Askotan esan eta salatu ohi da euskara arma ideologiko gisa erabiltzen dela norbere politika eta ideologiaren onerako eta probetxurako. Puntu honetan ere, aurrerapen gutxi eman deneko sentsazioa dut. Egia da, diktadura eta ondorengo lehen urteetan, non euskara zapaldua eta zigortua aurkitzen zen, euskararen aldeko lanak batzen gintuela. Gerora, ideologia desberdinak sortu ziren, eta borroka ideologia mailan kokatu beharrean, hizkuntza tartean sartu zen eta ordutik honakoa aipatu arma ideologikoa izan da. Halere, itsua izatea litzateke ez ikustea gaur euskarak lortu duen estatusa guztion lana izan dela, esan nahi baita erakunde eta herritar isilaren lanari esker, azken batean, ideologiatik haratagoko lanari.
Izan ere, gure artean bada beste uste bat niretzat erabat faltsua dena; alegia, euskaraz mintzo, idatzi edo euskaldun sentitzeko nazionalista izan behar dela, nazionalismoaren esparrukoa, nazionalismoa ideologia bezala hartuta. Abertzalismoa eta ideologiaren arteko desberdintasunari buruz aurreko Aiurrin idatzi nuen eta hango adibideak honetarako ere baliagarriak dira. Herri honetan, diktadura garaian nahiz ondorenean asko izan dira esparru horretatik at egon eta euskararen alde lan ugari egin dutenak. Zoritxarrez, oraindik entzuten dira, batik bat, oposizioaren aldetik: boterean daudenak euskarari gorroto diotela eta antzekoak, nahiz eta beraien arteko askok euskaraz ez jakin edo arinaiztarren kofradiakoak izan; esan nahi baita, nahiz eta euskara ikasten urteak eraman ez direla gai esaldi txukun bat ere egiteko. Hori bai dela euskara arma ideologiko gisa erabiltzea boterea berrekuratzeko asmoz.
Dena den, lantxo honetako tesia frogatzeko, azken aldiko zango sartze bat aipatu nahi nuke. Eta ondo sartu ere. Nor izango eta Patxi Lopez lehendakaria... Euskararen Aholku Batzordean eta, lehen bileran, esan zuen: Indarkeria azkenetan zegoela eta euskarak ere Askatasunarekin bat egingo zuela. Nire irudiko, ETAk eta Euskarak ez dute zerikusirik, nahiz eta egia den ETAk herri honetako erakunde, talde eta pertsona asko zipriztindu dituela. Esan dezadan, beraz, esaldi horrek ez zuela ez zentzurik ez lekurik. Agian batzordeko norbait xaboitu nahiko zuen, baina hori ez da kontua eta salatu beharra dago. Egia da, horren ondorioz iritsi diren kritikak ere, nik irakurri eta entzun ditudanak behintzat, denak gaztelaniaz izan direla. Bitxikeria, noski. Gobernutik saiatu dira Lopezen asmoa gezurtatzen. Horietako bat Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako Sailburuordea; baina nahiz eta bera abertzalea, euskaldun peto-petoa, nahiz eta ideologiez nazionalista ez, independentista ere ez, noski, baina halaxe esaldia justifikatzea ez deritzot ondo, nahiz eta horrelako xextrak, boterea oinarritzat dutenean, batzuengandik eta besteengandik etorri ohi diren.
Euskara guztiona bada, ideologiarengandik bereizten ikasi beharko dugu, eta alde batekoek nahiz bestekoek gure herri eta hirietan euskarak estatus soziala lor dezan saiatu, esan nahi baita irakaskuntzan, osakidetzan, herri erakundeetan etab...
Honen ildotik, azken aldi honetan nire tesi honen aldeko bi gertakari aipatu nahi nituzke. Bata Urnieta 59 ikuskizuna. Halabeharrez, Andoainen ikusi ahal izan nuen eta txalo eta algaren artean nire gogamenean honako hausnarketa egin nuen: estetika aldetik eta hizkuntza aldetik hain atsegina izanik, hor parte hartu dutenak ideologia desberdinekoak izan daitezke, normala denez, baina talde gisa euskarak batu ditu. Estetikoki oso ongi garatua iruditu zitzaidan eta euskara aldetik ere lortua. Beraz, zorionak hain emanaldi zoragarria eskaini ziguten guztiei.
Bestea: Duela gutxi, eta martxora arte irauten duela uste dut, Legebiltzarrean Etxepareren euskarazko lehen liburua ikusgai jarri dute: “Euskara, Jalgi adi plazara”. Xabier Kintana ibili dela komisario lanetan entzun dut eta lehen aldia dela horrelako lan bat hegoaldeko parlamentura ekartzen dutela. Badakigu, jakin, euskal parlamentua dela herritarren ordezkoa nahiz eta, oraingo honetan, denak ez egon; espero dezagun hurrengoan herri osoa ordezkatuko duen parlamentua izatea. Gaurko zati handi baten ordezkaria da eta Etxepare bezalako baten euskarazko lehen liburua ikusgai egotea niretzat behintzat pozgarria da; eta garbi ikustarazten dit euskara ideologia guztien gainetik dagoela.