Aiurri astekariak aukera ematen digu harpidedunoi, edota harpidedun ez direnei, gure iritziak eman eta argitaratzeko. Eta, beste modu bat gehiago izan daiteke, hainbeste goraipatzen den herritarren partaidetza bideratzeko, nahiz eta Udalak berak zenbait bide jorratuak izan.
Kontua duk hik, heuk, Aiurriko azken zenbakian “Urnieta atez ate” izenburutzat daraman artikulu edo gutuna hizpide hartzea erabaki dudala, eta errespetu osoz azaldu nahi nitizkek nire iritziak, histeria eta dogmatismorik gabe alegia.
Egia esan, ez diat, erraustegiari dagokionean, Urnietako errealitatea bere osotasunean eta sakontasunean ezagutzen, eta ezta ere atez ateko aukera ala bosgarren edukiontzia den egokiena, garbiena, txukunena eta herriarentzat onuragarriena Beraz, disjuntiba horretan ez nauk sartuko, informazio zabalagoa beharko nikek eta. Dena den, ongi arrazoitzen duk atez ateko aukera eta maila horretan urnietarrentzat informazio egokia izan daitekek. Ongi legokek PSOE eta EAJk ere hik arrazoitu eta eman dituan modura beraiek ere bide hortatik joko balute, eta, benetan. Aiurri astekaria ezin hobeagoa ikusten diat urnietarrek bi jarrera horiek ezagutu eta neurtzeko.
Neuri, alta, gutun edo artikulu horretan harritu nauena duk ez duzuela, ez batak, ez besteak, prozedurari ezertxo ere esaten eta argitzen. Eta, hain zuzen, hauxe interesatzen zaidak. Noski, inposaketa izanen dela Udaleko gehiengoak egin duena eta zuen jarrera edo proposamena garaile irten balitz ez al zuan izango? Beraz, prozeduran maila berdinean zaudete.
Eta niri, herriari dagozkion arazoak demokratikoki erabakitzeko bururatzen zaidan prozedura bakarra herri kontsulta duk. Ez, ordea, bat batean eginiko kontsulta, eta aurretikako kontsulta, noski. Nire irudiko honako urratsak ezinbestekoak izango lituzkek:
1. Sentsibilizazio kanpaina, zabala eta txukuna. Herriak, kasu honetan, zabor asuntoan alegia, sentitu egin behar dik tratamenduaren erabileraren beharra: zabor bakoitza bereizten; birziklapenak zer suposa dezakeen; zein tratamendu den ekologikoagoa, garbiagoa eta, noski, zein tratamendu den merkeagoa; azkenean, diru publikoa herritarren poltsikotik baitzetorrek. Bide asko eta ezberdinak zeudek sentsibilizazio kanpaina hori egiteko: kartelak, astekaria, posta propaganda etab...
2. Udal alderdien kanpaina. Alderdi bakoitzak presta dezakek bere programa eta estrategiaren kanpaina, beti egin ohi den bezala. Bigarren urrats honetan mahai-inguruak ere presta litezkek non zenbait herrialdetako adituek bere esperientziak emango dituen. Alderdi politikoen mahaia ere interesgarria huke elkarren arteko diferentziak eta abantailak ezagutu ahal izateko.
3. Herri kontsulta. Herri kontsulta lehengo legealdian modan egon zuan, Ibarretxeren plana zela-ez zela. Horren defendatzaileek ezer gutxi egin ditek beste zenbait proiektu aurrera eramaterakoan:hala nola, Abiadura Handiko Trena dela etab. Hipokresia eta zurikeria asko zegok Nik aurretik egingo nikek baina urratsez urrats. Hernanin bildu zizkiaten sinadurak, baina, bazirudik ez dutela ezertarako balio izan. Hori ez al da inposaketa?
Hau nire iritzia duk, jakina, eta beste edozein iritziren balioa zeukak. Ez gutxiago, ez gehiago. Beraz, horrela jasoko duzuelakoan.
Agur.