Interesgarria diot, bakoitzak bere burua definitzeko ahaleginean, berau parte deneko multzoari edo kolektiboari egiten baitio
erreferentzia, lehen pertsona singularrean ariko bada ere. Alegia, bere burua aurkezten duena Ni-ka ari da, baina bere Gu-a zein den ari da adierazten. Zer esanik ez, bere burbuila erosotik kanpo ari denean.
Imajina ezazu 15 urteko gazte altsasuarra, bere ordura arteko eskola ibilbidea gehienbat euskaraz egin duena eta ikasleen arteko truke moduko programa baten barruan, Baionako Bernat Etxepare lizeora –Seaskak 14 urtetik gorakoentzat Ipar Euskal Herri osorako duen zentro bakarrera, alegia– heldu dena, pare bat ikasturterako-edo. Imajina ezazu ikasle horren gurasoek egin duten hautua eta hautu horrek ekonomikoki nahiz sentimentalki eskatuko dien ahalegina. Saia zaitez halaber, zure burua deskribatu berri dugun egoera horretan imajinatzen. Zer esango zenuke, nondik abiatuko zinateke, zein ezaugarri nabarmenduko zenituzke, irakasleak, ikaskideenganako sarbidea eta enpatia erraztearren, aurkezpen inprobisatu bat egin dezazun eskatuko balizu?
Pentsa liteke ekonomia dela egoerari nola heldu agintzen duena. Ezezagunen aurrean hitza hartzeak urduritu eta zaurgarri egiten gaituelako, zuk, nik bezala, hitz gutxitan nahiko zenukeela trantzea pasatu; bizpahiru erreferentzia bilatuko zenituzkeela (sorterria, senide kopurua...), albait egokienak betiere, zure berri emateko, zure nortasuna laburbiltzeko.
Pentsa liteke, hortaz, 15 urteko ikasle altsasuar Baionaratuak hain zuzen hori bera egin nahi izan zuela, gela osoaren aurrean zutiturik, nik neronek sekula santan aukeratuko ez nukeen adjektiboa erabili zuenean, ozen eta denentzat, bere izen-abizenen osagarri: “Halako naiz eta espainiarra naiz”. Belaunaldi kontua da, dudarik ez dena, baina gero eta normalagoa zaigu estatutik ezartzen zaigun nazionalitatea. Gero eta gehiago, agiri ofizialek definitzen gaituzte, instituzionalizatuta dagoenak, azalpenik eman behar izan gabe eta nekerik hartu gabe azaltzen ahal denak. Bistan da, altsasuarraren Gu-a ez da Euskal Herria. Euskal Herririk ez dagoelako, eta gutxiago goi-nafarrarentzat. Euskal Herriari, hain zuzen, Euskal Herria maingutzen, elbarritzen, mutilatzen duten “euskal” instituzioek hartu diotelako gaina, izenez eta asmoz. Nagusiki, Euskal Autonomi Erkidegoak, trakeski Euskadi deituak.
Ez zuen beste hark “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza” alferrik formulatu. Ikastoletan euskara bermatzeko saioa eginda ere, bihotzak nekez punpatuko du, elbarritu dugun gorputz hori osatzeko planik ez badago.