Oroimen historikoari buruz luze eta zabal hitz egin da, bi hitz horien barnean gerra denboran nahiz ondoren sufritu duen jende askotarikoa baitago. Nik, neuk ere, gai honi buruz pare bat aldiz idatzi dut; azken aldiz, “Izarren Argia” filmaren gaian oinarrituz, Francoren garaian Saturrarango kartzelan emakumeak jasan zituzten tortura eta irainei buruzkoa. Zer esanik ez, eta hauez gehiago idatzi eta aztertu da, fusilatu eta desagertuei buruz. Orain pil-pilean dago haur lapurtuen gaia, nahiz eta, dirudienez, gerra ondorengoa izan. Eta, seguruenik, elizaren partaidetzarekin, Frankismoa eta eliza ofiziala ezkontza estuan bizi izan baitziren.
Non kokatu, ordea, Gerra zibilari dagokion oroimen historiko hori. Hemen ez gara sartzen, noski, nork bere guraso edota senideekiko dituen sentimenduetan, sentimenduak ideologiatik haratago baitaude. Niretzat argi dago Gerra Zibilaren altxamendutik hasi eta Diktadorea hil arterainokoa dela, eta hor sartzen direla Diktadura horren kontra erabatera edo bestera borrokatu ziren guztiak. Horregatik, nire irudiko, oroimen hori gogora ekartzerakoan, oroimena gaurkotzean ezin da bereizketarik egin.
Testuinguru honen barnean kokatzen ditut Txiki eta Otaegi, esan nahi baita oroimen historiko horren barnean, Frankismoaren kontra borrokatu baitziren. Garai hura bizi izan genuenok gogoan dugu 1975ko irailaren 27a. Franco azkenetan zegoen baina ingurukoez baliaturik, noski, gai izan zen FRAPekoak eta eta Txiki eta Otaegiren fusilamendua baimentzeko. Nik atzo gertatu izan balitz bezala gogoratzen dut. Segoviako kartzelan geunden eta, nolabait gure protesta agertu nahi eta gose greba hasi genuen. Ondorioz, isolamendua. Baina beti geratzen zen norbait egin gabe eta horren bitartez, nola edo hala, berriak jasotzen genituen. Eta horrela izan genuen Txiki eta Otaegiren eta FRAPekoen militanteen fusilamenduaren berri. Lau horma artean haserrea, frustrazioa sentitzen da eta, noski, ezintasuna. Sentimenduak ere areagotzen dira. Guk ez genuen zalantzarik, hauek ere Diktaduraren biktima izan ziren.
Horrela ba, kontua da oraintsu irakurri dudala Amorobietan edo inguruan bertako kale bati Txiki eta Otaegi izena eman nahi ziela. Baina galarazi dute, nahiz eta Diktadura ondorengo ETAk ez bezala jokatu eta, Francok fusilatuak izan. Arrazoiak: ETAko terroristak zirela. Historiagileek abilezia zorrotza dute historia desbideratu eta azkenean gezurra dena egia bezala agertzeko. Esan ohi denean ETAk 50 urtetik gora dituela esatea ez da egia osoa, eta ez da egia zati bat ere. Trantsizio aurretik, esan nahi baita Franco hil ondoren ireki zen trantsizio garaian sortu zen ETAk ez zuen zer ikusirik aurrekoarekin eta, halaber, Francoren garaian burututako fusilamendu eta atxilotzeak ere ez. Bestela, gu ere, urteak Francoren garaian kartzelan eman genuenok terroristak ginateke eta, nik behintzat, ez dut nire burua horrelakotzat hartzen. Txiki eta Otaegi, trantsizioaren aurreko ETAko kideak Frankoren biktimak izan ziren. Ongi legoke historiari zor diogun egiagatik garai bateko eta besteko biktimak bereiztea. Eta, beraz, ez dut ikusten arazorik udaletxe batek, gehiengoz, herriko kale bati bi militante horien izenak jartzeko. Horrez, gain, entzuna dut irailaren 27an arazoak egon direla Zarauzko hilerrian Txiki oroitu nahi izan dutenean. Ez dezagun historia zaku handi batean bihurtu, non motroiloan sartzen ditugun biktimak, hangoak eta hemengoak, atzokoak eta gaurkoak. 1976-ko martxoan Gasteizen hil zituzten langile haien oroimena ere hor dago eta hori agertzeko ez dut uste debekurik egoten denik.
Duela gutxi onartu zen euskal parlamentuan biktima ororen memoria, ETAk hildakoak eta polizia nahiz estatuko indar armatuek eraildakoak. Hori aurrera eraman nahi izan zuten alderdi politikoek kostata baina lortu zuten. Nire irudiko, Frankismoaren azken garaiko biktima horiek ere, bereiztuta, noski, denboran, memoria horretan sartu beharko lirateke, gurekin batera borrokatu baitziren eta, askotan, gure ondoan izan genituen.
“Txiki eta Otaegi ere: In memorian”.