Erabakia, ordea, gaurko legeek ez dute errespetatu. Senideek ongi adierazten zuten: "Legeek nire ama bere borondatearen aurka bizitzera behartu dute, eta duintasunez hiltzen ukatu egin diote”.
Izan ere, Maribel ez da hil berak nahi zuen bezala: denboran zein forman, azken momentuko gaixotasun baten ondorioz baizik.
Familiartekoek prentsa agerraldian adierazi zutenez, naturak eraman du: "Legeek ukatzen ziotena naturak eskaini dio". Nik esaldi horri beste honakoa erantsiko nioke: Naturak maitasunez jokatu du, legeak, aldiz, krudelkeriaz. Eutanasia= heriotz ona, maitasun aldarria da, eta Maribelen familiartekoek horixe nahi izan dute. Hots, eutanasia legeztatzea maitasun ekintza hori garatu ahal izateko. Baina, uko egin diete. Ez dut zalantzarik: maite dugun pertsonak, edozein delarik, aurretik idatzita edota kontziente delarik hil nahi duela eskatzen digunean eta pertsona horrekiko benetako maitasuna badugu, nork ukatu hiltzen laguntzea. Garbi dago hiltzen laguntzea ez dela krudelkeria, delitua, maitasun ekintza baizik. Maribelen borondatea eta nahia argia zen: "Ez dut bizi nahi duintasunik gabe”. Argiago ezin adierazi. Baina Zigor Kodeak, gaurkoak behintzat, herritarrak sufrimenduan bizitzera behartzen ditu.
Kontua da, inkesta guztien arabera, populazioaren gehiengoa eutanasiaren despenalizazioaren aldekoa dela. Horrelako lege bat onartzeak ez du esan nahi bidea ireki eta denek bide horretatik joan behar dutenik. Horretarako daude protokoloak eta arauak, eta batez ere, eta garrantzitsuena, norberaren hautua dago. Heriotzak forma eta modu desberdinak ditu, baita gaixotasunak ere. Baina lege bat egiten bada, norberak aukeratzeko eskubidea bermatzen duena, ba hori errespetatu egin beharko da. Beste era batera hil nahi duena ere errespetatu beharko den bezalaxe. Maribelek hil egin nahi zuen, ahoz eta idatziz garbi utzi zuen; familiartekoek maite zutelako lagundu nahi zioten, baina eutanasia despenalizatzeko lege bat ez dagoenez, bere borondatearen aurka sufrimenduan bizitzera behartu dute. Eta Maribelena ez da kasu bakarra; gaixotasun degeneratiboak dituzten asko eta asko heriotz duina aldarrikatzen ari dira. Hor dago krudelkeria; ez dela pertsonaren eskubidea errespetatzen.
Eutanasia zigor bidetik kentzeko, Ahal Dugu-Ezker Batua izan zen proposamena Kongresura eraman zuen lehena, baina beste zenbait alderdik protagonismoa bereganatu nahi eta ez zioten jaramonik egin. Bidean geratu zen. Ondoren, PSOEk aurkeztu eta proposamenak Kongresuko mahaiaren kontrola pasa zuen. Eskuinaren eraginez, paper artean galdu eta ez du biderik egin. Egoera nahasi honetan ez dut argi ikusten zer gerta daitekeen. Dirudienez, sozialistak legea aurrera eramateko prest daude beti ere beste alderdi batzuekin gobernu aurrerakoi bat osatzeko gai badira. Eskuinak ez du heriotzari buruz hitz egin nahi.
Bide horretan, Maribelen familiartekoek 273.000 sinadura bildu dituzte eutanasiaren errugabetzea eskatuz. Kongresuko atarian eskatu dute eutanasiaren eta hiltzen laguntzearen despenalizazioa. Euren esanetan, populazioaren %85ak eutanasia arautzea ondo ikusiko luke. Medikuen artean ere gehiengoa da horren alde agertzen direnak. Bizkaiko medikuen elkargoan %86 dira alde daudenak, eta %6,2 kontra.
Bukatzeko, Maribelen familiartekoei esan nahi nieke aspalditik badela estatu mailan duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko elkarte bat, zeina erkidegoetan zabaldurik dagoen eta eutanasia legeztatzeko ahaleginetan diharduen. Zorionak amaren eta emaztearen gaixotasunetik abiatuz egiten ari diren ekarpenagatik.
Eta Maribeli: Zaude bakean, eta adiorik ez!