Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetakoa da ariguneena, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuena. Izan ere, lehen edizioan hiztunen arteko harremanetan oinarritutako ariketa sozialari talde babestuetan egiten den ariketa gehitu zaio aurten. Aiurri, 28 Kanala eta Tolosaldeko Atariarekin elkarlanean, Euskaraldian parte hartuko duten eskualdeko 24 herrien babesarekin eta Galtzaundi Euskara Taldeak sustatuta, asteaz aste Tolosaldeko zenbait entitateren esperientziak bilduko dituzten bideoak argitaratuko dira orain.
Tolosaldean entitate desberdinek eman dute izena Euskaraldian: ikastetxe, enpresa, saltoki, kultur eta kirol elkarte, taberna zein jatetxe, banketxe eta udalek, besteak beste. Guztira 1.100 arigune baino gehiago sortu dituzte Tolosaldeko entitateek eta horietan bilduta 4.200 pertsonak hartuko dute parte Euskaraldian; Ahobizi; edo; Belarriprest roletan.