Testuinguru honetan, EH Bilduk eta Sortuk Aieten eginiko adierazpenak ere erreakzio anitz sortu ditu. Zenbaitentzat adierazpen eskasa izan da, 'condena' hitza ez dutelako erabili. Beste batzurentzat, ordea, aurrerapauso bat izan da eta gaitzespen hitza etorriko deneko itxaropena azaldu dute. Semantika kontuetan nahastu gintezke, baina niretzat aurrerapauso handia izan da. Herri honen bizikidetzarako baliagarritzat joko nuke.
Dena den, zarata honen inguruan egin diren adierazpen eta eskakizun gehienak, guztiak ez esatearren, norabide bakarretik joan dira. Esan nahi baita biktima batzuren sufrimendua azpimarratu dela. Beste behin ere zenbait biktimen sufrimendua ahaztua eta ukatua izan da. Hau ez da zerbait berria, aspalditik gabiltzalako lehen eta bigarren mailako sufrimenduak daudela esanez; sufrimendua sailkatu egiten dugula, eta esan ere, esan dugu askotan, sufrimenduak ez duela ideologiarik; sufrimendua sufrimendua dela edonork pairatuta ere.
Honen harira, eta nire irudiko, bide bakar hori landu duten artean daude erakunde publikoak, Eusko Jaurlaritza barne. Esaterako, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Giza Politikak arloko sailburuak elkarrizketa batean ez zuen aipatu ere egin ETArengandik aparte eman diren indarkeriak, eta horiek sortu duten sufrimendua. Bere adierazpenak norabide bakarretik joan dira, ETAk eragindako sufrimendutik aparte beste sufrimendurik ez balego bezala. Eskakizuna ere bide berdinetik joan da. Elkarrizketa guztian EH Bilduri behin eta berriz gaitzetsi dezala eskatzen dio. Baina ez du deus ere esaten edo ez die ezertxo ere eskatzen beste zenbait indarkeria erabili zuten indarrei.
Izenburuan diodan bezala, gure artean ukatu eta ahaztuarazi den sufrimendu asko dago. ETAk eragindako sufrimendua gaitzetsi ondoren, nola ez, beste zenbait sufrimendu ere aipatu edo azaleratu nahi nituzke. Hala nola Egiari Zor memoria taldeak urriaren 27an emandako prentsaurrekoan adierazi zuena. Hizlariak Pilar Garaialde (Estatu Terrorismoak hildako Pablo Garaialderen alaba) eta Urtza Alkorta (Ertzaintzak torturatua) izan ziren. Azken egun hauek gogorrak izan dira, alderdi emozionaletik kudeatzeko zailak. Gure herriko erakunde eta alderdi politiko batzuk aldarrikatzen duten ikuspegi etikotik, ulertezina. Egun hauek, besteak beste, sektore politiko eta instituzional baten faltsukeria agerian uzteko balio izan digute. Ondoren faltsukeria horren ondorioak aipatzen dituzte, hala nola, Felipe Gonzalezen Gobernuko Barne Ministerioa izan zela Herri Batasunaren jarraitzaileen aurkako bonba gutunak bidaltzearen arduraduna, eta besteak beste, Jose Antonio Cardosaren heriotza eragin zutenak. Rafael Verak indultua jaso zuen Aznarren gobernuarekin. Jarrait genezake. Espainiako Barne Ministerioak domina eman dio 1944an Giza Eskubideak bortxatzeagatik kondenatutako polizia bati. Ramon Jauregi ere hizpide da, beste behin saiatu baita alderdia GALen inguruko erantzukizun politikotik salbuesten.
Bide honetatik joan dira Pili Zabalak eginiko adierazpen batzuk ere. Elkarrizketa batean dio ETA desagertu zenetik hamargarren urteurrena tristuraz bizi izan duela. Arnaldo Otegiren Aieteko adierazpenei buruz zera dio: “Aurrerapauso bat da, norabide zuzenean. Eta etorriko dira gehiago”. GALen biktimei buruz galdera: “PSOEk ere gaitzetsi beharko luke eta injustua izan zela esan?”. Zabalaren erantzuna: “Bai, PSOEk ere esan beharko luke. Eta baita bere gobernuarekin Estatu Terrorismoa izan zela ere, hitz horiekin”.
Hauxe egunotako albisteekin osatutako argazkia. Ez da, noski, nire gustukoa eta ez da bizikidetza lortzeko bidea. Sufrimendua sufrimendua da, ez du sailkapenik. Denak aitortu beharko dira, sufrimendu eta kontaketa guztiak, eta justizia eta erreparazioa ere biktima guztiei eman beharko zaie. Ikusiko dugu datozen Memoriaren Lege berriek gaia konpontzeko oinarria jartzen duten. Erne egongo gara.