Esaldi honek ematen dio hasiera “IZARREN ARGIA” filmari, funtsean oroimenari buruzko filma baita; baina ez edozein moduzko oroimena, gogorra, krudela baita eta nola ez negarra sortzen duen horietakoa. Oroimena duen Herria bizirik dagoela esaten da, eta herriaren nahiz norbanakoaren bizitzan askotariko oroimenak daudenez, filmak eskaintzen duena ere ikusi, barneratu eta negarrari ekitea ere merezi du.
Espainiako 1936ko gerratea gogorra izan zen eta, ondorioak ere, 40 urte luzetan jasan behar izan ditugu. Gerratearen oroimena ukatu egin nahi izan zaigu eta erabat ahazturik egon da eta dago, nahiz eta urrats ttipi batzuk eman diren, baina benetan ezer gutxi. Oroimen Historikoaren Legea onartu zen, baina ondoriorik ez du izan. Euskaldunoi hain gustuko ez zaigun Baltasar Garzon epaileak zerbait egin nahi izan zuen, baina historiaren ironiak, hor non eserarazi duten epai aulkian. Baina sinpatiak aparte, bakoitzari berea.
Izarren Argiak gerrate horren errepresioetariko bat agertzen digu, emakumeena eta berauen haurrena alegia. Orain arte ezagutzen duguna, batik bat, gizonezkoei dagokie, han han-han-hemenka fusilatuei eta urte askotan kartzeletan egondakoei. Saturraranen kokatzen da filma, gerora apaiztegia bihurtu zena. Ez zuen energia onik ukan behar etxe hark, hainbeste krudelkeriaren lekuko izan baitzen. Baina, tira, gerra garaiko kartzelan egin zirenak ere familia berdinekoak ziren, elizaren familiakoak alegia, nahiz eta garai batekoak eta bestekoak helburu desberdinak izan. Jakin, badakigu, elizak gerratean hartu zuen jarrera eta guk ezagutu dugun gerrate ondorengo egoeran ere bai, gurean pairatu baititugu ondorioak.
Kontua da Saturrarango kartzelan biltzen zituztela han hemengo emakume errepublikarrak eta berauen seme-alabak. Zuzendaritza eta kudeaketa mojak zeramaten, benetan krudelak, bihotz gabekoak eta elizaren gehiengoak bezala gerratearen zerbitzura. Emakumeei eta berauen semeei ematen dieten tratua abereei ematen zaiena baina gogorragoa, basatiagoa eta iraingarriagoa. Haurrak txantaje gisa erabiltzen dituzte baina hauekiko inongo errukirik gabe. Hilak ere gertatzen dira baina ikusi behar da nola lurperatzen dituzten abereak bailira. Barne baldintzak penagarriak: janaria, atsedena, diktadura gogorrenetakoan antzera. Emakumeek zenbait egoerei aurri egiten diete baina mojak, bere irribarre faltsuaz gorrotoa dariela beren medio guztiez zapaltzen dituzte, hiltzeraino behar bada nahikoa baitute gero animalien antzera lurperatzea, hori bai kapilaua aurretik dutela. Denak, noski, nazional katolizismoaren zerbitzura.
Baina niretzat gogorrenetako eszena amarengandik seme-alabak banantzen dituenekoa da. Protagonistarena eta bere semea. Mojek inongo sentimendurik gabe haurra amari kendu eta familia frankista bati ematen diote. Eta, jakina, familia hau elizkoia da espero zitekeen bezala, eta mutiko hori txantajez bereganatzen dute. Bere amak, kartzelara merkantziarekin etortzen den gizenezko baten bidez, beraien artean harreman polita sortzen baita, haurrarentzat gutun bat idatzi eta bidali nahi dio. Gizonak, ahaleginak egin baina haurra bere gain daukan emakumea konturatu eta gutuna apurtu eta gainetik salatu egiten du.
Filmaren bukaeran semeari zuzendutako esaldia entzuten da. Bere oroimena bihotzean eramango duela. Izan ere, filma oroimenaren goratzarre da. Oroimenak bizirik sentiarazten gaitu.
Filma moja guztiek ikusi beharko lukete, mojek eta elizako partaide guztiek eta zerbait sentitzeko gai badira, barkamen publikoa eskatu. Baina ez garai hartakoak zein ondorengoak elizaren aldetik ez dute erantzunik izan eta are gutxiago barkamen publikorik.