Arigunea ariketa arintzeko

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea 2020ko aza. 7a, 12:00

Norbanakoak dira Euskaraldiak proposatzen digun ariketa sozialaren oinarria; aurreko edizioan bezala ahobizi eta belarriprest roletan. Norbanakoek, ordea, beste pertsonekin partekatzen dituzten zenbait gunetan euskaraz «lasai» jarduteko aukera dutela bermatuko die aurtengo edizioak parte-hartzaileei. Barne eta kanpo ariguneak dira. 

Urrats bat aurrera egingo du aurten Euskaraldiak. Ariketa soziala oraindik ere gehiago fintzeko, ariguneak sortuko dira azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Euskaraz lasai hitz egiteko modua jartzen duten lekuak dira ariguneak, bermatzen dutenak partaide guztiek ulertu behintzat egiten dutela euskara, eta, beraz, arazorik ez dela sortuko euskaraz egiteagatik.

Euskaraldian, ahobizi eta belarriprest izango direnek hartutako konpromisoa betetzen laguntzeko tresna izango dira ariguneak Imanol Artola, Galtzaundiko dinamizatzaileak argitu duenez: «Aurreko Euskaraldiak ariketa egiteko une batzuk zehazten zituen, baina oraingo honek zehaztapen gehiago dakartza. Bi norbanakoen arteko elkarrekintzetarako zegoen gehienbat pentsatuta ariketa 2018an, baina okasio gutxitan egoten gara soilik pertsona batekin elkarrekintzan. Normalean, talde zabalagoetan aritzen gara solasean, eta euskaraz aritzeko gune edo espazio horiek identifikatzeko ahalegina da arigunea».

Dagoeneko egituratuta dauden talde homogeneoetan jarriko da arreta ariguneak izendatzerakoan. Beti kide berdinek partekatzen dituzten guneak izango dira, iraunkorrak. Adibideak eman ditu Artolak: «Arigune izenda daiteke enpresa bateko sekzio bat, ikastaro bat, kirol elkarte baten entrenamendu bat edota hamabostean behin txaranga batek egiten duen entsegua. Ez ditugu talde informalak kontuan hartuko, familia edo lagunarteetan kideak aldiro alda daitezkeelako, eta baita hizkuntza baldintzak ere». Gune hauek sortzeko oinarrizko baldintzen berri ere eman dute Euskaraldiko bultzatzaileek: espazio horretan biltzen diren guztiek euskara ulertzea eta adostasun zabal bat egotea, talde horretan euskaraz egin nahi duenari euskaraz egiten uzteko.

Euskaraldiaren antolakuntzatik arigunea osatzeko asmoa dutenei baldintza bat ere gehitu diete, «gune horretan biltzen direnen %80ak hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartzea, alegia, hamarretik zortzik, ahobizi edo belarriprest modura aurtengo Euskaraldian parte hartuko dutela adieraztea». Euskaraldian burutuko den ariketa, norbanakoek egin beharko dutela gogorarazi dute antolatzaileek. «Entitate bakoitzaren barruan sortuko dira ariguneak, bat baino gehiago seguruena, baina sortzen ez badira ere, horrek ez du esan nahi gure konpromisoari eutsi behar ez diogunik».

Barne eta kanpo ariguneak
Entitate bakoitzaren barruan arigune bat baino gehiago sor daitezke eta norbanako batek arigune batean baino gehiagotan parte har dezake. Hala ere, Artolaren esanetan, helburua ez da ahalik eta arigune gehien sortzea: «Ariketa errazteko tresna bat da, ahobizi eta belarriprestek jakin dezaten gune horretan euskaraz lasai aritu daitezkeela. Arigunea espazio horiek identifikatzeko erreminta da, baina aldi berean, egiteko falta zaigun bidearen erakusle izan daiteke, kontura gaitezen zenbat gune dauden oraindik gure erakundeetan, zeintzuetan ezin gaitezkeen euskaraz lasai aritu».

