Lehenik ezkontzak izan ziren aldaretik aldendu zirenak zenbaiten harridurarako. Nork pentsa egungo gaurkotasuna eta maiztasuna lor zezaketenik. Badirudi, gaur zibiletik ezkontzen direnak askoz ugariagoak direla elizatik ezkontzen direnak baino. Esaterako, aurtengo urtarrilean sei bikote ezkondu ziren elizatik, eta hirurogeita hiru zibiletik. Hori guztiari zera erantsi beharko genioke; alegia, gaur gizartean bizimolde anitz daudela: ezkondu gabe elkarrekin bizi direnak, bakarrik bizi direnak, noizbehinka elkarrekin bizi direnak, bi gizonezko, bi emakumezko eta auskalo...
Bide zibilari jarraituz, hasiak dira hileta zibilak ere, ez ezkontza zibilak bezain ugariak, baina nabarmenak dira urratsak sekulartasunerako bidean. Oraindik ez gara iritsi, noski, ingelesak eta iritsi diren mailara, non ospakizun laikoak burutzeko profesionalak dauden. Hileta zibilak ere, hildako eta bere familiaren arabera modu desberdinak hartzen ditu. Asko dira mendian, itsasoan eta, poema eta abesti artean agurtzen direnak. Heriotza bizitza bidean azken momentua da eta, horrela, gero eta naturalagoa da hildakoaren biografia pertsonala eta bizi idealak errespetatu eta horien arabera hileta antolatzea.
Baina, egin izan diren eta egiten diren errito laiko horiek ofizialtasuna falta zuten eta, nolabait, herritar askoren beharrari erantzun, esan nahi baita, familiartekoak zibilez agurtu nahi zituzten horien eskaerari. Udalak presta ditzake, noski, leku duinak,dotoreak eta medioz jantziak. Ez da nahiko, nire irudiko, edozein leku ziztrin eskaintzea eta egokitzea. Duintasunez hil eta duintasunez agurtzeko eskubidea dugu eta, lehen esan bezala, duintasun benetakoa hildakoak nahi zukeen modura egitea litzateke Eta, zorionez, zenbait Udala ari dira eskaera horri erantzuten.
Datuen arabera, zorionez, Gipuzkoan badira, jada, 18 Udal edo hileta zibilak egiteko toki publikoak eskaintzen dituztenak. Horrek esan nahi du gizarte anitza onartzen dugula eta laikotasun bidean ere urrats garrantzitsuak ematen ari garela. Eibar izan da aitzindari. Hileta zibilak nola egiten dituzten azaldu du egunkari batetan Andueza, Eibarko Udalean zinegotzi dena eta hileta zibilez arduratzen denak. Hori dela eta, apaiz laikoa ere deitzen diote. Berak dioenez, familiartekoak eta lagunak dira nola egin esaten dutenak. Batzuk abesti jakinen bat eskatzen dute zeremoniarako eta, horrela egiten dira, beti ere,familiartekoen nahia errespetatuz beraiek baitira hildakoen nahia ondoen ezagutzen dutenak. Eibarrez gain, Azpeitia, Bergara, Legazpi, Urretxu, Zarautz etab aipa genitzake.
Baina, izenburuari helduz, Hernanitik dator notizia, Hernanikoa aipatu nahi nuke, gai honi dagokionez azken herria baiitzateke.Jakin dut laster onartuko duela Hernaniko Udalak Osoko bilkuran hildakoen aldeko agurrak edo omenaldi zibilak egiteko araudia. Araudia eskuartean izan dut eta atarikoa asko gustatu zait, nire artikulu honetan esandakoaren laburpena baita. Horregatik jarri dut aurretik sarrera gisa. Honela dio: “Gizarteak berez badaki estatu ezkonfesional eta laiko batean pertsonen eta komunitateen askatasun ideologikoa, erlijiosoa eta gurtzakoa bermatu behar dutela erakundeek... Gaur egungo gizartean ezinbestekoa da hildakoen aldeko hileta eta omenaldi zibilak egiteko aukera ematea...”. Hau da aniztasunari erantzutea. Araudia oso ondo zehaztua dago artikuluz artikulu. 8.ean eta, hileta edo omenaldiari buruz diharduenean honako hau dio: ”Eskaera ikusita alkatetzak edo berak ordezko izendatzen duen zinegotziak erabakiko du hileta edo omenaldi zibila udalaren zein lekutan egingo den;normalean hilerriko kaperan, Atsegindegin eta udaletxeko areto nagusian egingo dira,azken honetan astelehenetik ostiralera”.
Benetan luxu bat deritzot. Udal hauteskundeak datozenez, ez legoke gaizki inguruko herriek ere, Urnietakoak barne, horrelako zerbait planteatuko balu, Urnietak badituelako gune egokiak eta dotoreak. Eta Urnieta diot urnietar sentitzen naizelako.
Ea hauteskunde kanpainan herritarren behar guztiei erantzungo dien programa egoki bat aurkezten duten, jaiotza, heriotza, bizitza gizakiaren une garrantzitsuak baitira.