Maixabel

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2021ko urr. 8a, 09:00

Jakingo duzue "Maixabel" filma Donostiako Zinemaldiko Sekzio Ofizialean eskaini dutela; zenbaitek dagoeneko Basteron edo beste aretoren batean ikusi duzue. Badirudi filmak harrera ona izan duela, Zinemaldian eta zinema aretoan. Nik ere ikusi nahi nuen, eta tartea aprobetxatu nahi dut ikusi ondorengo sentipen, emozio, iritzi, eta nolaz ez, negar malkoen berri emateko.

Historia erreala ezaguna da. Maixabel Lasaren senarra, Juan Mari Jauregi, Gipuzkoako Gobernadore Zibil ohia eta PSE-EEko militantea zen. Tiroz hil zuen ETAk, Tolosako Beotibar frontoiko kafetegian. Hor hasten da Maixabelen gurutz bidea. Egun batetik bestera biktima bihurtzen da, bere barnean zauri sakona irekitzen da. Sumendia bailitzan sentimendu nahasiak, hala nola, haserrea, tristura, amorrua, mendekua…, sortzen dira.

Hiltzailea, berriz, biktimarioa bilakatzen da eta bere bizitzan, nahitaez, inflexio puntua.

Bien egunerokoa paraleloki garatzen joango da, nork, ahal duen moduan, bere egoera kudeatuz. Maixabelek, esaterako, alaba badu eta harentzat laguntza ezin hobea bihurtzen da. Denborarekin Maixabel Lasa pertsonaia publikoa bilakatzen da eta biktimen mundu horretan sartzen da. Jakina, biktima guztiek –elkarte asko baitira biktimen artean– ez dute begi onez ikusten.

Maixabel Lasa beti ikusi izan dut biktima berezi gisa, esan nahi baita, beti agertu dela presoen birgizarteratzearen alde, aitortu duela badirela gure gizartean beste sufrimendu asko; badirela gure gizartean, beste zenbait eragilek burututako hilak, eta denek merezi dutela aitortza, errekonozimendua eta erreparazioa. Gure herri honetan kontaketa asko daude, memoria asko ere bai, noski. Pentsaera horrek kritika ugari ekarri dizkio beste zenbait biktimen elkarteetatik.

Bere senarra hil zuen ETAko presoak ere bere bidea eginez joan zen; bere kontraesan, kezka, zalantzak ahal zuen moduan kudeatuz. Niretzat, filman agertzen den prozesu hori emozioz, sentimenduz josita dago. Negar malko ugari sentitzen da eta, niri behintzat, prozesu horrek denak negar malko ugari sortu zizkidan. Sakona bezain zaila da prozesua, konplexua, gorabeheraz beteta, inondik ere ez lineala; elkarrekiko begirada, komunikazio ez berbala, etab.

Denbora aurrera doan bitartean, zenbait preso, Juan Mari hil zuen ETAko militantea barne, erakundea utzi eta Langraitzeko espetxera ekartzen dituztela. Hor sortzen da biktima eta biktimarioak aurrez aurre egin duten kaltea aitortu eta erreparatzeko aukera. Bitartekariak ere agertzen dira eta, erraza dirudien arren, ez da batere erraza. Biktimaren zauriak sakonak dira, eta denbora behar da.

Maixabelen kasuan, aukera hau sortzen denean, presio ugari sentitzen du bere inguruko jendearen aldetik. Nola hitz egingo duzu zure senarraren hiltzailearekin? Antzeko esamesak entzun behar ditu. Esan bezala, ez baita batere erraza.

Maixabelek ondo ezagutzen zuen bere senarra. Juan Mari gizon irekia eta elkarrizketarako prestua zen. Badaki bere senarrak egingo zuela eta aurrera egiten du presio guztien gainetik. Presoak ere baditu bere zailtasunak baina aurrera egiten du.

Eta, hor non aurkitzen diren biak aurrez aurre, elkarri begira. Hor hasten da prozesua. Kostako zaie errenditzea, baina ezin gara barruko gorrotoarekin bizi, burusuntsitzailea baita. Bizitzan ere gertatzen da: familietan, bikotekideen artean, etab. Prozesu hori oso ongi islatzen da, eta azkenean, Maixabel eta presoaren artean barnea hustu eta garbitu ondoren, halako harreman estu bat sortzen da. Maixabelen lagunak haren senarraren monolitoan omenaldi bat egiteko biltzen direnean, auto batean eta elkarren ondoan, presoa eta Maixabel bertara iristen dira. Jendea urduri dago, baina halere biak tinko agertzen dira. Presoak lore sorta jartzen du monolitoaren aurrean, denen harridurarako. Xalbadorren heriotzean abesten hasten dira, eta hori niretzat amaiera apoteosikoa da.

Izango ahal du jarraipenik, hau baita bizikidetzarako bidea. Filmak badu mamia!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!