2018ko Euskaraldian entitateak sustatzaile izan ziren eta enpresa handien kasuan txapak banatzeko ardura ere hartu zuten. Artolak Euskaraldiaren osteko eztabaida taldeetan jasotako hiru testigantzetan jarri du arreta, eta pertsona horiek euren lantokietan hizkuntza ohiturak aldatzeko orduan, enpresaren aldekotasuna erabakigarria izan zela nabarmendu zutela aipatu du. «Kualitatiboki» esangura berezia duten testigantzak dira Galtzaundiko dinamizatzailearen ustetan, aldeko giro sozial batek «nabarmen» eragin baitezake ohitura aldaketan.

Barne ariguneekin batera, ahobiziak eta belarriprestak kide ez diren entitateetara gerturatzerakoan euskaraz aritzeko gune «seguruak» ere bereiziko dira aurten: kanpo ariguneak. «Izan daitezke saltokiak, komertzio edo ostalaritza establezimenduak, enpresak edota administrazio publikoa. Espazio batek, kanpo arigunearen identifikagarria izan dezan, entitate horrek bermatu beharko du, uneoro, gutxienez belarriprest bat egongo dela bertan, Euskaraldian parte hartzen ari denarekin aritzeko». Kasu honetan ere, entitateak erabakiko du kanpo harremanetarako dituen gune guztiak edo bakar batzuk izendatuko dituen arigune gisa. Adibidearekin dator berriro Artola: «Saltoki handi batek erabaki dezake, adibidez, ordaintzeko sei kutxatatik bitan jartzea arigunearen identifikagarria. Bezeroak jakingo du bi kutxa horietan, gutxienez, belarriprest bat izango duela harremanetarako, eta ondorioz, euskaraz lasai aritu ahal izango dela bertan».

Arrakasta
Aurtengo Euskaraldian izena emateko nahikoa izan da barne edo kanpo arigune bakar bat identifikatzea erakunde barruan. Tolosaldean arigunerik gabeko entitaterik apenas egongo dela esan du Artolak, eta, noski, Galtzaundi euskara elkarteko kideak pozik daude jasotako erantzunarekin: «Duela bi urteko Euskaraldian 8.000 lagunek parte hartu zuten Tolosaldean, eta kopuru horren laurdenak dagoeneko aurtengoan parte hartzeko konpromisoa hartu du entitate barruko ariguneak identifikatzerakoan». Ez da kopuru makala COVID-19aren testuinguruan. Artolak aitortu du aurtengoa ez dela Euskaraldirik «errazena eta erosoena» izango, baina emandako urrats bakoitzari balioa eman behar zaiola nabarmendu du. «Eskualdeko pertsona baten hizkuntza ohiturak aldatzea lortzen badugu, ez dugu irakurketa ezkorra egin behar bakar batengan eragin dugula esanez; pertsona hori zakura batu zaigun beste bat da, bat gehiago». 

Euskaraz egiten dugu, eta horrela egiten jarraitu nahi dugula adierazteko balioko du aurtengo Euskaraldiak Tolosaldean

Tolosaldea eskualde euskalduna da eta euskaraz lasai aritzeko gune asko dauzka, baina dinamizatzaileak dioenez, «justu horregatik ez dugu erlaxatu behar». «Garrantzitsua da hemen ere arigune horiek izendatzea, identifikatzea, modu horretara, besteak beste, Euskal Herriko beste gune ez hain euskaldunei gure babesa adierazten ari garelako. Arnasguneetan ere badute euskarari eusteko ardura. Askotan leku horietan naturalki egiten da euskaraz, berez horrela delako, kontzientzia handirik gabe. Garrantzizkoa da eremu horiek blindatzea eta naturalki egiten duguna kontzienteki egiten hastea. Hemen euskaraz egiten dugu, eta horrela egiten jarraitu nahi dugula adierazteko balioko du aurtengo Euskaraldiak Tolosaldean».

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!