Duela gutxi, zutabe honetan bertan Sorturen sorrera zela eta Udaberriaren irudiaz baliatu nintzen, urtaro hori baita, hain zuzen, Natura Neguko ilunalditik Udaberriko argira eta bizitza berrira jaiotzen den aroa. Sortu ere sortu zen, eta kimu berri bat bailitzan, Euskal Herriko politikara plazaratu zen lora bilakatzeko asmoz. Herri honetako gehientsuenak ongietorria eman genion.
Baina, zenbaitetan Naturan gertatu ohi denez, nahiz eta udaberria izan Neguak azken ostikada batzuk ematen ditu eta, elurteak ere ekartzen ditu lora eta kimu berriak astinduz. Sortu berria den Sortuk ere atzera egin behar izan du epaimahai gorenak ez duelako bere legalizazioa onartu.
Orduan, jurista ospetsuak aipatzen nituen, zeintzuk juridiko aldetik ez baitzuten eragozpenik ikusten legeztatu zedin. Eta, Gorenaren ebazpenean izan du isla iritzi horrek. Bederatzitik zazpik, Gorenaren osaketari nagokio, noski, legeztatzearen alde bozkatu zuten eta, dirudienez, ez da inoiz horrelako alderik izan. Aurretik juridikoki Sortu erabat garbia zela ziotenek, oraingoan harrituta geratu dira Gorenaren ebazpena dela eta. Azken berrien arabera, badirudi Sortuk helegitea jarri duela Konstituzionalera jo aurretik. Interesgarria litzateke eta bidezkoa aurkeztea iritzi guztiak aukera berdina izan dezaten. Ea zortea duten eta hauteskundeetara garaiz iristen diren.
Dena den, orain Bildu sortu da EA, Alternatiba eta independenteez osaturiko koalizioa. Normala deritzot bi alderdik beren zerrendan independenteak izateari inori azalpenik eman gabe. Lehenik, Nafarroan izan da eta orain Erkidegoko eskualdeetan. Ez da ahaztu behar, ordea, Nafarroa Baik bere bidetik jarraitzen duela eta iskanbila ugari izan dituztela erabat apurtu aurretik. Esan dezadan hor ere botere kontua izan zela eta prepotentzia handia. Lehendik zerbait eratua baldin badago, normalena bere arauak errespetatuz koalizio horretan sartzea da. Dena den, Nafarroan ikusiko da zeinek lortzen dituen bozka gehien. Baina, lastima da, halaber, hain zatituta aurkeztea.
Duela astebete edo Gipuzkoan azaldu dira: hemen ere koalizioan, Alternatiba eta independenteekin. Festa giroan egin zuten aurkezpena, kalejira eta guzti. Baina, dirudienez ez zuten izenik eman, alegia, nortzuk izanen diren zerrenda buruak. Hor ere botere lehia? Seguruenik. Beraz, Herri honetako puzzle xelebrea horrela dago: Sortu Epaimahai Gorenean; Bildu aurkezteko prest eta pentsatzen dut herrietan ere aurkeztuko direla talde bezala, Bildu taldekoak ez baitira herri guztietan izango.
Alta, zenbaitek, batik bat, Espainia mailan, Bilduri B plana deitu diote eta, badirudi zerrendak lupaz begiratzeko asmoa dutela. EAkoek esandakoa gustatu zait, alegia, agiri bat eginaraziko dietela hautatuei printzipio etikoen arabera jokatuko dutela esanaz. Hori, noski, bermea da gerorako. Eta, alderdi guztiek egin behar lukete. Zerrendak lupaz ikusteaz gain, Espainiako eskuina ere hor dabil, egun batean bai eta bestean ere bai, oihuka eta mehatxuak, gezurrak han-hemenka zabalduz. Larunbateko Madrilgo manifestazioa ildo horretatik zihoan, zalantzarik gabe.
Baina, ETAk berak ere ez ditu gauzak errazten. Frantzian izandako tiroketan jendarme bat zauriturik suertatu zen. Bat esan dut baina, irakurri dudanez, hiru tiroketa ere izan ziren. Eta, ohikoa denez, ETAren ekintza honek, behin berriro, eztabaida sortu du eta, noski, Sortu eta Bilduri ez diote onik egiten, alderantziz, kalte ugari. Zenbait alderdik, nazionalistak barne, gogor salatu dute. Gernikako adierazpenean garbi esaten zuten ETAk inongo baldintzarik gabe armak uztera zuzendu behar zituela bere urratsak. Oraingo honetan Gernikako adierazpen sinatzaile gisa ez dute adierazpenik egin, bakarka baizik. Ez dakit Gernikakoa ere oso trinko ote dagoen. Bilduk koalizio bezala agiri bat eman zuen argitara. Nire irudiko anbiguoa eta ahul xamarra. Intzidentziatzat jotzea horrelako ekintza bat, eta momentu honetan, ez da batere egokia. Sortuk eta Batasunak ere ez du ezertxo ere esan. Euskal Herrian, gehienok pentsatzen badugu ETA ETA dela eta Sortu alderdi politiko bat, hori egunerokoan agertu behar dela deritzot. Bakoitzak egin dezala bere bidea, nahiz eta, nire irudiko, Sorturen legeztatzeak bake bidea erraztuko lukeen.
Pentsa dezagun NOLA EDO HALA orain arte kanpoan geratu direnak aukera izango dutela bozka askatasunez emateko, eta, halaber, espero dezagun errespetuz eta prepontentziarik gabe, nork bere ordezkaritzarekin arituko direla Herri honen onerako; ETAk, berriz, hobe duela, nire iritziz, berandu baino lehen armak utzi eta preso gizagaixoen egoera konpondu.