Politikoen arteko harremanak, harreman oro bezala, enpatian, feelingean, eta helburuetan oinarritzen dira, eta normaltzat hartu beharko lirateke, inongo harridura eta eskandalu gabe. Hor dugu, berriki, Urkullu eta Rajoyren arteko bilera. Nork espero zezakeen horrelakorik, baina, dirudienez, normaltasun osoz garatu da; espero zitekeen bezala akordiorik gabe, noski. Azken egunotan, EA eta Ezker Abertzale tradizionala, nolabait deitzearren, Aralarrekin elkartu dira; hitz egin dute, eta badirudi aurrerantzean ere jarraitzeko asmotan direla.
Beste batzuek, alta, elkarrizketa gutxi eta zenbaitetan etsai amorratuak, bat-bateko erabakia hartu dute helburu konkretu bat lortzeko: esan nahi baita, boteretik bestea kanporatu beraiek lortzeko. Urnietako Udalean gertatukoari nagokio. Berrien arabera, PSOE eta EAJ ados jarri dira San Marko mankomunitatetik beraien gustukoak ez zirenak kendu eta beraiek sartzeko. EAJkoak ordezkatu du Ezker Abertzalekoa. Botereak enpatia eta feeling guztiak gainditzen ditu, nonbait. Eta zalantzarik gabe, adostasun edo itun horiek zilegiak dira. Baina berauen defentsan koherenteak izan eta printzipioak mantendu behar dira han eta hemen, leku guztietan... EAJri gogorarazi behar zaio beste itun asko ere zilegiak direla, gustatu ala ez. Zilegi ez dena da, norberari dagokiona zilegitzat hartu eta besteenak ez. Hor dugu Eusko Jaurlaritzakoa. PSE eta PPren artekoa niri ere ez zitzaidan eta ez zait gustuko, baina zilegitasun osoa zuten hori egiteko. EAJri, ordea, kostatzen ari zaio oposizioan dagoela barneratzea, eta alternantziak politikan beharrezkoak direla aurretik utzitako hautsak garbitu eta etxea aireratzeko. Honekin zera esan nahi dut: Urnietan eman dena, PSE eta EAJren arteko ituna alegia, nire irudiko, zilegia dela, nahiz eta kasu honetan helburuak ez hain garbiak izan, baina printzipioak errespetatu egin behar dira eta ez, besteenak kritikatu eta norberari dagokionean alderantzizkoa defendatu. Eta honekin lotuta, datorrena azaldu nahi nuke.
Herritarren partaidetza
Herritarren partaidetza modan dago. Gure politikoak konturatu dira herritarrek ez dutela sinesmenik beraien helburu eta asmoetan eta, hor hasi dira marketing lanean urruntze hori gutxitu asmoz.
Duela gutxi Gipuzkoako Aldundiak eginiko agerraldian zera esan zuen: gipuzkoarrek Aldundiaren proiektuetan parte har dezaten bide berriak jorratu behar direla. Beti ere, azken hitza Aldundiarena izanen delarik. Bapo!!! Gutxira Aralarrek Pasaiako Badiaren inguruan herri kontsultaren beharra galde egiterakoan ezezkoa eman zion Diputatu nagusiak, hori jada martxan dagoela esanaz. Hemendik aurrekoak izango omen.
Urnietako kasuan, ulertu dudanez, PSOE eta EAJ ados daude bosgarren edukiontzia jartzeko. Lehen, eztabaida hau izan zenean, alkateari idatzi nion demokratikoena herriari galdetzea zela inposaketa eman ez zedin. Ba, oraingoa ere inposaketa iruditzen zait, arrazoi berdinarengatik. Non dago herritarren partaidetza. Non izen ponposoz adierazten diren herriaren partaidetza bermatuko duten erakunde horiek. Nire irudiko, eta hastapenean esan dudanez, ituna errespetatuz. Urnietako herriari galdetu beharko liokete zer nahi duten: atez atekoa eta bosgarren edukiontzia. Hori litzateke, nire ustez, demokratikoena eta herriaren partaidetzaren islada. Beste guztia, itxura da, itxura hutsa.
Ongietorria bedi benetako herri partaidetza!!!