Hogei bat minutu egingo genituen harantz eta honantz, jendeen eta salgaien artean ziraldoka, harik eta, gure beharretara egokitu zitekeen zerbait aurkitu genuelakoan, sofa gris ilun bati begira tente gelditu ginen arte. Ipurdia ipintzeko imintzioa egiten hasi orduko heldu zitzaigun areako saltzailea, gizon gazte prestu eta limurtzailea, hipermerkatuaren logotipo gorri-urdina paparrean ondo nabarmenduta zuela. Saltzeko teknikatan ezin hobeto ikasia, geure ahotik atera zitezkeen zalantza, galdera eta kezka guztiei hartu zien aurre, doinu atseginez, frantses ahoskera perfektuz, bere musuko ilunaren pean irribarre ezin gozoagoa iradokiz. “Eser zaitezte, ez izan beldurrik”, esan zigun ezer baino lehen, “eta eragin alboko palankatxoari, oinak gainean jartzeko luzagarria atera dadin. Hauxe bai erosotasuna. Eta hauxe bai pagotxa”, sofari lotuta dinbili-danbala zebilen etiketa seinalatuz.
Sofa gris ilun hark irrika berezirik sortu ez bazigun ere, heldu zen une bat, sofa perfektuaren bila jarraitzeko asmoa behin betiko uxatu ziguna —“erne gero, hauxe baita dendan geratzen den azken alea, eta jende ugari dabil, aukera gal zenezakete…”—.
Eta heldu zen unea;hipermerkatuaren izenean ari zitzaigun, frantsesez horren ongi mintzo zen saltzaileari euskaldunaren taxua hartu geniona.
Ba ote zen galdegin beharrean, bide zuzena hartu eta bizpahiru hitz egin genizkion euskaraz. Hark frantsesez erantzun. Guk, gure intuizioak huts egin zigulakoan, frantsesez jarraitu, trakeski noski, baina jo eta ke, sofaren jabe izatea lortu arte.
Etxeraino ekar zezaten hainbat datu eman, bizpahiru paper bete eta visa txartela ondo astindu eta gero itxi genuen tratua. Eta hori guztia alferrikako istorio ezdeus eta interesik gabea izango zatekeen, handik bagindoazela, kasik atarian, aitortu ziguna aitortu izan ez baligu saltzaileak. Esan zigun, frantses ederrean betiere, ikastolan hezitakoa zela eta ederki asko zekiela euskaraz, baina tamalez ez zeukala inorekin hitz egiterik, ez bederen hipermerkatu barruan eta are gutxiago lanean ari zen bitartean, bertako nagusiak espresuki debekatu zielako langileei, frantsesa ez den hizkuntzan mintzatzea.
Horra zer den But. Frantses chauvinismo fermua. Euskaldunari gola.