Biktimek negar malkoak baino oroimena eskatzen dute, oroimena baita barnean daramaten sufrimenduaren zulo sakon hori sendatzeko bide bakarra. Jakina, oroimenak eginiko kaltea eta errua aitortu, barkamen sentimendua kanporatu, eta ordaintzera eraman behar du, elkarbizitza suspertu eta bermatu ahal izateko. Gure Herri honen historian askotan eskatu izan da Oroimen hori, 36ko Gerratik hasi eta gaurdaino. Baina, beti edo gehienetan behintzat, politikoen interes eta liskarrek eskaera hori zapuztu dute.
Aurreko Euskal Gobernuan, kezka hori biziki sortu zen, ETAk eragindako erailketak ugarituz baitzihoazen, eta ez Euskal Herrian soilik Estatu osoan baizik. Biktimen elkarteak sortu ziren han-hemenka eta elkarte bat baino gehiago zenbaitetan biktimen ideologiaren arabera. Biktimen gaia gizartean barneratuz doan heinean, ahalik eta indar gehiago hartzen du biktimen oroimenaren beharrak, neurri handi batean gizarteak berak hala eskatuta. Betiko kontua da: gizartea politikoen aurretik doala. Eta, gaia, biktimen Oroimenarena alegia, ideologiaren aldetik baino sentimenduen aldetik bideratzen ez den bitartean beti izango da manipulagarria politikoek, batik bat, ideologia mailan mugitzen baitira eta hortik sortu dira elkar gorrotoak, ezin ikusiak, eztabaida antzuak eta alderdien arteko liskarrak. Bitartean, hor ibili dira eta hor dabiltza alderdiek zein biktimen elkarteak elkarren arteko liskarretan Herri honi dagokion Oroimen oso bat ezin eginik. Egia da, halaber, ETAren terrorismo beldurgarriak ez duela gehiegi lagundu biktimen gai hau bide egokitik kudeatzen eta zuzentzen.
Dena den, gizarte zein gizabanakook, dikotomia edo zatiketa batean bizi gara, esan nahi baita bi ertzetan mugitzen garela: onak eta gaizkileak, Ongia eta Gaizkia ekialdetarrek esanen luketen bezala. Ez dugu lortu biak bat egitea. Eta gu gara onak, besteak, aldiz, gaiztoak eta ikuspegi honek ondorio kaltegarriak ditu, noski.
Biktimekin, esaterako horixe bera gertatzen da. Batzuk esanen dute ETAk eraildakoak direla biktimak; beste batzuek, aldiz, ETAk eraildakoez gain badirela beste zenbait Estatu indarrek edo motibapen politikoagatik erailak. Ez dute sentimendu aldetik batzuen eta besteen sufrimendua ikusten, ez dute osotasunean ulertzen bere ideologiaren eta boterearen arabera baizik. Azken finean, biktimak objektu bihurtzen dituzte, beren interesen araberako objektu, noski. Eta hortik sortuko dira biktima batzuen eta besteen arteko desberdintasunak; batzuen izenak bai eta bertze batzuenak ez etab. luze bat. Egia da, eta hori ere esan behar da, ETAk, diktadura ondorengo ETAk noski, biktima asko dituela bere gain, baina aipamen horrek ez luke oztopo izan behar besteena ere onartzeko.
Duela gutxi, Euskal Legebiltzarrean, biktimen oroimena ospatu zen. Baina parlamentuan herri ordezkatzen duten guztiak ez zeuden, esan nahi baita, EAko eta Aralarreko parlamentariak. Arrazoia: biktima guztiak ez zeudelako. Hauen irudiko, motibapen politikoagotik biktima izan direnak, ez terrorismoarengatik, ez zeuden Oroimen horretan, horiek ere Giza Eskubideen zapalkuntzaren ondorioak baitira. Guztien Oroimena beharrezkoa da, baldin eta Herri honek bere duintasuna berreskuratu eta bake bidea egiteko.
Horrela ba, proiektuaren hutsune hori betetzeko, Maixabel Lasak zuzentzen duen Biktimen bulego edo departamenduak, hil honen 1ean, Parlamentuko Giza Eskubideen batzordera proiektu berri bat eraman du non, oso azaletik bada ere, beste biktima horiek saretzen diren. Asmoa ona izan daiteke baina, beldur naiz, behin berriro ideologiak aginduko ote duen, eta ez sentimenduak. Justiziaren eta Egiaren izenean esan behar da egun berean Euskal Memoria izeneko Fundazioak beste txosten bat argitara eman duela Estatuen errepresioaren ondorioz 474 izan direla hilak; berazhauen ustez,1300 helduko litzateke biktimen kopurua. Lehen esan dudana: bi txosten,bi ikuspegi, beti elkarren kontra ideologia medio. Har dezagun arazoa osotasunean eta egin ditzagun eginbeharreko aipamen eta erraztasunak.