Xabier Lete, in memoriam

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2011ko ots. 2a, 18:12

“Solasean aritu ginen
eta begiak erabat jaso gabe
galdetu zenidan
zer ote da eternitatea
bai al legoke iraunkortasunik haientzat
baina nik ez nekien
eta arratsaldeari begira
erantzun nizun
eternitatea gugan legokeela
gu ginela hildakoen betikotasuna.
[Egunsentiaren esku izoztuak, Xabier Lete]


Zertara datorren poema hau  galdetuko du norbaitek. Aitorpen batekin  erantzun nahi nuke. Xabier Leteren heriotzaren berri izan nuenean, barne emozio eta sentimendu munduak astindu bortitza jasan zuen. Bere bizitzaren zati handi bat, esan nahi baita abeslari eta poeta gisa pertsona publikoa bilakatu zenetik, hurbiletik jarraitu dut, batik bat, bere disko eta poemen bidez. Beti pentsatu izan dut gizon sakona, bide urratzailea, aldakorra, irekia eta pentsalari sakona izan dela. Eta gehien miretsi ninduena zera izan zen: nola kudeatu zuen bere heriotza, bere sinesmenetik, noski, baina errespetu guztiz, niretzat gizakiak askatasunez kudeatzen duen heriotza, edozein  modutan dela, heriotza duina dela uste dut, eta Xabierrek, bere sinesmenaren arabera,hori lortu zuen.

Eta berak aipatu poeman dioen bezala,eternitatea gugan legokeela, gu garela hildakoen betikotasuna. Nik poema interpretatuz, pentsatzen dut hildakoen izpiritua (eta ez naiz ari tradizioz eliza katolikoan arimaz ulertu denaz) gure barnean zein Unibertsoaren munduan legokeela, Unibertsoaren edo Naturaren partaide  garen heinean. Eta nik, Xabier Lete oroimen horretatik bizi nahi nuke, eta Aiurrik ematen didan aukera  nireganatuz, berak eginiko zenbait adierazpen aipatu nahi nituzke, niretzat gaurkotasun bizia baitute.

Abertzaletasuna
Hil ondoren, Sautrela, ETBko programak bizpahiru programa eskaini zizkion. Batean, abertzaletasunari buruz galdetu zioten. Erantzuna garbia izan zen: abertzalea Aberri honetan bizi den oro da. Adierazpen honek pista bat eman zidan, aspaldidanik hitz honen inguruan nire buruari mila galdera egin baitizkiot. Zergatik herri honetan, hemengoa izan, euskaraz jakin irakurtzen zein idazten eta nazionalismotik at dagoelako abertzalea ez dela esan behar da. Adibide batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi da. Ba hor doa bat: nork esan dezake Urnietako alkatea, Ezker batukoa izanik, ez dela abertzalea? Nik uste nuen abertzale-espainolista dikotomia hori gaindituta zegoela eta  gu kartzelatik atera gineneko kontua zela, irain eta jipoi bat baino gehiago ere jasanak baikara abertzale deitzen ziren horien partetik. Eta bitxia: autodeterminazio eskubidea defendatzen  genuen eta , horra hor, Historiaren ironiak, gaur denon ahoan dabilen hitza da, ETAk barne. Herri honetako hitzak, kontzeptuak eta jarrerak, hitz batean esan da:  errespetu kultura baten alde lan egin beharko da XXI. mendean baikaude.

Alderdi Politikoek trebezia dute kontzeptuak eta errealitatea bereganatzeko eta Herriari demagogiaz hitz egiteko. Iritsiko dira hauteskundeak eta ikusiko duzue EAJko Ortuzar eta beste zenbaitek,  nola hasiko diren hitz hauek erabiltzen mamua baletor bezala. Denborak esango du.

Beraz, abertzaletasuna, nire irudiko, sentimendua da,  herri batekoak gareneko sentimendua; eta besterik litzateke ideologia eta hor, nork herri honentzat nahi duen egitura sartuko litzateke.

Errukia
Bere bizitzaren azken urratsetan Erruki sentimendua asko landu zuen Xabierrek. Sentimendu hau, niretzat unibertsala da; edozein gizakiri dagokiona, katolikoa,kristaua, budista,  ateoa edo agnostikoa  izan. Baina, bestalde,  erabat ahaztua. Lehen aipatu poema liburuan badu Xabierrek Imanol Lartzabal kantariari eskainia, herri honetan, nahiz eta abertzalea izan, Imanolek asko sufritu baitzuen, bere ideologia medio. Xabierrek poema bat eskaintzen dion, niretzat erruki sentimenduaren adierazpen sakona eta herri honek, ETAren amaiera ematen denean landu beharko duena Herri normalizatua egin nahi badugu.

“Ekaineko arratsalde bat zen
eta hitzek izenda  ezin zezaketen
hunkidura bat zegoen airean
mindura mutua lagunen bisaian.
Zu agurtu zintugunean
han jendeak itsasegira
zeharka dutenean begiratzen
erru bat, akats baten zauriak
ezin xukatuz, oparitu nahiko genizun azken
eskuzarta bat  edo agian barkamena eskatu
hainbestetan bakarrik utzi zintugulako
erruki gaitzazu gu
zu behar hainbat errukitu gabeok.”

Xabier adiorik ez!!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!