Azken egun eta asteotan bakearen inguruan askotarikoak entzun eta ikusi ahal izan ditugu. Nonbaitetik hasteko, ekainaren 17an Currin Jauna, bitartekaritza lanetan aditua, Donostiako Kurtsalean izan zen Gipuzkoako Aldundiak gonbidatuta. Ideia asko jaurti zituen; denak edo gehientsuenak hemen bizi garenontzat ezagunak, baina zuzenean entzuteak baditu bere ñabardurak.
Bruselako adierazpena aipatu zuen, non ETAri eskatzen zitzaion benetako eta sinesgarritasunezko su-etena. Hitzak hitzak dira, baina, nire irudiko, Euskal Herritik suetenetik haratago eskatzen zaio, hots, armak utz ditzala. Horrez gain, Currinen ustez, lehenbailehen erantzun beharko lioke Bruselako adierazpenari. Zenbait momentutan baikorregia ikusi eta sentitu nuen, hala nola, datorren asteetan ETAk adierazpenen bat egin dezakeela esaterakoan. Dena den, normala deritzot bitartekari lanetan dabilenak baikortasun hori adieraztea.
Ideia nagusi honen kontrapuntu gisa, ETAk borroka armatuari uko egin behar diola alegia, eta Ezker Abertzalearen apustua fidagarria dela gaineratuz, beste honako ideia hau jaurti zuen: Espainiako Gobernuak ere Bruselako adierazpenari erantzun behar diola edo liokeela, ilegalizazioei azkena emanez, Batasunaren ilegalizazioari zegokion, noski.
Niri zalantza sortu zitzaidan, batik bat denborari dagokionez, Currinek zer esan nahi ote zuenaz. Baina, hitzaldia aurrera ala eta ondorengo galdera erantzunetatik konturatu nintzen ETAk eman behar zuela lehen urratsa. Eta, egoera dagoen bezala ikusita, normala da. Indar erlazioan ETA oso ahul dago eta, hori, nahiko arrazoi izan beharko luke irteera egokia emateko. Bestalde, herri honen gehiengoak ere horixe eskatzen du alderdi politiko guztiak barne.
Honen harira, eta Currinen hitzaldia entzun ondoren, hor non agertzen den komunikabideetan Egiguren jauna, PSOEko presidentea, esanaz euskal alderdiek gertakizunei aurrea hartu eta jarrera komun bat hartu beharko luketela presoei eta ilegaliazioari buruz. Gauza bat dela engainuan ez erortzea, eta bestea, prozesu historiko bati eragozpenak jartzea. Esan baditu esan ditu! Etxekoak eta kanpoak, ederki astindu ditu. Dena den, nik uste, Egigurenek hausnarketa ozena egin duela eta berak hainbat bider aipatu duen sozialismo baskista horretan kokatu behar direla adierazpen horiek. Ez dut uste denborari dagokionean ETAk armak utzi aurretik egin beharrekoa dela esan nahi zuenik, baizik eta nolabait momentu hori iristen denerako egokia dela prest egotea. Hau nire interpretazio pertsonala da. Dena den, honek adierazten du euskal sozialisten barnean badirela sentsibilitate bat baino gehiago. Eta hori beti da aberatsa.
Eta, aurrera jarraituz, hil honen 20an Bilboko Euskaldunan eginiko adierazpena dugu: EA eta Ezker abertzaleak eginikoa, alegia. Historikotzat jo den gertakari honen inguruan ere luze eta zabal hitz egin da. Badirudi gehienek ETAren indarkeriaren gaitzespen garbia botatzen dutela faltan. Baina, EAkoak eta Batasunakoak ere behin da berriro zin egin dute bide politiko eta baketsuen aldeko erabakia irmoa dela, eta EAkoek diotenez, baldin eta ETAk ekintzaren bat burutuko balu Batasunak gaitzetsiko lukeela. Euskaldunakoa ospatu eta biharamunean ETB 2an eztabaida egon zen, non alderdi politiko guztiak zeuden EAkoa izan ezik, esan nahi baita Parlamentuan dauden alderdiak. Aralarkoak garbi utzi nahi izan zuen beraiek ere Ezker Abertzalea direla eta Ezker Abertzaletasuna anitza dela. Beraz, hitzak aipatzerakoan kontuz ibili behar dela. Eta EAJkoak eta Aralarkoa bat zetozen nahiago zutela Altsasu eta Iruñeko agiriarekin geratu, Euskaldunan ez bezala hemen garbi agertzen baitzen ETArekiko jarrera, zeinetan esaten baitzen aldebakartasunetik esaten ziotela ETAri indarkeria uzteko. Nire irudiko, denbora ematen ari dira ea ETAk urrats hori ematen duen eta emango al du!!! Urrats horren zain baitago, noski, Herri honetako gehiengoa.
Hauek dira puzzlearen piezak. Bakoitza bere tokian jarriko al da eta, nor bere ordezkaritzarekin, esan nahi baita botoen arabera, eta inongo protagonismorik gabe hasiko al dira elkar lanean. Denborak esango du.