Gizateriak, mendeetan zehar, aldaketa anitz izan ditu ekonomia prozesuan zein bizi moldean, nahiz eta batak bestearekin baduen zerikusirik. Ekonomia prozesu bakoitzean, esan nahi baita feudalismoan zein kapitalismoan bi giza klase egon dira, beti edo gehientsuenetan kontrajarriak. Batetik produkzio baliabideen jabego ziren edo direnak, nagusiak edo ugazabak alegia; bestetik, berriz, langileak, sistema hori bere lanarekin mantentzen dutenak. Egia da kapitalismoak aldaketa edo itxura aldaketa ugari izan dituela eta, agian, gaurkoa ez dela hain basatia. Halere, klase borroka beti eman da eta bien arteko interesen kontrajarritasun horiei esker gizarteak aurrera egi du. Marxek zioen proletarioa dela historiaren motorra, eta ez zitzaion arrazoirik falta.
Dena den, gaur egun bi klase horien arteko muga non dagoen jakitea ez da erraza. Langile klase horren barruan azpi klase asko dago, eta enpresaburu diren askoren artean ere bai. Lehenengo horien artean asko dira ekonomi murgilduan lan egiten dutenak, nork daki zein baldintzatan, langabezian daudenetatik aparte, noski, hauek ez baitute inongo lanik.
Hizkuntza arruntean esanik: dirua parra-parra dutenak, bankeroak, finantzarioak, luxuzko bizitza daramaten horiek eta denok ezagutzen ditugunak; beste batzuk, ezer falta ez zaienak eta lanaren bidez, edo politika dela medio edo ezer falta ez zaienak eta estutasun handirik gabe eroso moldatzen direnak; baina, beste multzo handi bat hilaren bukaera iristeko larritasun ugari pasa behar dituztenak eta beste asko hilaren haserako ere xentimo bat ez dutenak.
Orokorrean hau litzateke argazkia. Eta argazkia ez litzateke berdina izanen, noski, leku guztietan. Seguruenik, Euskal Herriko bizi maila altuagoa da beste zenbait lekutakoa baino.
Alabaina, egun mundu globalizatu batean bizi gara eta horrek esan nahi du Europako iparraldean gertatzen denak baduela eraginik Espainian eta Espainian gertatzen denak Euskalerrian ere bai. Eta hor dugu krisia, sugea bailitz, goitik behera eta eskubitik ezkerrera dabilen birusa balitz bezala. Eta, gure ongizate bizitza hankaz gora jarri du, langabeziak goraka egin du eta neurriak hartzera behartu dira. Betiko gisara, ordea, pobreengana zuzenduak daude edo gutxien dutenengana.
Ez naiz ekonomilaria. Ez dut finantza mundu hori ezagutzen eta menderatzen, ekonomia aski xumea baitut; baina, ez dago asko jakin beharrik Espainiako Gobernuak hartu dituen neurri guztiak, esan nahi baita, guraizeak alde batean sartu dituela ohartzeko; langabezian daudenetatik aparte, neurri horiek ez baitute hauen arazoa konponduko, kaltetuenak: pentsionistak, funtzionarioak orain arte zenbait laguntza jasotzen zituztenak eta antzekoak. Dirudienez, Gobernua bapo bizi diren horiei guraizeak sartzera ez da ausartzen, isilean zenbait horiei ere sartu behar zaiela esaten ari dira. Baina praktikan besterik ikusten da. Funtzionarioei soldata jaistea ez dakit nora arte den egokia baina jakin nahi nuke Parlamentutik hasi, Diputazioetatik pasa eta Udaletarainoko hautagai, alkate eta zinegotziek zein soldata jasotzen dituzten eta prest ote dauden neurri horien arabera neurrira jartzeko; administrazioan ere klaseak badaudelako.
Hemen, Euskalerrian ez dakigu zer gertatuko den, baina entzun diren adierazpenetatik eragina izango duela seguru. Gipuzkoako Foru Aldundiak –Diputazioak– esan du, ez dela beharrezko izango agian hemen neurri horiek hartzea. Ikusi egin behar. Sindikatuek grebarako deialdia zabaldu dute. Ez dakit gauden egoeran zenbaterainoko arrakasta izango duen; baina ikusiko da.
Dena den, egia gordina honakoa da: Behin eta berriro krisia pobreek ordaindu behar dutela.