Traidoreak

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2021ko api. 29a, 08:38

Hasi berria da Donostian Giza Eskubideen Zinemaldia eta izenburuak dioen bezala, giza eskubideak ardatz duten filmak eskaintzen dituzte. Etorkinei buruzko filmek leku berezia dute eta badute interesik: Sahararrak, Menak edo handi-txikikoak, eta abar. Urtean zehar hemen egindako zenbait film eta laburmetraiek ere badute lekurik.

Badira ziklo honetan bi film oroimen historikoari buruzkoak: "Traidores" eta “Apaiz kartzela”. Lehenengoari helduko diot, hausnarketarako aukera eman didalako. Bigarrengoari buruz behin baino gehiagotan aztertu izan dut gaia.

"Traidores" filma oso osorik gazteleraz egina dago, eta Jon Viar bilbotarra da zuzendaria. Jonen aita, Iñaki Viar Etxebarria, urte luzez kartzelan egondakoa da, 1969 eta 1975 bitartean. 1977ko “Amnistia” delako legearekin libre geratu zen. Anekdota gisa, esan behar dut nik neuk Segoviako kartzelan ezagutu nuela eta garai hartan alderdi eta ideologia askotariko presoak elkartu ginela Segovian. Iñaki Liga Komunista Iraultzailea (LKI) alderdiko militantea zen.Zuzendariak berak esan zuenez, bere aitaren ibilbidea medio, familian horrelako giro eta garai berezi batean jaio eta hezi zen. Formakuntza ikusentzunen lanketara bideratu zuen eta hori dela eta "Traidores" filma egitera ausartu zen. Filmean bizipen pertsonalak, familiartekoak, garai hartako politika giroa azaleratu eta lantzen dira. Semeak familian bizi duen politika giroa berezia da. Iñaki kartzelatik troskista bezala irten zen, eta eta kanpoko giro politikoaren eraginez, gero eta zalantza gehiago sortzen zitzaizkion. Film 80-90 hamarkadatan kokatzen da eta ETAk garai hartan sektore askotariko jendea bortizki erasotzen zuen. Jon Viar zuzendaria, aitaren zalantza horien eraginez, gero eta urrunago sentitzen da garai batean defendatutako tesiengandik. Filmean agertzen denez, Miguel Angel Blanco ermuarra ETAk baitu eta hil zuenean lehendik zetozen zalantzez gain kontrako bideari ekiten dio.

Bide berri honetan, harremanak ez ezik, bizitza egituratzen duen oro aldatzen da. Garai hartan sortzen diren mugimendu, mobilizazio eta manifestazioetan parte hartzen hasten da. Ordukoak dira ”Basta Ya” eta gisako mobilizazioak. Filma oso ongi dokumentatu dago eta ikusgarriak eta zirraragarriak dira garai hartako irudiak. Denok dugu gogoan garai hartako giro nahasi eta ikaragarri hura. Elkarrizketen atalean, garai hartan nazionalismoaren eta ezker abertzalearen kontrako intelektualak agertzen dira. Hala nola: Mikel Azurmendi, Jon Juaristi, Teo Uriarte eta Inaki aita bera. Horietako zenbait ETAren dianaren barruan; beste asko traidore gisa izendatuak. Hortik datorkio filmari izenburua. Jon semeak ondo ezagutzen ditu aitari egiten dizkioten irainak eta mespretxuak eta bizipen horien ondorioa da filmari jarri nahi izan dion izenburua. Hau litzateke laburbilduta filmaren laburpena edo gai nagusia. Guzti honen ondorioz, Jon Viar zuzendariak nire gustuko ez diren ondorio batzuk sartzen ditu. Hala nola, errukirik gabe jotzen du nazionalismoaren aurka, une gogorrenetan beste aldera begiratu zuelako. Zenbaitetan barregarri uzten ditu, baina nazionalismoa ideologia bat da eta ez dago zergatik barregarritzat hartu behar. Edo ez al dago Espainiar nazionalismorik? Zenbaitetan sentsazioa nuen euskara bera ere –filmean ez da hitz bat ere euskaraz agertzen– arloteen hizkuntz gisa ez ote duen hartzen. Zalantzak ditut.

Zinema aretotik zapore gazi-gezarekin irten nintzen. Nik ez nioke inori, are gutxiago nirekin kartzelan egon den edozeini, traidore deituko. Baina esan behar dut herri honen historian traidore hitza arma gisa erabili izan dela, eta traidore adieraztetik jipoitzera ere pasa izan garela. Ni ere traidore deitu izan naute, Hernaniko San Juan jaietan. Eta nire kide batzuk jipoitu zituzten.

Bestalde, betikoa: besteen sufrimendua ez da inondik ere agertzen, eta sufrimenduak ez du ideologiarik. Sufrimendua, sufrimendua da, eta oraindik onartu gabeko sufrimendu asko dago. Oraindik kasu asko daude argitzeke eta inork ez du erreparaziorik eskatu. Torturak ere hor daude. Sufrimendua nonahi. Eta bukatzeko: niretzat filma duen norabidea ez da bizikidetzarako bidea. Elkar errespetua beharrezkoa da eta bizikidetzaren baliotariko bat elkar errespetatzea da.

Filmean agertzen den aitaren eta presokidearen garapena errespetatzen dut, baina beraiek ere besteena errespetatu behar dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!