Ohiko denez, otsailaren 13an ospatu zen torturaren aurkako eguna; eta herri honetan badu izenik torturak. Asko izan baitira torturatutako herritarrak. Hitzak berak badu horrelako gogortasun bat fonetika aldetik, baita esan nahi aldetik ere. Batik bat, errealitateari aplikatzerakoan, gogortasun fisikoa eta psikikoa darama berarekin. Pertsonari duintasun guztia kendu ohi dio eta, bere krudelkerian, pertsona objektu bilakatzen du. Edozer egin dakiokeen objektua, alegia.
Urtero, eguna iristen den heinean, halako egonezina sentitu ohi dut. Eta oraindik oroimena bizirik dugunok, komisaldegian jasandako tortura fisiko eta psikikoak irudikatzen ditugu. Birtortura gisa bizi ohi dugu.
Torturatuen artean badira pertsona batzuk, hiltzeraino torturatu zituztenak. Asko dira, noski, baina nik beti gogora izan dut, eta bereziki egun horretan Joxe Arregi zizurkildarra. Krudelki torturatu eta torturapean hil zutena. Bere argazkiak izugarriak dira, sinestezinak. Antzekoak izan ziren Frankismo ondorengo garaietan, Anparo Arangoa leitzarrarenak. Argazki gogor haiek ere munduan zehar ibili ziren. Badakit epaibidean izan zirela baina beste kereila asko bezala, bazterrean geratu dira.
Testuinguru honetan, duela egun batzuk, “Non dago Mikel?” filma ikusteko aukera izan dut. Ana Merinok zuzenduta, eta Donostiako Zinemaldian estreinakoz eskaini zutena. Galdera hori egiten zen herrian, Mikel atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zutenean. Eta Mikel Intxaurrondoko kartzelan zegoen, Galindo kapitaina edo jeneralaren esku. Hil berri den Galindoren esku hil zen, eta hil ondoren eskuindarrek goraipatu dute. Inongo zigorrik jasan gabe. Filmean Arretxe ageri da, Mikelekin batera atxilotuta eta hura ere tortura krudelak jasandakoa. Filmean Paco Etxeberria forensea aitorpena egiten agertzen da. Horrelako egoera batek familia inguruan sortzen duen sufrimendua garbi agertzen da. Herriak ez zuen sinesten bertsio ofiziala, zeinean esaten zen ihes egin zuela eta ibaian ito zela. Baita zera ere! Oraintsu agertu diren audioek garbi azaltzen dute poltsaren eraginez hil zela, bihotzekoak eman eta gero. Audio horien inguruan ezer gutxi agertu da komunikabideetan. Bitxia, baina ohizkoa. Horra hor garbi nork manipulatzen duen errelatoa.
Filma bere gogortasunean oroimenaren aldeko dokumentu interesgarria da. Batetik Egia, memoria, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzeko. Bestetik, berriz, oroimen hori eta errelato hori belaunaldi berriei jakinarazteko. Herri honen sufrimendua zenbaterainokoa izan den eta kontzientzia har dezaten. Sufrimendu guztiak berdinak baitira, sufrimendua ezin daitekeelako sailkatu. Garai eta egoera hartan herriak ongi erantzun zuen; dokumentalean hori garbi agertzen da. Zoritxarrez, justizia ofizialaren bideak kasu hauetarako itxita daude. Eta okerragoa dena, erakunde publikoetatik ahaleginak egiten ari dira horrelako gertaerek gure herriaren oroimenean lekurik izan ez dezaten. Mila adibide ditugu: Mikel Zabaltza, Joseba Arregi.... Horrelako kasuak ez dira oroimen inklusibo batean sartzen. Hor ere badago sailkapen moduko bat. Beraiena ez den errelato oro desagertarazi nahi dituzte.
Entzuna diot EITBko zuzendari berriak esana duela Altsasuko gazteei buruzko dokumentalaren antzekoak ez dituztela jada gehiago emango. Esan dezadan, bidenabar, gertaera haiek fikzio moduan eskaintzea interesgarria irudi zitzaidala. Etetearen arrazoia? Zuzendariaren irudiko, horrelako dokumentalek polarizazioa sortzen dutela. Besteek, ofizialak, ez dute, nonbait, polarizazio hori sortzen. Nire irudiko, bizikidetza landu eta lortu nahi badugu, derrigorrez onatu behar dira errelato guztiak. Eta ahal den neurrian sufrimendu guztiak onartu. Elkar ulertuz, benetako bizikidetza lor dezagun. Eta hori, horrelako dokumental eta filmak
eginez ere lortzen da.
Batik bat, lehen esan bezala, bizikidetza lortzeko, sufrimendu guztiekin enpatizatzeko eta denei memoria, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa eskaintzeko.