Oraingoan VIC-etik iritsi da notizia, baina edonondik etor zitekeen: Europatik, Espainiatik zein Euskal Herritik, horrelakoak edonon eman baitaitezke, agirian ala ezkutuan. Kontua da Vic-etik datorren notiziaren arabera, Udalak paperik gabeko emigranteak ez erroldatzea erabaki duela, eta, honen ondorioz, osasun, hezkuntza eta edozein herritarrei eskaintzen zaizkion oinarrizko zerbitzuak aipatu emigrante horiei ukatu egiten zaizkiela. Batek ba al daki horrelako jarrerek zerikusirik ez ote duten datozen Udal hauteskundeekin. Bestalde,ez da ahaztu behar Vic-eko udalean eskuindarrek ordezkari bat badutela¨: Josep Anglada “Fuerza Nueva” izeneko militante ohia eta, bere esanetan, Vic-eko alkatea izango dena. Ederra kontua! Dena dela, ez da berri ona: kontzientziarik, oroimenik eta bihotzik gabeko notizia alegia. Dena dela,badirudi azken orduan, hala behartuta atzera egin dutela baina notizia hor dago.
Halere, emigrazioa ez da gaurko kontua. 60ko hamarkadan mendebaldeko herri aberatsenak bere horretan mantendu badira, emigrazioari esker izan da. Hasierako prozesuan Europaren baitan garatu zen; Espainiatik, Greziatik, Italiatik zein Turkiatik Alemaniara, Suitzara nahiz Belgikara jende andana joan zen emigrante gisa lana aurkitu nahirik, eta Herri hauek emigranteei esker hazi ziren ekonomi arloan inoiz ezagutu ez zuten ongizatea lortzeraino. Alta, Europa hegoaldean 80ko eta 90eko hamarkadan hasi ziren emigranteak iristen. Lehen emigrante izan zirenak imigrante inguraturik aurkitu ziren. Immigrazioa ziklo ekonomikoetatik at dago nahiz eta baduen eraginik, esan nahi baita immigrazioa ugaritu egiten dela ekonomia ongi doanean, eta, aldiz, jaitsi ekonomia hain ongi edo gaizki doanean.
Euskal Herriari dagokionez, era guztietako emigrazioa ezagutu dugu: dela ekonomikoa, dela politikoa. Gerra aurretik asko izan ziren Gaztelara edo beste zenbait herritara emigratu beharrean aurkitu zirenak. Ez dut lotsarik aitortzeko ni ere eta nire senideak Euskal Herritik kanpo jaio ginela gurasoek Urnietako baserritik Gaztelara joan behar izan zutelako. Betiko gisara, lehenik aita eta gero ama. Orain ulertzen dut kanpotik datozenak gorriak eta bost pairatu beharko dituztela datozen herrira egokitzen. Imanol abeslariak badu joan etorri hori ongi adierazten duen abestia: “Ene Segurako aitonak ogia behar zuenean, Castillara joaten zen jornalaritzara, morrontzara....Castillako jornalariek ogia nahi dutenean Goierrira jiten dira jornalaritzara, fabriketara”.
Dena den, Katalunian gertaturikoa ez da kasu bakana. Hasieran ere esan dut notizia edonondik etor zitekeela; dudarik gabe, emigranteekiko dugun errezeloa islatzen du. Pentsatu ohi da emigranteek lana, dirua eta lekua kentzen dizkigutela. Ahoz denok gaude arrazismoaren aurka; ez gara xenofoboak, bai zera! Baina eguneroko bizitzan alderantzizko jarrerak ere ugari ematen dira. Kontu zaharrak dira, baina gogoan dut emigrazioa hasi berria zenean Urnietan eta Hernanin emigranteak bizi ziren auzoei izen ezegokiez deitzen zitzaiela. Bestalde, artikulu hau idazten ari nintzela telebistan bi programa ikusi nituen: bata, Espainiako telebistatan, non Belgikara emigrante joan eta gaur egun han bizi direnak hitz egiten zuten emigrazioari buruz. Ikusi eta entzun egin behar zen nolako sentimenduz hitz egiten zuten. Beraiek esperientzia horretatik pasatakoak ziren eta jarrerak guztiz ulerkorrak zituzten emigrazioaren aurrean. Bestea, hemengo katean, Kalaka izeneko programan. Gai hau jorratzen ari zirelarik, telefonoz Astigarragako apaiza sartu zen bere esperientziaren berri emateko eta, esan ere, esan zuen berak lagundu ziela Donostiatik Astigarragara bidali zituzten zenbait emigranteei. Eta uste dut, Astigarragatik Hernanira bidali zituztela ere esan zuela.
Kontzientzia, oroimena eta bihotza berreskuratu behar ditugula uste dut emigrazio fenomenoa bere konplexutasunean ulertu ahal izateko, eta hiritartasun unibertsala eta mundu orekatuago eta justuago baten beharra ere eztabaidan jarri beharko direla. Bestela, beste fenomeno arriskutsuago batekin aurkituko gara, hots, eskuindarrenarekin, eta VIC eta Anglada, Vic-eko zinegotzi eskuindarra lehen urrats bat besterik ez dira izango.