Jakin, badakit, ez dela gai erraza, eta sentsibilitate finaz tratatzeko gaia dela;sentsibilitatez eta errespetuz esango nuke. Amatasuna zer den ez dakigunok hitza emakumeari eman behar diogu beraiek batira bere gorputzaren jabe eta, nola ez, erabakitzeko eskubidea ere beraiek dute soilik. Horregatik diot, emakumearekiko enpatiaz tratatzeko gaia dela eta tratatu beharrekoa. Izan ere, hor dago errealitate gordina. Milaka emakume dira abortatzea erabakitzen dutenak. Estatistikak diotenez, Euskal Herrian, Gipuzkoan eman ohi dira abortu gehien: % 8,04. Euskadin mila emakumetatik 7,02 abortu eman ziren. Beraz, errealitateari aurre egin behar zaio eta agintarien zeregina da legeztatzea eta arazoa konpontzea.
Eta, jada, abian da legea. Uztailaren 5etik aurrera ez da delitu izanen 14. asteren barnean emakumeak abortatzea. Orain artekoak hiru egoeratan onartzen zuen: bortxakeriaren ondorengo haurdunaldia zenean; (lehen hamabi hilabetetan onartzen da) fetuak tara fisikoak nahiz psikikoak zituenean, (22 hilabeteko epean); eta, azkenik, amaren osasun fisikoa arriskuan zegoenean (ez dago eperik). Oraingoan, esan bezala, 14. asteko epea ezarri da emakumeek, hirugarrengorik tartean ez delarik, aborta ahal dezaten. Legearen garapenean eztabaida gehien sortu duena 16 eta 17 urtekoek gurasoen baimenik gabe egin ahal izatea da. Baina adostasun parlamentarioak gutxienez gurasoak jakinaren gainean jartzea lortu zuen baldin eta baldintza honek adin txikikoaren egoera arriskuan jartzen ez badu behintzat. Madrileko Kongresuan gehiengo batez onartu zen PP kontra zegoela, noski.
Legeak zailtasun juridikoak ez baina zenbait talderengandik zailtasun ugari jasan ditu; batik bat PPen eta Eliza Katolikoaren aldetik, gotzainen batzarra aitzindari duelarik. Gizarte gaietan biak batera joaten dira normalean. Eta hauen inguruan biltzen dira bizitzaren aldeko taldeak. PPk, Kongresuan kontra jarri eta bozkatu ez ezik Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri du. Madrilen garatutako zenbait manifestaldietan ere parte hartu izan du. Ez da konturatzen edo ez du konturatu nahi lege honen bidez Europako herrialde gehienen mailan jartze dela Espainia eta Euskal Herria, noski; hemen ere izanen baitu eragina.
Elizaren jarrera normaltzat jotzen dut, baina ez da nor Estatu akonfesionalean lege honen kontrako manifestazio eta protesta agerraldiak burutzeko. Ondo dago katolikoei honen inguruko dotrina ematea eta gogoraraztea, baina hori berari dagokion lekuan egin behar du. Estatuak legeak giza ororentzat egin behar ditu eta ez katolikoentzat soilik. Katoliko diren emakumeek beraiek ikusiko dute abortatu ala ez. Erabat libre dira. Eliza libre da lege honen inguruan bere jarrera hartzeko baina ez hemen ari den bezala nolabait Estatuarengan eragiten lege hori argitara ez dezan. Gogoan dut esan ere esan zutela, legen honen alde bozkatzen zuten Kongresurako hautatuak eskumikaturik zeudela. EAJk, Alderdi Kristau-demokrata izanik, baiezkoa eman zuen eta nahiko esamesak zabaldu ziren erabaki honen inguruan. Nire ustez, ongi egin zuten: gauza bat baita norberaren kontzientzia eta, bestea, gizarte anitzarekiko erantzukizuna. Munilla gotzainak ere hitz egin du eta, ohi bezala, politiko baten antzera hitz egin du. Bere ustetan. 2010.eko uztailaren 5a egun beltza bezala pasako da giza eskubideen historian. Ez naiz batere harritzen Munillak Arregiren gisako teologoak Ameriketara bidali nahi izatea.
Baina, dena den agintariek nahi duten heinean, elizak ikasiko du bere lekuan egoten eta bere esparruaren mugak errespetatzen.
Lege honekin gizarteak irabazi du, eta, nolabait XXI. mendeari dagokion aurrerapen eta kulturari erantzuten dio.