Azken artikulua krisiari buruz idatzi nuen, pobreek ordaindu behar duteneko izenburupean. Bitarte honetan, izenburua egiaztatu baino ez da egin. Krisiak aurrera darrai, neurri gogor zehatzak hartu dira, eta politiko guztiak egoeraz aprobetxatzen ari dira beren interesak loditzeko, nahiz eta esan langileen interesak defendatzen dituztela. “Ibai nahasian arrantzaleak irabazle”, esan ohi denez. PP, ustekabean, langileen partidu bilakatu zaigu. Cospedal andereak Dolores Ibarruri dirudi. Egoera hain larria ez balitz barregarria litzateke eskubia langileen alde ikustea. Katalanek ere laster dituzte hauteskundeak eta nagusigoaren atzetik zakur amorratua bezala dabiltza. Jeltzaleak ere ea egoera honetatik zer lortzen duten Zapaterori tuerkak estutzen. Azken batean, langileengan kalterik handienak eta Alderdi Politikoak berea. Sindikatuak berriro grebara dei egin dute. Ez dakit lehenengoaren arrakasta ikusita bigarrena arrakastatsuagoa izanen den. Gurean, hemen dabiltza Gobernua eta Diputazioak fiskalitatea dela, edota zergen igoera dela baina, nire zalantzak ditut zerbait konkretura iritsiko ote diren. Hainbat lekutan sartu beharko lukete behatza, hala nola, fiskalitatea, zergak, hainbat eta hainbatek haziendari egiten dioten iruzurra, politikoen gastuak eta abar luze bat. Ea gehiago dutenek gehiago ordaintzen duten. Baina, ez dira ausartzen.
Eta eskenatoki ilun eta larri honetan, hor dabil ustelkeriaren birusa, esan nahi baita, erakundeetan herri ordezkari direnak majo eta eskrupulorik gabe aberasten direla edo horretan ari direla, egun batean eta bestean ere bai ustelkeri kasuak perretxikoen antzera nonahi sortzen baitira. Eta, egia esan, niri behintzat bizi dugun egoeran amorru bizia sortzen didate eta justiziaren zama guztia beraiengan eror dadin desira sortzen zait.
Espainia mailan, seguruenik, Gurtel kasua da, bere tentakuluak harat honat iritsi baitira. Zer ez da egon hor. Bazter guztiak kutsatu ditu eta inputatuen artean pieza potolo eta lodiak ere aurkitzen dira.
Hemen, aldiz, gure politikoen artean deus gertatu ez balitz bezala bizi gara, paradisuan bagina bezala. Hedabideak ere, ondotxo moldatzen dira lasaitasun itxura emateko, batzuk besteak baino gehiago, noski. Baina ustelkeriak eman, ematen dira.
Irungo ogasunean iruzurraren kasua jada ahantzia genuen, baina, uste denez, milioi asko lapurtu dituzte Bravo eta gainontzekoek. Hori dirutza; krisia, aldiz, langileek eta gutxien dutenek ordain dezatela. Ikusgarria eta miresgarria da nolako trikimailuak asmatzen dituzten hori dena lortzeko eta dotore jantzita joango dira kaletik plater bat hautsi ez balute bezala. Baina hau iragana bada, hor dago Arabako kasua.. Eta bitxiena zera da: Espainiako prentsatik enteratu behar zarela horren inguruko berriak eta inplikatuta egon daitezkeen pertsonen argazkiak ikusteko. Eta, eskuak burura eramaten dituzu honen eta bestearen argazkia ikustean. Pertsona ezagunak, noski. Aitaren egingo ez duzu ba!!! Gai honen inguruan, Paisen irakurtzen ari nintzela argazki bitxi batekin egin nuen topo. De Miguel, Arabako diputatua, eskualde horretan emandako ustelkeriaren inputatuetako burua, gastronomia elkarte batean, bere mantala eta guzti agertzen zen sukaldaritzan, eta, dirudienez, edo ustez, EAJko diputatuak gastronomi elkartetik zuzentzen zituen operazioak, afari eta afari bitartean izango zen edota arraina prestatzen zuen bitartean. Badirudi bere bulegotik ere emailak kontrolatzen zituela. Herri Batasuneko herriko tabernak itxi zituzten baina horra hor, EAJkoak ere. Lotsa gutxi behar da bizi dugun egoeran horrelako trama bat muntatzeko. Ikusten denez, hemen inor gutxi libratzen da.
Arrazoi zuen botereak usteldu egiten duela zioenak. Ibarretxeren garaian, Kulturako kontseilariordea izan zena ere, Gurutz Larrañaga, hor azaldu da zenbait hedabidetan bere Departamenduan zegoen gaztediaren zuzendaria inplikatuta zegoelakoan. Denek dute errugabetasunaren presuntzioa, noski, baina EAJko militanteak direla kontuan harturik, salaketa hutsak ondorio nabarmenak izan behar lituzke.
Beraz, krisia eta ustelkeria, ustelkeria eta krisia, lapurtu dutenek ordain dezatela.