Manifestazioaren argi-ilunak

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2010ko urr. 14a, 11:23

MANIFESTAZIOA hizki larriz idatzi dut, Bilbon ospatu zen manifestazio erraldoiari nagokiola adierazteko. Joan den asteko Aiurrin gai honi berari buruz idatzi zuen Hiazintok, herrikide eta lagunak. Nire asmoa ez da inoren aurka joatea, nire hausnarketa xume eta apala plazaratzea baizik.

Argi-ilunak erantsi diot izenburu nagusiari, gizakiok eta  guk geuk sortzen ditugun egoera argi ilunez eginak baitaude, edo beste era batera  esanda: dena ez da txuria ala beltza. Eta errealitatea bere osotasunean ikusi eta onartzen dugun heinean, seguruenik harremanak eta elkarkidetza orekatuagoak izanen dira. Psikologoek diote, gizakiok badugula gure barnean horrelako itzal gune bat edo, zaku handi bat bailitzan, nora jaurtitzen ditugun  gure izaerari gustuko ez zaizkion alderdiak. Baina, hor non, itzal edo iluntasun horiek besteengan proiektatzen ditugu, besteari jaurtitzen dizkiogu eta hor sortzen dira haserreak, gorrotoak; hori gertatzen denean beti besteak dira  gaiztoak, gu  gara onak eta bi talde horiek sortzen dute elkarkidetzarako zailtasuna. Eta, hau gizartean familian, bikote harremanetan, hots, giza harreman guztietan eta, nola ez, politikan.

Argiak
Argirik nabarmenena, zalantzarik gabe, manifestazioak bildu zuen jendetza eta aniztasuna izan zen. Hori izaten da lehen datua: kopurua. Eta horrek goia jo zuen. Diotenez, azken urteotako manifestaziorik handiena edo handienetakoa. Aurreko manifestazioa debekatzea hanka sartzea eta bidegabekeria izan zen, adierazpen askatasuna erabat demokratikoa baita  ahalik eta  bide demokratikoan egiten den neurrian. Normaltasunez eginiko bidea ere kontuan hartzekoa da argiei gagozkielarik. Eta nola ez, deialdia egin zutenen ideologia desberdinak, eta, halaber, manifestazioari baiezkoa eman zioten alderdi eta elkarteen aniztasuna eta, nola ez, herritarrek emanikoa.

Ilunak
Manifestazioak luzerako eman du eta hizpide izan da hurrengo egunetan hainbat analisten ahotan eta komunikabideetan. Eta hemen dator hasieran aipatu teoria, esan nahi baita, gizarte harremanetan ere proiekzioak sortzen direla eta besteari jaurtitzen dizkiogula gure itzalguneko ilunak. Eta hor kokatu beharko genituzke zenbaiti egin zitzaien harrera, hots, harrera ezerosoak, errespetu gutxikoak. Kexu izan dira zenbait alderdi. Badakit  bizi dugun egoeraren kulturak lehengo kultur zaharrak baztertzera eramaten gaituela, eta errespetuan eraikitako kultura landu beharrean garela. Lehen esan dudana: beti bestea da errespetatzen ez gaituena, bestea da zanpatzen gaituena, egiaren jabe geu gara. Eta egia ez da inoren jabe, ez dago egia absoluturik. Halaber, badirudi EH adierazi ekimenekoek bukaeran irakurritakoa ez zela izan adosturiko testua, Aralarrek eta Lokarrik berak esan zutenez. Adosten eta adostasunak errespetatzea ere kultura berri horren alderdi bat da. Nork berea egiteak kaltea besterik ez  dakar.

Ondorioak
Manifestazioak gorabehera, egoera nahasia ikusten dut. Denon ahoan dabil gauzak aldatu diren esaldia, ezin da ukatu. Hori itsuenak ere badakusa. Baina nork  bereari begiratu beharko lioke  erru guztiak besteari jaurti beharrean. Bestalde, nork bere indarrak neurtzen ere jakin behar du. Amore ematea ez litzateke ahulezia, errenditzeak ez du esan nahi galtzaile bihurtzea, egoerari egokitzea baizik.. Nire irudiko, Estatua dagoen bezala ikusita, eta egia osoaren jabe ez dela aitortuz gero, esango nuke gure herriarentzat onena ETAk armak utzi eta Batasuna politika jokoan sartzea litzatekeela.

Eta erakunde publikoetan parte hartu errespetuan, askatasunean, adostasunean eta malgutasunean oinarrituriko kulturan alegia. Bitartean, ongi etorriak izan bitez manifestazio erraldoiak, itunak eta han hemengo adierazpenak. Baina beti ere indar erlazioak neurtuz eta herriaren onura eta  bizikidetasuna lehenetsiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!