Norbaitek pentsa eta galde dezake Aita Santuaren familiakoa ez izanik, nolatan idatz daitekeen bere bidaiari eta berak adierazten duenari buruz, idatzi ez ezik kritikatu ere bai; errespetuz, noski.
Erantzuna erraza da: gertakari horiek gertakari sozialak dira, esan nahi baita gizarteari dagozkionak, eta gizartea hiritarrok osatzen dugunez, eta hiritar bezala Herri bat garenez, edonork du eskubidea gertakari horiei buruz bere iritzia eman eta kritika egiteko. Besterik litzateke katolikoek eliz barruan egin ohi dituzten hausnarketak eta hitzaldiak kritikatzea. Hau esanik, heldu diezaiodan gaiari.
Horrelakoetan gerta ohi den bezala, oraingoan ere esan da, Aita Santua Estatuko, Vatikanokoa alegia, buru bezala etorri dela eta, beraz, bidaia horren gastuak eta harrera ofizialak justifikatuta daudela. Beste batzuek, aldiz, Katolikoen aita espiritual gisa etorri dela. Nire irudiko eztabaida antzua da bi irudiak ezin baitira banandu eta, are gehiago, gehienetan, beti ez esateagatik, horrelako bidaiak katolikoei eta gizarte osoari bere dotrina irakasteko erabiltzen baitira. Horregatik, hasieran esan ditudan arrazoiengatik herritarroi ekonomikoki kosta zaigun gastua kritikatu nahi ditut, beti ere eta beti bezala, errespetutik, noski.
Bidaia, oraingoan, Galizia eta Kataluniatik igaro da. Dirudienez, bidaiak espero baino jende gutxiago erakarri du. Honek esan nahi du bidaia honen ondorioz abuztua egin nahi zuenak (esan nahi baita, hotelak, ostatuak, dendariak, tabernak etab) ez duela hori lortu. Ogitartekoak ere soberan geratu zirela, antza. Bestalde, hiritarrei, bidaia garesti egin zaie. Dagoen krisiarekin eman diren diru kopuruak oilo larrua jartzeko modukoak izan dira. Eta hori guztia herritarron kontura. A zer nolako testigantza! Vatikanoak nahi adina bidaia antola ditzake baina, beti ere, berak ordainduta edo eta bere familiakoek, katolikoek alegia. Baina ez familia horretatik at daudenek.
Dena den, ekonomiaz aparte bidaia honetan esandakoak ere esan egin behar dira. Agian, eta nire irudiko, esaldirik gogorrena Santiagotik Bartzelonara hegazkinean zetorrela jaurti zuen: hots, Espainian Errepublika garaian zegoen laizismoa dela nagusi. Jakina berak laizismoa deitzen dio Eliza eta Estatuaren arteko banaketari; laizismoa gobernuak zenbait lege onartu dituelako, hala nola abortuarena, homosexualen ezkontza etab. Jakina, Errepublika hondatu zuen kolpea, Francok emandakoa, ongi etorri zitzaion, Franco paliopean ibiliz, berak nahi zuena lortzeko: nazional katolizismoa alegia. Eta horrela igato dira 40 urteko diktadura eta, jakina, orain Elizari asko kostatzen ari zaio dibortzioa lortzea. Badirudi Estatuak ere ez duela ahalegin gehiegi egiten, baina gizartea beti agintarien aurretik doa eta horrek emaitza onik ekarriko du. Bitxikeria honetaz gain familiari buruz ere hitz egin zuen eta, nola ez, abortuaren legea gaitzetsi ere bai. Eta nola ez, eutanasiari buruz ere eman zuen bere iritzia: aurka azalduz, noski. Lasai geratuko zen hori dena esateko aukera izan baitzuen. Zapaterok, ondoren, Kataluniako hauteskunde kanpaian zera esan zuen: “Ez ditugu Aita Santuak nahi dituen legeak egingo, Kongresuak nahi dituenak baizik”.
Baina orain Kongresura eramango duten Heriotz Duinaren Legeak ez du zerikusirik eutanasiarekin. Agian honetan bai egin diotela kasu Aita Santuari. Zapateroren Gobernuaren kontraesanak!
Testuinguru honetan, bidaia honetan Estatuak izan duen jokabidea aipatu nahi nuke. Askotan esan ohi da Estatua akonfesionala dela, Espainiar Estatua laikoa dela baina praxian ez da horrelakorik ikusten. Bidaia honetako jokabidea lekuko. Harrera ofizial eta elizako ospakizunetan hor izan dira ministro eta gainontzekoak. Eta hor entzun behar izan dituzte Aita Santuak jaurti dituen zapo eta sugeak. Akonfesionala bada zergatik joan dira? Hori bera errepikatzen da hemengo gobernu eta erakundeekin, Udalak barne.
Ez da harritzekoa, Aita Santua joan eta gutxira Kongresura eraman nahi zen erlijio askatasunari buruzko proposamena bertan behera uztea. Laikotasunetik urrun gaude. Frankoren garaiko nazional sozialismoak bizirik dirau.