Jon Unanuek,otsailaren 12an, “Munila eta Urnietako miraria” izenburupean Aiurrrin idatzitako artikuluak hizpide eman dit gai hori beste ikuspuntu batetik bideratzea, beti ere errespetu osoz, hori baita , hain zuzen, adierazpen askatasuna.
Berari esker jakin dut Urnietako Udaletxeko batzarraldi aretoan Jesusen Bihotza dagoela tronuratuta. Gizajoak tratu onak bai , baina asperraldi ederrak eta haserrealdiak ere pairatu beharko zituen. Eta,Unanuek berak dioenez, ez da alkaterik izan, gaurdaino behintzat, bera destronatzen ausartu denik, kolore batekoak zein bestekoak izan. Eta, hor jarraitzen du, nonbait.
Askotan esan eta idatzi izan dut XXI. mendean Estatuak laiko izatera deituak daudela. Jakina, Europan, gure inguruetako nazioak aspaldidanik dira laikoak. Españakoari izerdi asko kostatzen ari zaio, 40 urteko Diktadura ondoren Elizarengandik banatzen edo alderantziz, Elizari asko kostatzen ari zaio Estatuarengandik banatzen eta Frankismoaren garaiko pribilejioei uko egiten. Duela gutxi arte eskoletako gurutzeak ziren eztabaidagai. Baina gaur, eskola publiko gehientsuenetan ez da gurutzerik ikusten. Beraz, anakronikoa deritzot gaur egun Urnietako udalak Jesusen Bihotzaren irudia tronuan zintzilikatuta edukitzeari. Eta, are lotsagarriagoa azken Udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta. Badakit erabaki horiek soseguz eta neurriz hartu behar direla; herritarrek horrelako erabakiak ez dituztela ulertzen eta...baina, hartu behar dira; alta, hor iraungo dute in secula seculorum. Ezin gaitezke beti herriak zer pentsatuko duenari begira egon, horrela ez baitago aurrerapenik.
Herri baten Historia eta kultura dialektika batean mugitzen dira. Ez diraute beti bere horretan. Dena aldatuz doa. Ez dago ezer iraunkorrik. Kultura, nire irudiko, garaian garaiko beharrei erantzutea da. Beti iraungo dute kulturaren bereizgarri batzuk, baina garaiko erronkei erantzunez aurrera egin beharko du.
Unanuek dio Andoainen ere tronuratze hori eman zela baina 1979. urteko Udal hauteskundeez gero, Udalbatza berriak Jesusen irudia kendu egin zuela”ordurako garbi baitzegoen herri erakundeen izaera laikoa zela”(Unanuek artikuluan)Baina jarraian dio horrek ez duela eragotzi, inoiz, ospakizun berezietan udalbatza Elizara agertu izana, bere begirunea erakutsiz bertan biltzen den herritar fededun katoliko ugariri beste edozein konfesiotakoari ager diezaiokeen moduan. Nire ustez, gaur egun ez dira Euskal Herrian konfesio asko izango, erlijioak, alegia, ez baitira nahasi behar, nire ustez, erlijioak eta filosofia bizitzak baina, halere, gehientsuenak sinesgabeak izanen dira. Eta, udalak horien guztien ordezko izan behar du, aniztasuna errespetatu behar du eta, badu zereginik guztien beharrei erantzuteko. Eta, lehen ere esan nuen baina, Jesusen Bihotzarena bezain anakronikoa deritzot udalbatzarra herriko festetan elizara udalbatzar gisa joateari eta, noiz eta XXI mendean. Munillaren miraria litzateke ez udalbatzar gisa partikularki baizik Elizara hurbil daitezen, aholkatzea eta, noski, Jesusen Bihotza, prozesioan bada ere, Elizara hurbiltzea.