Esaterako, ezbaian jartzen du udalek dokumentuetan euskara lehenesteko aukera, zerbitzuak euskaraz nola eskaini planifikatzea eta telefono edo bozgorailuen bidezko informazioa euskaraz lehentasunez eskaintzea, besteak beste.
Sententzia hau euskararen normalizazioaren aurkako erasoa da eta epaitegietatik azken aldian jasotako antzeko erabakien norabidean doa. Uztailean, Tolosaldeko 27 alkatek eta euskalgintzako eragileek salatu genuen epaitegietatik euskararen aurkako beste epai bat. Azken sententzia hau herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa da eta helburu argia du: euskararen erabilera oztopatu eta gaztelania inposatzea. Tolosaldean euskara naturaltasun osoz transmititzen da eta herritarrak euskaraz bizi gara nagusiki; udalen jarduna naturaltasun horren jarraipena besterik ez da. Udal Legearen artikulu hauek baliogabetzea, gure hizkuntza normaltasunez erabiltzearen eta sustatzearen aurkako erabakia da.
Eraso honen aurrean, Galtzaundi Euskara Taldetik dei egiten diegu Tolosaldeko herritarrei urriaren 21ean, 12:00etan, Tolosako Plaza Zaharrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Euskararen aurkako erasoak gelditzeko, gure hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko eta guztiok euskararen erabilera indartzeko garaia da.