ginateke eta, askotan esan dut besteen itunak erraz kritikatzen direla, antinatura direla eta ez dakit zer eta badakit zer, baina denak elkartzen dira deabruarekin ere boterea lortzeko balio badute. Eta hau, ez da PSOE eta PPren artekoa bakarrik, besteena era bai. Hasi dira EAJkoak Donostian PSOE eta PP elkartuko direla EAJri alkatetza kentzeko. Zalantzak ditut Elortza PPkoekin ezkonduko litzatekeen, baina bada beste zurrumurru bate ere, alegia, PP eta EAJ prest daudela Elortzari alkatetza kentzeko.
Beraz, erne. Ikusiko duzue zer nolako ezkontzak emanen diren.