Martxoa aldera, izurria gurean sartu zenean, harri eta zur geratu ginen zer egin ez genekiela. Txinatik omen zetorren, baina ez genekien nola sartu zen gurean. Izena bagenekien: COVID-19. Birusa hasi zen bereak egiten, batik bat adineko pertsonengan. Eta hortik aurrera hasi zen hildakoen kopurua handitzen. Etxeratu gintuzten eta hor egon ginen egunak eta egunak itxialdian, gaueko 20:00ak aldera osasun langileei leihotik txalotzera irteten ginen arte.
Itxialdia hasi bezain laster, berriz, artaldearen modura sailkatu gintuzten: adinekoak, tartekoak, gazteak eta haurrak. Adinekoak ordu jakinetan irten behar genuen eta, batez ere, adinekook haur bihurtu gintuzten. Eta handik eta hemendik, erruki faltsuaz zenbaitetan, hasi ziren beldurra sartzen: nola aterako ginen etxetik kutsatzeko arriskua hain handia izanik. Honekin ez dut baztertu eta are gutxiago kondenatu nahi errukia. Sentimendu noblea da, dudarik ez, baina pertsonak orokortu beharrean garrantzia da norbanakoaren askatasuna eta erabakiak errespetatzea. Bestela betikoan gaude: adinekoak haur bilakatu eta gure erara erabiltzen ditugula. Egia da, nola ez, pandemiaren ondorengo itxialdian errukia, elkartasuna, laguntza orokorra... sentimendu nobleak azaleratu direla gizartean, nahiz eta ez dakidan orain lehenera iristen ari garen honetan sentimendu horiek irauten duten. Baina tira, nik uste oreka bilatu behar dela norbanakoaren eta gizartearen artean, bestela erraz sortzen da zapalkuntza eta bestearen askatasuna arriskuan jartzen da. Gizabanako garen aldetik ere pandemiak eraman gaituen itxialdiak izan du eraginik gure bizitzan: asko mintzatu da depresioaz, antsietateaz, beldurraz eta antzeko sentimenduez. Garrantzitsua deritzot norberak dituen lanabesak erabiltzea momentuan momentuko egoera bizi ahal izateko. Erlajazioa, gorputz eta gogamen lanak; ez baita erraza horrelako egoera batean baliabide horiek gabe iraun ahal izatea.
Pandemiak, halaber, milaka pertsona eraman du heriotzara, baina heriotza krudelki erabilia izan da, hildakoak objektu bailiran utziak izan baitira. Hasieran hildakoen kopurua hedabideetan ematen zutenean harridura agertzen genuen. Denboraren poderioz, baina, ohitzen joan gara. Heriotza pandemia garaian debaluatua izan da. Gure azken momentuko gertaera izanik merezi zuen beste tratamendu bat. Ez dakit UCI-ZIUtan zein tratamendu eman zaion; gaixoaren autonomia zenbateraino errespetatu den; bizitzea hala hiltzea aukeratzerik izan ote duen. Galdera asko dira. Heriotzari ez zaio lekurik eman eta bizitza absolutu bilakatu da. Gaixoren bat aurrera ateratzen zenean txaloz eta alaitasun oihuz hartzen zen; aldiz, hil zenean ezjakinarena egin eta lehenbailehen baztertu. Familiakoei ikusteko aukerarik ere ez zaie eman, ezta duintasunez lurperatzeko aukerarik eman ere. Heriotzak ere bizitzak bezainbat duintasun merezi du jaiotza eta heriotza baitira gizakion bi ekintza nagusienetakoak. Tristea iruditu zait pandemia garaian heriotzak izan duen tratamendua. Hedabideek, halaber, egunean zenbat hil ziren jakinarazten zuten, baina ez nola hil ziren.
Pandemiak, noski, beste zenbait arlo ere zipriztindu ditu: hala nola, politika, erakundeak eta gizarte mailan krisi ekonomikoa.
Politikari dagokionez, ego asko azaleratu dira eta boterea ere pil-pilean egon da. Askotan enpatia gutxi elkarrekin lanak egiteko. Maila honetan, Euskal Legebiltzarrean oposizioaren aldetik asko kritikatu da, eta nire ustez arrazoiarekin. Erabakiak, azterketak ez dira partekatu; oskurantismo gehiegi. Hori bai, Gobernu zentralari etengabe eskatu zaio gobernantz, autonomia eta ez deritzo gaizki; baina etxean ere eskaera horiek praxian jarri behar dira eta oposizioarekin eta zenbait erakunderekin partekatzea ez legoke gaizki. LABI edo gune horretan ez dakit nortzuk diren parte, baina, egia esan, bozeramaileak ez dit jakitun aldetik konfiantza gehiegi eman. Gurean ere, egon behar dute zientzialari, epidemologo eta gaixotasun kontuan jakitun direnak. Oker ez banago, EHBilduk Legebiltzarrean mahai gainean jarri zuen horrelako pertsonez osaturiko batzorde bat osatu beharra, zeinak jarraipena egingo liokeen non edo zein gunetan ematen den kutsatze gehiago. Ez dut uste proposamena ontzat hartu zenik ere.
Eta itxaropen argia, txertoarena alegia, gurean piztu den gabon hauetan, hainbat eta hainbat familiak hutsune handiz bizi izan du eta biziko ditu Gabonak. Oroimen gabonak erabili dut artikulu honen izenburutzat. Lehen aipaturiko heriotzaren tratamenduak, bakardadeak eta hutsuneak markatu ditu zenbaiten gabon egunak. Baina hor dugu oroimena, hor dugu bihotza gure aurrekoekin harremanetan jar gaitzakeena. Bizi dolua. Etxean hutsunea utzi, hildakoaren nortasuna eta izaera mahai gainean jarri eta brindisa egin berarengatik. Ihesak ez du lortuko dolu egoki bat egitea, bizi norberak ahal duen edota nahi duen modurik egokienean.
Eta urte berri on, Aiurritar guztioi!