Udaberri atarian gaude. Natura eta berarekin bat egiten dugun gizakiok bagoaz neguko lozorrotik esnatzen. Eguzkiaren argia indartsuagoa da; beroa ere goxoagoa eta Naturak eskaintzen digun ikuspegiak kolore askotako koadro bat dirudi. Lurretik sortzen den energia horrek, zalantzarik gabe, barne bizitzari indar berria ematen dio. San Jose loriak han-hemenka sortu dira, argi loreak bailira, eta zuhaitzetako kimu berriak ere burutxoa erakuts nahian dabiltza, beraiek ere sortu direla adierazi nahiez edo...
Gure herri honetako ikuspegi edo panorama politikoan ere lora edo kimu berri batek bizitza politikora jaio edo sortu nahi izan du. Natura eta gizakion antzera, alderdi politiko berria ere, isilean hausnarketa sakonean egon ondoren, eta lanak ongi egin dituelakoan, badirudi politika eremuan lan egiteko prest agertu dela, ikusi baitu orain arteko bideak ez zeramala inora.
Beraz, Sortu sortu da.
Kontua eta kezka da, bere helburuak lortuko ote dituenetz. Herri honentzat pozgarria eta onuragarria litzateke panorama aberastea, eta aniztasuna eta askatasuna errespetatuz, elkar lanean ihardukitzea gure herri hau hiritarren herri bat izan dadin ideologietatik haratago. Bilboko manifestazioa hain jendetsua izan bazen aniztasunean oinarritzen zelako izan zen. Legalizazioan zuten aurki gunea, eta ongi egin zuten ibilbidea isilean egitea, isilik egoteak asko balio baitu eta isiltasuna beti baita adierazgarria.
Baina, lege aldetik makularik eta orbangabea diruditen estatutuak, hala diote behintzat nik irakurri eta entzun dieten aditu gehienek, eskubia eta berari loturiko zenbait elkartek hasia dute Gurutzada Santua Sortu legeztatua izan ez dadin. Jada, zenbait komunikabide eta Agintariek, hala nola fiskaltzak eta polizia berak, emana dute sententzia legalizazioaren aurka, noski. Eskerrak Sortu berak esana duela bere helburua ez direla maiatzeko hauteskundeak, luzarorako estrategia dela baizik. Egia da, egon badaudela beste zenbait gai; alegia, biktimak, aspektu etikoak etab. Baina kontu bat da alderdi juridikoa eta bestea politikoa eta honekin loturik leudeke etika, biktimekiko jarrera etab. Ez dira mi mailak nahasi behar. Beste gai horiek gerora plantea daitezke, garrantzitsuak izanen baitira herri honetako itxurazko normalizazioa lortzeko. Ez da ba esaten, bi karril desberdin dituela egoeraren konponbideak, esan nahi baita, bakea eta normalizazioa. Niretzat garbi dago kasu honetan legalizazioa juridiko aldetik zuzena bada, eta hala dirudi, Sortu legeztatu behar dela. Beste kontua da ETAren desagerpenak legalizazioa bermatuko lukeela eta, horrela, normalizazio bidea eta Bakea batera lihoazke. Horrez gaian, estatuko bi alderdi nagusiek bat egin dute Kongresuak hauteskunde legea zorroztu eta areagotzeko. Alegia, legearen arabera, hauteskunde garaian edo ondoren Sortuk estatutuak betetzen ez dituela frogatuko balitz, hautetsiei bere kargua ken diezaiekete. Zer gehiago nahi dute. Sortuk estatutuetan agerturiko jarrera bidea eginean frogatu behar duela ere behin eta berriz errepikatzen da: bidea. ordea, eginaz frogatzen da eta, horretarako aukera eman behar da.
Halere, ETAren desagerpena ezinbesteko baldintza da bakea lortzeko. Bilboko manifestazio erraldoia hartan Bakerantz esaten zen baina ez zegoen hain garbi. Eta ondorengo egunetako eztabaidaren batean agertu zen puntu hau. Ezker Batukoak esan zuen manifestazioaren aurreko bileretan garbi utzi zela hitz horrekin ETAri garbi esan nahi zitzaiola desager dadin. Nire irudiko, beti gabiltza Estatuarekin tirabiran baina, Estatutuak ez zutekeen arriskurik izango ETAk Sorturen jaiotzarekin batera borroka armatua uzten zuela adierazi izan balu, Gernikako adierazpenean agertu ohi den bezala. Niretzat, garaiz errenditzea, ez da koldarkeria edo ahulezia, ikuspegi zuzena eta garbia edukitzea baizik. Gaur irakurri dut Sortu prest dagoela, garaia iristen denean, ETAri eskaera hori egiteko. Nire ustez, berandu baino lehen askoz hobeto; horrela izanik, ez baitute aitzakirik izango legalizazioa oztopatzeko.
Dena den, hainbat urteetan egun honen zain egon ondoren, denok lasaiago sentituko gara Sortu herriak eman diezazkioken bozekin parlamentuan eta erakundeetan ikusiko bagenu. Niretzat balizko legalizazioak ez du Euskal Herrian lurrikararik sortuko. Orain arteko alderdi politikoek bezalaxe, Sortuk aukera izanen du politika egiteko eta politika egitea besteen iritziak errespetatu eta kontsentsu bidez Herri honi mesedegarri zaion bidea urratu eta lantzea litzateke. Eta ezkerretik bada hobe. Etor bedi, beraz, Sortu herri honetan aspaldi sortu zen elkarte politikora.