Zuzen-zuzenean ETAren biktimak ditu erdigunean eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen legean jasotzen direnak ez dira Memorialean aipatzen. Gogoan dut Florencio Dominguez, Memorialeko Biktimen Presidenteak eta Aintzane Ezenarro, Gogora koak hitzaldi bat eman zutela Koldo Mitxelena Liburutegian. Galdetu ere, galdetu nien ea nolatan bururatu zitzaien Gogora Oroimenezko Erakundea Euskadin izanda, beste bat Gasteizen sortzea. Egia esan, Dominguez, handik eta hemendik saiatu zen erantzun garbi bat ematen baina, ezer garbirik ez. Aintzanek, berriz, ez zekien nolako aurpegia jarri; formalismo hutsaren garaian bizi gara.
1960tik 2021era indarkeria mota ezberdinek eragindako biktimen omenezko museoa da Gasteizkoa. Terrorismoak eragindako biktimei aitortza egitea da museoaren helburua, baina beste ezeren gainetik, ETAk eragindako biktimen memoria gordetzeko gunea izango da. Lehen argazki hau, beraz, Erregea, Espainiako Presidentea, Urkullu eta hainbat eta hainbat erakundeetako buru eta partaideak: denak dotore, bakoitza bere lekuan momiak bailiran, eta erdian Erregearen diskurtsoa non beste bitxikerien artean esaten zuen oroimenak pertsona duindu egiten duela. Hor agertzen direnak izango dira besteok ez garelako hor agertzen. Guk ez al dugu oroimena merezi eta, ondorioz, duintasuna? Historiaren ironiak. Memorial horretan torturatzaileak daude, torturatuak ez. Nik neuk ere maketa bat diseinatuko nuke Donostiako Gobernu Zibilean pasa nituen hiru egun gogor haien gune, gela eta ibilbideekin. Baina, baztertu gaituzte, memoria kendu nahi izan digute, ez dugu duintasunik. Horregatik diot historiaren ironiak.
Halere, zeru ilunean beti agertzen da izar dirdiratsuren bat eta Gasteizko argazki hotz, sentimendurik gabekoaren ondoan memoria osoa aldarrikatzen dutenen pankarta bat agertu zen: “Memoria osoa, bizikidetzaren alde”. Hor zeuden Euskal Herriko talde memorialistak memoria osoa eskatzen eta memoria oso horren ondorioz bizikidetza ere eskatzen. Argazki inklusiboagoa, ez baztertzailea, eta memoriari lotua, memoria gabe ez baitago benetako bizikidetzarik, eta bizikidetzak ez badu memoriarik bizikidetzatik ezer ez luke. Bi argazki, bata bestearengandik erabat ezberdinak. Lehen argazkian egon zirenetako askok agertu beharko dute nolatan edo zertan oinarritzen duten beren presentzia Jaurlaritzaren irizpideak ere betetzen ez dituen Memorial horretan.
Memoria osoa eskatzen zuten bigarren argazkikoek. Halaxe da, baina hori aurretik esanaz eta frankismo garaikook ere hor egon behar genukeela aitortuz, Gasteizen Martxoaren 3an izandako sarraskian hildakoak ekarri nahi ditut. Urte hauetan lan bikaina egin dute egun haietako oroimena gaurkotzeko; eguneroko lan isilean han-hemenka hedatu dute egun haietako oroimena. Argentinaraino joan ziren, eta ni lekuko, eta han jarri zuten kereila Servini epailearen aurrean. Gasteizen ere hamaika saiotan bildu dira hiriburuko agintariekin oroimen hori gal ez dadin. Baztertu dituzte baina Gasteizko herriak, seguruenik, gogoan ditu egun haietako krudelkeriak, eta hori da garrantzitsuena. Ulertezina da nola onartu duten agintariek horrelako txantajea. Asko aipatzen dira marra gorriak, bada hor marra gorrietatik haratago joan dira, marra gorri oro gainditu dituzte.
Euskal Herriko zenbait Herritan oraingoz gerra denborako ikerketa burutzen ari dira. Urnietak ere egin du 1936-45 bitartekoa. Interesgarria, dudarik gabe. Baina uste dut oraindik bidea luzea dela Giza Eskubideen urraketa guztiak aztertu, eta Justizia eta Erreparazioa lortzeko. Bide hori beharrezkotzat dut benetako bizikidetza lor dadin.
Honen harira, eta memoria osoa lortu asmoz, Madrilen aurkeztu zuten Pili Zabala eta Maixabel Lasaren alaba, Maria Jauregik, zeharkako ekimen bat, zeinetan beste jende asko ere sartzen den, eta non eskatzen duten bere anaiaren kasua eta beste zenbait argitu eta Justizia, Errekonozimendua eta Erreparazioa eman daitezen. Zeru beltzean izartxoak dira dir-dir egiten. Memoria osoa eta bizikidetza lortzen lagunduko dutenak.