Euskaraldiaren bideoklipan parte hartu nahi?

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea 2022ko eka. 16a, 13:08

Datorren astelehenean, ekainaren 20an, EUSKARALDIAren bideoklipa grabatuko da TOLOSAn, 15:00-18:00 bitartean; eta Tolosaldeko euskaltzaleen laguntza behar dugu horretarako. 16 urtetik gorako 40 euskaltzale behar ditugu figurante izateko.

Bideoklipean bizikletek ere protagonismoa izango dutenez, ahal duten guztiei bizikletekin azaltzeko deia egiten diegu. Hala ere, bizikletarik ez dutenak ere ongi etorriak izango dira, noski.

Ordutegiari eta lekuei dagokienez, arratsaldearen lehen zatian, 15:00etatik 17:00etara alde zaharreko Correo kalean zehar egingo da grabaketa; eta 17:00etatik aurrera Euskal Pizkundea plazan. Jende gehien azken zati horretan behar da; beraz, arratsalde guztirako behar da jendea, baina 15:00etarako azaldu ezin dena beranduago ere azaldu daiteke.

Azaldu behar duzuenok 688 437 417 zenbakira jakinarazi behar dute, eta zalantzaren bat duenak ere telefono horretara deitu edo idatzi dezake.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!