Heriotza gure gizartean tabua dela esan ohi da; alegia, heriotzaz hitz egitea ez dagoela ondo ikusia eta ez dela batere atsegina gai hori hizpide izatea. Baina, zalantzarik gabe, eta nahi ala ez, bizitza eta heriotza batera doaz eta heriotzaren errealitateaz jabetzeak bizitzari beste kalitate bat eman diezaioke.
Heriotzak, heriotzaren prozesuak, aldaketa anitz izan ditu historian zehar antropologia aldetik ikusita. Guk geuk ere ezagutu ditugu: etxean elizakoak hartuta hiltzen zirenak eta Elizak zerua, infernua eta purgatorioa aipatzen zituenekoak. Elizak gizartean agindu zueneko garaiak ziren. Gizartea sakralizatua zen eta beste kultura bat zen nagusi.
Kultura, alta, garaian garaiko arazo eta beharrei erantzutea denez, heriotza gaur beste presentzia bat hartzen ari da. Teknologiaren aurrerapenak beste era batera tratatzen ditu gaixotasunak, agian, lehen baino ugariagoak. Bizitza luzatu egin da eta heriotzak ere beste dimentsio bat hartu du.
Baina heriotzaren errealitateak bere gordintasunean jarraitzen du eta, lehen esan bezala, geure bizitzan present dagoen heinean, bizitza bera kalitate hobekoa izanen da, eta zalantzarik gabe heriotzaren prozesuari beste duintasun bat emango diogu. Geure heriotzaren jabe garenez, bizitzaren jabe ere gu geu baikara, eta guk zuzenduko dugu heriotz prozesua..
Kontua da gizarteak heriotzaren kontzientzia hartzen duen neurrian, politikoak ere hasi direla kontzientzia horri erantzuten, heriotzaren inguruko legeak moldatuz eta egokituz. Aipagarriak dira Andaluziako Gobernuak eta, oraintsu, Nafarroako NaBai koalizioak eraginda onartu dutena: herritar orok heriotz duina izateko eta heriotz prozesuan duintasun osorako eskubidea izatea. Andaluzia, gobernuari dagokionez, sozialisten esku dago baina legea alderdi guztien adostasunarekin atera da aurrera, PP barne. Legeak puntu asko ditu eta oinarri-oinarrian pertsonaren askatasuna eta gaixoaren autonomia ditu. Lehen esan bezala bizitza geurea baita eta askatasun osoa baitugu gure bizitzarekin nahi duguna egiteko. Besterik da Elizak dioena, alegia bizitza Jainkoarengandik datorkigula eta geu ez garela beronen jabe. Horregatik arbuiatzen ditu heriotz duintzat har daitezkeen beste modu batzuk: bere buruaz beste egiten laguntzea edo eutanasia bera. Aipatutako bi herrialde hauek, Andaluzia eta Nafarroa, ez dira azken puntu hauekin sartzen, ez baitute konpetentziarik. Baina, halere, dudarik gabe, lege aurrerakoiak dira. Heriotz prozesuan pertsonaren autonomia eta duintasuna mantentzen lagungarri izan daiteke askorentzat.
Artikulu honen izenburuari nagokiolarik, Bizi testamentua, alegia, bi herrialde horietako lege barnean badute garrantziarik: bizi testamentuan, edo beste zenbaitek aurretiazko borondateen dokumentua deitzen dioten horretan, nork askatasun osoz agertzen ditu nola bizi nahi duen heriotzaren prozesua. Eta ez familiartekoek edo medikuek nahi duten erara.
Aurretiazko borondateen dokumentua mediku taldeari zuzendutako dokumentu idatzi bat da. Dokumentu hau, pertsona batek bere borondatea pertsonalki adierazi ezin duenean kontuan hartu behar diren jarraibideen berri emateko erabiltzen da. Adin nagusiko edozein pertsonak egin dezake, bere pentsaera edo erlijioak zerikusirik ez duelarik. Esparru sanitarioan hartu beharreko erabakiak bideratu behar dituzten bizi-printzipio eta irizpideak azal daitezke.
Esate baterako: bizitzaren azken momentuetan edo mugatze fisiko nahiz psikiko larri batzuetan zerikusia duten balore eta aukera pertsonalak. Egoera sanitario zehatzak, zeinetan tratamendu edo zainketa jakin batzuk onartzea edo errefusatzea kontuan hartzea nahi den... Hau dena bermatzeko ordezkari bat izendatzea beharrezkoa da, pazienteak bere borondatea adierazi ezin duenean talde sanitarioaren aurrean solaskide balioduna izan dadin. Ekonomia testamentua bezain garrantzitsua da nork bere heriotza prozesuaren nondik norakoa markatzea heriotza duina izan dadin. Eta hori gaur posible da.