Gurasoekin hitz egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2010ko mar. 19a, 14:29

Duela hilabete bat  bukatu zen haurrak eskoletan matrikulatzeko epea. Matrikulazio aurretik PPk zalantzan jartzen zuen gurasoen eskubidea, beraien ustez, eskola askok ez baitzuten  eskubide hori errespetatzen. Hori zela eta, PSOEko Hezkuntza Kontseilariak agindua eman zuen edozein eskoletan hiru ereduak, A, B, eta D alegia, eskaini zitezen.

Eta, nola ez, gurasoek hitz egin dute, eta begi bistan zegoena esan dute: bere seme-alabentzat D eredua nahi dutela seme-alabekiko maitasuna eta begiruneagatik, noski. Giza eskubideez asko mintzatzen gara, baina, haurren eskubideez  ez gara oroitzen. Euskal Herrian bizi diren haurrek, gurasoek edonongoak direlarik, eskubidea dute bizi diren herriko hizkuntza ikasteko, eta gurasoek eskubide hori bermatu behar dute adin nagusikoak egiten direnean aurpegira ez diezaieten  errurik jaurti. Beraz, PPren eta zenbait gurasoren protestek ez zuten inongo oinarri linguistikorik, oinarri politikoak baizik.

Nolanahi ere, ez da gaurko kontua D ereduaren garaipena. Nik, neuk, Gipuzkoakoa gehiago ezagutzen dut azken urteak eskualde honetan eman nahi bainituen irakasle gisa, eta urtetik urtera gehiago ziren  D ereduan matrikulatzen zituzten  haurrak. Horregatik, ez nau harritu Gipuzkoako emaitzak ezagutzerakoan: %80ak D eredua hautatu du; %2,5 A eredua.  Eta emaitzak  Erkidego osoan antzekoak izan direla dirudi.

Hezkuntza Sistemaren helburua, bestalde, haurrak Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan bi hizkuntza menderatzea litzateke, mintzamen zein idatzi mailan. Badirudi orain haurrak hiru eledunak bihurtu nahi dituztela. Ez dago gaizki baldin eta hirugarrena lortu nahi horrek euskarari kalterik ekartzen ez dion bitartean. Orain artekoan, helburu hori lortu duena D eredua izan da edo ereduetatik egokien bete duena behintzat.

Nire irudiko, halere,  helburu hori  lortzeko  Ereduetatik haratagoko planteamendua  egin behar da. Eta zertan datza planteamendua? Ikastetxe bakoitzak bere kurrrikuluma edo proiektua egitean.  Ikastetxe bakoitzak kokaturik dagoen lekutik abiatu behar du, esan nahi baita, kontuan hartu behar dituela haurren etorria, hizkuntza, herriko edo hiriko giroa, egoera soziolinguistikoa alegia; eta horren arabera proiektua  osatu eta garatu beti ere   lehen aipatu helburua haurrek lor dezaten. Eta ikastetxe osoa konprometi dadila ikastetxean euskal giroa sortzen, dela eskola barruan dela kirol garaian, edo jangelan, etab. Beraz, ikastetxe bakoitzak lekuan lekuko proiektua egin behar duela pentsatzen dut ez  baita berdina, esaterako, Donostiako giroa eta Amezketakoa. Batean euskara indartsuago sartu beharko da, eta, bestean, gaztelera gehiago euskaraz bizi baitira haurrak. Ikastetxe bakoitzak autonomia eta baliabideak behar ditu helburua lortzeko eta irakasleen aldetik, batik bat, borondate ona.

GURASOEK HITZ EGIN DUTE  
Galdera da: beteko al da hitza? Horretarako eta gurasoen nahi horri erantzuteko  ikastetxeen autonomia egokia izan daiteke, baldin eta baliabideez hornitzen badira. Eta orokorrean, euskara herri osoaren ondarea da eta ideologiak ez diote batere onik egiten. Kalte egiten diote. “Nire euskaltasuna itsaso bat da, eta ez du almiranterik”, Imanolek  abesten zuen Koldo Izagirreren poematik hartutako letra, alegia euskaltasunak  ez duela kolorerik, ideologiarik, erlijiorik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!