— Frantsesak ala espainolak zarete?
Gogoan dut ezeroso bezain surrealista egin zitzaidala egoera, eta nire motzean segundo luzeak behar izan nituela bi fededunen galdera harrigarriari taxua hartzeko –nork eskatzen du nazionalitate ofizialaren berri kalean, aduanetako funtzionarioek edo poliziek ez bestek?–, eta nolabait konturatzeko, “jainkoaren hitza hedatzeko” hizkuntza bat hautatzea zela momentuz axola zitzaiena, ez barne ministerioak emandako paperek zer dioten. Baina halakoxea da Hendaia: gipuzkoarrak, nafarrak eta lapurtarrak batzen dituen toki eder oparoa baino gehiago, bi estatuen arteko mugak, tenkak eta aldeak edonon eta noiznahi nabarmenduko dizkizun gune populatua.
Aurki suhiltzaileak etorriko zaizkigu ate joka. Aurrekoetan bezala, urte amaierari aurrea hartu eta paretako beren egutegia saldu nahiko digute, ez batere merke, instituzioetatik aski diru iristen ez zaien aitzakian. Ez dute Jehovaren Lekukoen irribarre zabalik ekarriko, baina gauzak aldatu ez badira behintzat, abiapuntu beretik ekingo diote azalpenak emateari:
— Frantsesak ala espainolak zarete?
Erantzunak ugari izan litezke. Galderari zuzen eta literalki helduko dion argudiotik hasita, esan diezaieket ez naizela frantses, ezta espainol ere, euskal herritarra naizela. Esan diezaieket, bestela, euskalduna naizenez, euskarak definitzen nauela ni, ez estatuak. Momentuko aldartearen arabera, zuzentzaile semantikoaren plantan ere jar naiteke, eta akatsa non egin duten adierazi: “Nortasun agiria eskatzen ari zarete ala zein hizkuntzatan egingo dugun galdegin nahi duzue?”. Tonu gozoagoa edo enpatikoagoa nahi izanez gero, lagun batek sakelako telefonoko pantailan frantsesez idatzita zeraman mezua errepika diezaieket: “Nire hizkuntzan egin nahi badidazu, egidazu mesedez euskaraz. Eta ez bada posible, plazeraz egingo dut zurean”.
Emango diedan erantzuna edozein dela ere, antzekoa izango da emaitza: komunikazioa etengo da, muturra belztuko didate, eta finean, ondorio berberera iritsiko dira: beren definizio sisteman espainola naizela ebatziko dute, euskalduna izanagatik ere, frantsesez haiek bezain ongi egiten ez dudanez.
Halakoxe tratua jasoko dute haiek ere ordean, pintxo-jana egitera edo dendetan sosak uztera Hegoaldera joango direnean: euskal herritartasuna ukatuko zaie, frantziartu egingo dituzte, gu hemen espainoltzen gaituzten bezala.